Zerrenda bakarra alboratzea mahai sektorialaren "subirautza ukatzea" dela salatu du gehiengo sindikalak

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 22a, 13:02

LAB, ELA eta Steilas bi azterketa bi egunean egiteak euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen dituelakoan daude eta zerrenda bakarra defendatu dute, azken helburutzat zerrenda integratua badute ere.

Mahai sektorialaren gehiengoari bizkarra eman, eta aurrera egin du Nafarroako Parlamentuak euskaldunak Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoan baztertuko dituen legearekin: bi azterketa egonen dira, bi egunean; euskaldunek bitan probatu beharko dute beren jakintza. Gauzak horrela, zerrenda bakarra alboratzea mahai sektorialaren "subirautza ukatzea" dela salatu dute LABek, ELAk eta Steilasek. 

LAB, ELA eta Steilas, mahai sektorialaren defentsan

LABek eskubide berdintasunaren kontra egiten ari dela adierazi, eta Ezkerraren jarrera kritikatu du; gainera, PSNren legearekin, lan baldintzak "prekarizatuko" direlakoan dago. "Prekarizatuko ditu hainbat lanpostu elebidunen lan baldintak; badira bi ereduetan kontratatuta dauden langileak; eta, hori, orain, ez da egiten ahalko. Honek ekarriko ditu behin-behineko kontratu gehiago", salatu du Nora Salbotx LABeko Hezkuntza arduraduna. Bide juridikoak hartzea aztertzen ari da, halaber, sindikatua: "Ulertzen dugu pertsonen oinarrizko eskubideak urratzen direla eta funtzio publikoko irisgaitasunean bidegabekeria ematen dela, gainontzeko erkidegoekiko".

ELAk ere bide beretik jo du, eta PSNk bi azterketa bi egunean egiteko hautua gaitzetsi. Eta zerrenda bakarra txalotu bai, baina azken xedea zerrenda integratua dela adierazi du: "Zerrenden segregazioa atzerapauso izugarria da. Guk insistitzen dugu: zerrenda bakarra gainditu eta apustua zerrenda integratuaren alde egin behar dugu; benetan langileon lan baldintzak bermatzen dituena zerrenda integratua delako, horrek zerrenda bakarrean integratzen dituelako espezialitateak eta batez ere hizkuntzak", azaldu du Ainhoa Fernandez ELAko Hezkuntzako arduraduna. 

Eta Steilasek ere esan du "hizkuntza eskubideen urraketa" dakarrela parlamentuaren erabakiak, "UPNk ezarritako urraketekin bat" egiten duela; hau da, "diskriminazioa" dela. Amaia Alvarez Steilaseko sindikatuko kidearen aburuz, mahai sektorialean erabakitakoa ez betetzea "oso larria" da: "Horrela jokatu dute adosten den eta gogoko ez duten beste edozein gairekin?". Galdera airean utzi du.

CCOOren aburuz, ez da elkarrizketarik egon

"Nafarroako gobernuak ez du nahi izan beste alderdiekin negoziatu, eta pena da. Euskaldunen eskubideak bermatu egin behar dira oposizioetan, eta aldaketak beharrezkoak dira eskubide horiek bermatzeko", esan du CCOOko Hezkuntzako arduradun Daniel Hernandezek. Dena dela, sindikatuak ez du zerrenda bakarra nahi, eta Nafarroako Gobernuak "proposamen zehatzik" egin ez duelakoan dago: "Proposamen zehatz baten inguruan negoziatu daiteke, baina hau ez da gertatu. Elementu garrantzitsuena  segurtasun juridikoa bermatzea da, eta hau ez du argitu".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!