Giza trafikoa egotzi dio Espainiak giza eskubideen aldeko ekintzaile bati

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 26a, 11:57

Argazkia: Elkartasuna kriminalizatzen ari dela-eta, kexa aurkeztu dute hainbat eragilek.

CaMinando Fronteras eragileko kide Helena Malenori legez kanpoko inmigrazio delituak leporatu dizkiote; migranteak ito ez zitezen salbamendu deiak egitea da Espainiak "delitutzat" hartu duena.

Paterak Mediterraneo itsasoan hondaratu behar zirenean edota pertsonaren bat itotzeko arriskuan zenean, Itsas Sorospenera dei egiten zuelakoan, giza trafikoa eta legez kanpoko inmigrazioarekin loturiko delituak leporatu dizkio Espainiak CaMinando Fronteras eragileko kide Helena Malenori. Horregatik, Elkartasuna ez da delitua lelopean, kexa bat aurkeztu dute gaur Nafarroako hainbat herri eragilek -Harrera Aurrera, Iruñea Harrera Hiria, Munduko Medikuak, SOS Arrazakeria, Paperak Denontzat, Help-na, Melillako Karabana eta Nafarroako Brigada taldeek-, Espainiko Gobernu Delegaritzaren aurrean, "elkartasuna kriminalizatzen" ari delakoan daude, "Giza Eskubideen defendatzailea" baita Maleno. 

"Bizitzak salbatzea delitua da Espainiaren eta Europar Batasunaren gobernuen ustez. Espainiako eta Europar Batasunako gobernuen arabera, beraiek sortutako pertsona migranteen egoera larria arintzen parte hartzea eta laguntzea delitua da", salatu dute prentsa ohar baten bidez. 

Giza Eskubideen defentsan

Azken bi urteetan inmigrazio legeak edo kontrabandoaren kontrako legeen babespena 45 auzibide ireki dituzte giza eskubideen aldeko ekintzaileen aurka, Arrazaren Harremanetarako Institutuko datuen arabera.

Ingurumari honetan, Nafarroako eragileek Europar Batasuneko estatuei eta Marruekosi exijitu diete migratzaileen oinarrizko eskubideak bete ditzaten. Era berean, elkarretaratzera deitu dute, Malenori elkartasuna azaldu eta "kriminalizazioaren" kontra egiteko: bihar izanen da, abenduaren 27an, 19:00etan, Merindade plazan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!