3.886 milioi euro izanen ditu Nafarroak heldu den urtean

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 22a, 08:34

Nafarroako Parlamentuak aurrekontuak onartu zituen atzo.

>Hirugarrenez ere aurrera atera ditu aldaketaren gobernuak aurrekontuak aurrera.
>Zerga erreformari beste ukitu batzuk eman dizkiote, eta neurri berriak onartu dituzte. Datozen bi urteetan 28 milioi euro gehiago biltzea espero dute.

4.000 milioi euroko aurrekontua izanen du Nafarroak 2018an. Gehiena, 3.880 milioi euro Gobernuko departamentuek kudeatuko dute, Parlamentuko gastuetarako izanen da eta baita Nafarroako Kontseilurako ere. Gainerakoa, 275 milioi euro, finantza gastuetarako baliatuko da. Azaroaren 8an onartu zuten tramitera aurrekontu hori. Gero, UPN eta PPren osoko zuzenketak atzera bota zituzten. Eta gaur, aurrekontuak, zenbait zatikako zuzenketak onartuta aterako dira aurrera.

Hilaren 21ean aldaketaren aldeko lau alderdiek zuzenketak aurkeztu dituzte, besteak beste, Emausko Trapuketariei, Iturissa proiektuari eta Pirinioetako bunkerren ibilbiderako aurrekontu ekonomikoak bideratzeko asmoarekin. Gobernua babesten duten lau alderdiek eman diote on ikusia aurrekontu proiektuari eta hala, onartuta geldituko dira. Ez dute bat eginen, ez UPNk ez PSNk ez eta PPNk ere.

Aldeko eta kontrako jarrerak

Erregionalistek hartu dute hitza lehenengo. Javier Esparzak nabarmendu du EH Bilduk gehiegi agintzen duela Gobernuaren baitan eta agerian geratzen dela hori aurrekontuetan. Euskarak gehiego eramaten duela ere esan du. Alderdi sozialista ere oso kritiko. Autoritario eta sektarioki ari dira gobernatzen. Ausartagoak beharko lirateke izan aurrekontuak, eta ezkertiarrak. Ez dute azpiegitura eraginkor eta estrategikoen alde egiten, ez eta kalitatezko hezkuntzaren alde egiten ere. Irizpide arbitrarioak erabili dituzte. Arduragabeak dira. Nafar batzuei bideratutako aurrekontuak dira. PPko Ana Beltran aritu da modu horretan.

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak bat egin dute, euren desberdintasunen gainetik, aldaketak bidea egiten segi dezan.

Hala, Geroa Baiko Koldo Martinezek esan du, aurrera begira jartzen diren aurrekontuak direla. Progresistak. EH Bildu kritiko da hein batean baina uste du, desberdinen arteko aurrekontu egokiak direla. Podemos-Ahal Duguk sozialagoak izan zitezkeela uste duen arren, aurrera egin dela uste du. Zaila da aurretik utzitako zorra handia denean behar sozial guztiak atenditzea, baina, horretan lan egiten ari direla nabarmendu du baita Izquierda-Ezkerrak ere. 

Zerga erreforma ere, aurrera

Lau alderdiek 2016tik indarrean dagoen zerga erreformari beste ukitu batzuk eman dizkiote, eta neurri berriak onartu dituzte. Datozen bi urteetan 28 milioi euro gehiago biltzea espero dute: bederatzi milioi 2018an, eta gainerako hemeretzi milioiak 2019an.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!