Etxeberria, narrazioan; Majuelo, poesian; eta Zelaieta, bertso-paperetan, irabazle

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 22a, 11:27

Argazkia: Egile Berrientzako Euskarazko Literatur Lehiaketaren XXVII. edizioko irabazleak.

Guztira 12 sari banatu dituzte Egile Berrientzako Euskarazko Literatur Lehiaketaren XXVII. edizioan: lehenengo sariek 2.500 euro jotzen dute; bigarren sariek, 1.000 euro, eta hirugarrenek, 500 euro. 

Izaskun Etxeberria narrazio laburrean, Irati Majuelo poesian eta Julen Zelaieta bertso-paperetan; horra Udalak antolatzen duen Egile Berrientzako Euskarazko Literatur Lehiaketaren XXVII. edizioko irabazleak. Guztira 12 sari banatu dira gaur goizean Kondestablearen jauregian egindako ekitaldi batean, zeinean parte hartu baitute Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek eta Udalbatzako kideek. Kategoria bakoitzeko hiru sari ezartzen zituen lehiaketak: lehenengo sariek 2.500 euro jotzen dute; bigarren sariek, 1.000 euro, eta hirugarrenek, 500 euro. Horiez gain, 4 aipamen ere ezartzen ziren, bakoitza 250 euroko sariarekin. Eman gabe geratu da bertso-paperen modalitateko hirugarren saria.

Edizio honetan 30 lan aurkeztu dira: poesiako 13, narrazioko 11 eta bertso-paperetako 6. Iaz 26 lan aurkeztu ziren, aurreko deialdietako kopuruen antzekoa: 2015ean 30 lan aurkeztu ziren, eta 2013an, 27 (2014an ez zen deialdirik egin). Iaz Julio Soto izan zen irabazle bertso-paperetan, Iban Garro poesian eta Ander Pérez narrazio laburrean.

Bost sari narrazio laburreko modalitatean

Izaskun Etxeberria Zufiaurreren Eguna eta gaua besarkatzen ez direnean lanak lortu du narrazio laburreko modalitateko lehenengo saria. Itzultzeari buruzko istorio bat da, aspaldi utzitako hiri batera itzultzen den emakume baten ahoan. Epaimahaiaren arabera, Izaskun Etxeberriak oso modu abilean eta dotoreziaz lotu ditu protagonistaren bizitzaren oraina eta iragana: egungo planak eta itxaropenak, iraganeko sekretuak, galerak, bizitako une latzak zein gozoak, bidean ikusi eta ikasitakoa. Hori guztia hizkuntza iradokitzaile baten bidez, batzutan poetikoa ere, hitzak eta isiluneak ederki erabilita.

Saioa Alkaiza Guallarren Gatza falta zaio izan da bigarren, eta Nerea Balda Sanjuanen Hitzordua, hirugarren. Garazi Arrula Ruizen Gramoka eta Julen Azcona Martínen Bi banako ohe lanek aipamen bana lortu dute.

Poesia, lanik gehien izan dituen modalitatea

Poesiako modalitatean aurkeztu dira lan gehien, 13 lanekin. Epaimahaiak aho batez erabaki du Irati Majuelo Itoizek idatzitako Areazko gabiltza lanari lehenengo saria ematea. Aktan jasotakoaren arabera, egindako bilaketa poetikoaren sakontasuna eta zintzotasuna direla medio gailendu da lana aurkeztutako ugarien artean. Poema bildumaren atzean bene-benetako sen poetikoa duen idazlea sumatzen da, xumetasunetik abiatutako estilo zaindua baliatuta hizkuntza dotorea eta iradokitzailea sortzea lortu duena.

Amets Aranguren Arrietak jaso du bigarren saria, gaur goizean, Iparra argi duenak soberan ditu hegoak lanari esker, eta Oihane Zuberoa Garmendíak, hirugarrena, Udazkeneko oturuntza lanarekin. Kategoria honetan bi aipamen berezi banatu dira; Maialen Sobrino Lópezen Hartu emeki poema-bildumarendako bat, eta bestea, Maleta bete mundu lanarendako, zeinarekin Nerea Balda Sanjuanek aurtengo edizioan bigarren aintzatespena lortu baitu.

Bertso-paperak

Bertso-paperetan bi sari eman dira. Lehenengo saria Julen Zelaieta Iriartek eskuratu du, Maite zaitugu Aizpea lanarekin, zeinak, epaimahaiaren hitzetan, egilearen abilezia erakusten baitu gaurkotasun handiko gai bati –haurren transexualitatea– umorez eta aldi berean seriotasunez heltzeko. Azpimarratzekoa da bertsoen kalitatea da, bai eta egileak erakutsitako trebezia hautatutako gaiari hasieratik amaierara arte koherentziaz heltzeko. Horrez gain, atzean dokumentazio lan ikaragarria dagoela ikusten da, eta, aldi berean, egilea gai izan da azpimarratzeko halako gai baten inguruan oraindik ere gizarteak dituen estereotipo eta aurreiritzi korapilatsuak. Eneko Fernández Maritxalarren Sanfermin 1978 lanak jaso du bigarren saria.

Lehiaketara aurkezten ahal ziren idazle nafarrak edo helbidea Nafarroan finkaturik dutenak. Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu zezakeen modalitate bakoitzeko; gai librekoa, euskaraz idatzita eta jatorrizkoa. Haien izenpean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin izan dute parte hartu. Eta lehiaketa honetako aurreko edozein bi ediziotan modalitate jakin batean lehen saria jaso zutenak ezin ziren berriz ere modalitate horretara aurkeztu.

Epaimahaiaren osaketa

Lanak baloratu dituen epaimahaiaren burua Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Beloki izan da. Epaimahaikide aritu dira Itziar Diez de Ultzurrun itzultzailea, Irati Jimenez idazlea eta Jon Abril kultur teknikaria.

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà Euskal Filologian lizentziaduna da EHUn, eta Antropologian, UHUNen. Nafarroako Gobernuko Baliabide Linguistikoen Zerbitzuan (Itzulpen atalean) lan egiten du. Zenbait lan literario itzuli eta Igela argitaletxearekin eman ditu argitara, besteak beste, Philippe Claudelen Linh jaunaren biloba eta Brodecken txostena, Georges Perecen Gauzak eta Virginia Woolfen Dalloway andrea.

Irati Jiménez Uriarte idazle eta kazetaria Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da, eta kazetari aritu da prentsa, telebista eta irratian. Nabarra aldizkariaren zuzendari izan zen, eta komunikazio-aholkularitzan eta Interneterako edukien sorkuntzan espezializatu da. Haren lehenengo eleberriarekin –Bat, bi, Manchester (2006)– eleberri laburrekoAugustin Zubikarai saria eskuratu zuen, eta Nora ez dakizun hori (2009) nobelarekin, Igartza literatur saria. Horrez gain, euskarazko ipuin onenari saria eman zioten, 2008an, Donostia Hiria sarietan.

Jon Abril Olaetxea kulturako koordinatzailea eta kazetaria da, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak proposatu du epaimahaian parte har dezan, eskarmentua baitu antzeko jardunetan. Neskatoak dokumentalaren egilea da, non 1950 eta 1970 artean Iparraldera lanera joan ziren emakumeen bizipenak aurkezten baitira.

Egile Berrientzako Euskarazko XXVII. Literatur Lehiaketa

  • Narrazio laburra:
  • Lehen saria: Eguna eta gaua besarkatzen ez direnean. Izaskun Etxeberria Zufiaurre
  • Bigarren saria: Gatza falta zaio. Saioa Alkaiza Guallar
  • Hirugarren saria: Hitzordua. Nerea Balda Sanjuan
  • Aipamen berezia: Gramoka. Garazi Arrula Ruiz
  • Aipamen berezia: Bi banako ohe. Julen Azcona Martín
  • Poesia
  • Lehen saria: Areazko gabiltza. Irati Majuelo Itoiz
  • Bigarren saria: Iparra argi duenak soberan ditu hegoak. Amets Aranguren Arrieta
  • Hirugarren saria: Udazkeneko oturuntza. Oihane Zuberoa Garmendía Glaría
  • Aipamen berezia: Hartu emeki. Maialen Sobrino López
  • Aipamen berezia: Maleta bete mundu. Nerea Balda Sanjuan
  • Bertso-paperak
  • Lehen saria: Maite zaitugu Aizpea. Julen Zelaieta Iriarte
  • Bigarren saria: Sanfermin 1978. Eneko Fernández Maritxalar

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!