Bizi testumentua edozein osasun zentroan egiten ahalko da

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 20a, 08:38

Gizarte Lanean aditutako profesionalei gaiaren inguruko formakuntza eskaini diete, bertaratzen diren herritarrak aholkatu eta dokumentua betetzen lagundu ditzaten. Bizitza era artifizialean ez luzatzea eta heriotza duina izatea ahalbidetuko du.

Aurretiazko borondateen dokumentua -bizi testuamentua izenez ezaguna- osasun etxeetan egiten ahalko da bihartik aurrera, Osasun Departamentuko zuzendari nagusi Luis Gabilondok jakinarazi duenez. Horretarako, formakuntza eskaini diete zentroan lan egiten duten gizarte langileei.

Pertsonek erabakiak hartzeko ezintasuna duten unetarako prestaturiko idazkia da aurretiazko borondateen dokumentua. Hala, herritarrek idatzita utziko dute zein den beren borondatea gaziki egonez gero, eta zein artatze neurri hartzea edo ez hartzea nahi duten, beren sinesmenekin, baloreekin edo erabakiekin bat.

Bizitza artifizialki ez luzatzea -esaterako, dialisiaren, arnasketa mekanikoaren, edota elikatze artifizialaren bitartez-; mina ahalik eta gehien baretzeko medikamentuak jasotzea; eta heriotza duin bat izateko beharrezko tratua ematea barnebiltzen du dokumentuak, besteak beste.

Emakumeek egiten dute gehiago

Dokumentua betetzea doakoa da eta lau eratan egin daiteke: notario baten aurrean sinatuta, Erregistro Nagusira eramanda hiru lekukoekin, Osasun Departamentuaren Herritarren Osasunerako zerbitzura joanda eta, orain, osasun zentroetan.

5.333 lagunek egin dute jada bizi testamentua: 1.915 gizonek eta 3.418 emakumek. Zaintza lana emakumeek hartzen dute bere gain, oro har, eta, hori dela medio, zein tratamentu nahi dituzten gizonek baino gehiagotan hautatzen dute, adituen arabera.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!