Nafarroako tokiko mapa berriak 11 eskualde izanen ditu

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 20a, 08:03

>Honako hauek izango dira eskualdeak: Arga, Bidasoa, Ega, Irati-Aragoi, Larraun-Leitzaran, Pirinioa, Erribera, Erriberagoitia, Sakana, Izarbeibar eta Erdi Aldea. 
>Azken 25 urteetan eztabaidagai izan arren, ez da ukitu eta oraingoan aldaketa nabarmena proposatzen du gobernuak. 

Nafarroako egungo udal mapa konplexua da. Azken datuen arabera, 272 udal eta 347 kontzeju daude Nafarroan. Aukera bat zen udalak bateratzea, baina gobernuak "ez du begi onez ikusi", eta beste bide bat hartu du. Parte-hartze prozesuan ere ideia hori helarazi diete udalek. "Pentsatu dugu betiere tokiko autonomia bermatu behar zela. Udala da proposamen honen ardatz nagusia", arrazoitu du Lasak.

Honako hauek izango dira eskualdeak: Arga, Bidasoa, Ega, Irati-Aragoi, Larraun-Leitzaran, Pirinioa, Erribera, Erriberagoitia, Sakana, Izarbeibar eta Erdi Aldea. Hirutan, era berean, azpieskualdeak sortzeko aukera eman nahi du gobernuak —Argaren kasuan, Iruñerriaren eta ibarraren artean; Irati Aragoiren kasuan, Zangoza eta Pirinioaurrearen artean; eta Egan, Jurramendi eta Lizarra aldeko Erriberaren artean—. Era berean, egitura hori moldatu daiteke. Kasurako, Erribera hartuko duen eskualdea sortzea proposatu diete, ondoren bi azpieskualdetan banatzeko.

Finantzaketa ere aintzat hartuko da

 

Beste finantzaketa eredu bat proposatu dute. Nafarroako diru sarreretatik, Tokiko Ogasunen Funtsak portzentaje bat eskuratuko du. Aurreproiektuak ez du zehazten zenbatekoa, baina gutxienez %10ekoa izango da. Oraindik argitu gabeko eskumenak zehazten direnean, handitu egin daiteke kopuru hori.

Era berean, dirua nola banatuko den zehazten du legeak. Batetik, zati bat Nafarroako Gobernuak diseinatzen dituen plan gidariei lotutako obrak finantzatzeko izango da. Bigarrenik, moduluen araberako diru banaketa egingo da, eta bertan kontuan hartuko dira lurralde arloko diferentziak eta beste ezaugarri batzuk; adibidez, landa eremuko zerbitzuek edo hirikoek pisu desberdina izango dute. Beste finantzaketa ildo batzuk ere zehazten dira, hala nola montepioak, hiriburutza agiria, kargudun publikoen ordainsaria eta erakundeen finantzaketa.

Aldaketak egiteko aukera

Testua publikoki erakutsiko da 20 egunez Gobernu Irekiaren atarian; beraz, urtarrilaren 9ra arte egin ahal izango dira ekarpenak.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren hitzetan, "aurreproiektua ez dago itxita, eta, horrenbestez, hobetu daiteke. Datozen asteetan, Nafarroako udalek, elkarteek eta alderdi politikoek egin nahi dituzten proposamenak jaso eta negoziatu nahi ditugu, lege-proiektua aberasteko. Erronka handia dugu esku artean, eta aurrera atera nahi dugu eraginpean dauden eragile guztien parte-hartzearekin. Nafarroari ikuspegi global eta integral batetik begiratzeko unea da, ikuspegi partikularretatik edo murritzetatik begiratu beharrean. Ea lortzen dugun". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!