Argazkigintza, ukitu zein collage digitalak, espazioen antolaketa profesionala, argiztapen arkitektonikoa, animazio-zinemarako agertokien sorkuntza, kutxa erregistratzailea mugikorrean ikusteko aplikazio bat, mundu osoko sormen alorreko profesionalekin harremanetan jartzeko plataforma bat, eta Donejakue bideari buruzko istorioak online partekatzeko beste plataforma bat. Horra sormen sektoreko eta sektore digitaleko ideietako batzuk, Iruña, ekintzaile programaren barruan sortuak. Orotara 15 ekimen dira, eta haien artean bestelako proposamen batzuk ere badaude, hala nola elementu naturalekin –harria, egurra eta kristala– egindako oroigarri pertsonalizatuak; mugikortasun eta helmuga konponbideak partikular zein enpresentzat; bitartekaritza-zerbitzuak ikus-entzunezko ekoizpenei lotuta; diseinu grafikoa; 3D bisualizazioa eta postprodukzioa; turismo-zerbitzu eta -produktu esklusiboak, merkatu alemanera zuzenduak; eta diziplina askotariko ikus-entzunezko ekoizpenak.
Udalak eta Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak (CEIN) antolatutako Iruña, ekintzaile. Sormen-industriak eta industria digitalak programaren 15 ekimen berriak gaur eguerdian aurkeztu dira, Kondestablearen jauregiko ekitaldi-aretoan, eta bertan izan dira Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkari Patricia Perales eta CEIN erakunde publikoko koordinatzaile María Sanz de Galdeano.
Ideiak dituzten ekintzaileak atzeman eta haien negozioak abiatzen lagundu
Programaren xedea da sormen sektoreko eta sektore digitaleko proiektu berrien sorkuntza eta abiatzea babestea Iruñean. Hala, ekintzaileak hasiera-hasieratik atzeman eta enpresa berrien buru izateko prestatzen dira. Parte-hartzaileak aukeratzeko orduan aintzat hartu zen unibertsitate-prestakuntza edo goi-mailako LHko gradua izatea, honako espezialitate hauetan: diseinua, arkitektura, enpresa-zientziak, argazkigintza, informatika, digitalizazioa, softwarea, literatura, kazetaritza, telebista, marketina, publizitatea, ingeniaritza, arte grafikoak, zinema zein bideogintza.
Lau hilabetetan zehar, irailetik abendura, parte-hartzaileak nor bere proiektua eraikitzen joan dira, talde dinamikoetan. Horretarako, ekintzailetzaren arloko prestakuntza espezifikoa jaso dute, metodologia praktikoekin. Besteak beste, honako gai hauek landu dituzte: ekiteko baliabide pertsonalak identifikatzea; sormen-industrien eta industria digitalen egoera, Europa sortzailea eta Horizon 2020 programak; bezeroaren azterketa; negozio-ideia eta CANVAS eredua; publizitatea eta sare sozialak; jabetza intelektuala; lizitazioak eta eskaintza publikoak; salmentak eta aurrekontuak; babesletza eta mezenasgoa; marka pertsonala eta balio erantsia.
Irakasleen artean, sektoreko adituak
Irakasleen artean sektoreko adituak izan dira, proiektuekin laguntzeko, hala nola Nafarroako Kultur, Kirol eta Aisialdirako Azpiegiturak (NICDO) entitatearen zuzendari Javier Lacunza, Navarra TV-ko zuzendari Roberto Cámara eta Oskar Alegría zinema-zuzendaria.
Programa hasi aurretik sormen-industria eta industria digitalei buruzko mintegi bat antolatu zen, maiatzean, sektoreko tendentziak eta aukerak erakuste aldera. 6 erakusketa-mahai eta mahai-inguru izan zituen ardatz: ekonomia sortzailea – ekonomia kolaboratiboa; errealitate zabaldua: egiazko errealitatean negozio; animazio-industriaren aukerak eta efektu bisualak; pertsonalizazioa aukera gisa; bideojokoen industria; eta zinemaren eta sormen-enpresenaukerak. Sektoreko 35 hizlari garrantzitsuk parte hartu zuten, zeinek haien esperientziaren berri eman baitzuten, eta ekiteko joerak eta aukerak erakutsi zituzten. 234 lagunek parte hartu zuten.
Proiektuak, parte-hartzaileak eta haren jarduerari buruz egiten duten definizioa
- SUMAISS-NIX (Sonia Álvarez Fernández)
- Egungo argazkilaritza ikusteko modu berri bat da. Argi eta itzalen artean sorturiko irudiak, fotografiatu nahi duzun horri ukitu interesgarri bat emateko. Esposizio luzearen teknika erabilita, eszena bakarrak eta izaera propiodunak sortuko ditugu.
- HENKO (Asier Aristregui)
- HENKO ukitu digitaleko estudio bat da. Lana, teknika eta artea. Horra definitzen gaituzten hiru hitzak. Irudiek gure mundua eraldatu eta artikulatzen dute. Hori da guk egiten duguna: ikusteko eta begiratzeko modua aldatu. Esperimentatzekoa.
- TE PONGO EN ORDEN (Charo Villalobos Bergasa)
- Tepongoenorden.com guneak antolatzeko lehen zerbitzu profesionala da Nafarroan. Partikularrei zein enpresei laguntza eta aholku ematen diegu ordenan jartzeko haien etxeak zein lantokiak; etxe-aldaketak planifikatzeko; eta errenta, salmenta edo heriotzengatik etxebizitzen hustuketa kudeatzeko, erabateko diskrezioarekin eta konfidentzialtasunarekin.
- IDEM STUDIO (Isabel de Miguel Navarrete)
- IDEM STUDIO, argiztapen arkitektonikoaren diseinua. Argiztapen konponbide berritzaileak, praktikoak eta bideragarriak garatzen ditugu, arkitektura zein espazioa hobetu eta indartzeko. Konponbiderik eraginkorrenak inplementatzen ditugu gure proiektuetan, bai industrietan bai hiriko zein barruko arkitekturan.
- BÁRBARA ROS ESTUDIO (Bárbara Ros Gragirena)
- Animazioaren sektorerako proiektuak garatzeko estudioa, agertokiak, unibertsoak eta koloretako giro liluragarrietan barna mugitu eta garatuko diren pertsonaiak sortzeko. Halaber, pertsonaiek gogoeta bultzatuko dute, balioak transmitituko baitituzte.
- EL CAMINO PEOPLE (José María Ardanaz Ezcurdia)
- El Camino People online komunitate bat da Donejakue bideari buruzko istorioak partekatzeko, eta mugikorrerako aplikazio bat, zeinak gorde, kudeatu eta antolatzen baitu erromesaren ibilbide osoa, eta kalitatezko album bat inprimatzeko aukera eskaintzen baitio bidaiaren amaieran.
- ARENEA NATURAL ART (Nerea Juaniz Ojer)
- Oroigarri pertsonalizatuak eta esklusiboak, elementu naturalekin eginak, hala nola harri, egur eta kristalarekin. Artisau eran diseinatuak, maite ditugun horiei agur esateko. Bizitzaren zikloa ospatzeko beste modu bat.
- CICER (Sara Larripa Acedo)
- Cicer Relocation Services enpresan mugikortasun eta helmuga konponbideak eskaintzen dizkiegu partikularrei zein enpresei. Diziplina askotariko zerbitzu pertsonalizatu baten bidez gure bezeroak prozesu osoan zehar gidatzen ditugu, haien neurrira egindako lekualdaketa bermatuta. Dedikazioa, ardura eta berotasuna, egokitzapenik onena lortzeko.
- FINANCIART (Beatriz Erdociáin Azcona)
- Bitartekaritzarako plataforma bat da, ikus-entzunezko ekoizpenei lotuta. Proiektua errentagarria izateko behar diren baliabide guztiez hornitzen du produkzioa. Financiart zazpigarren arteko sortzaileak eta zinemagintzan aukera bat bilatzen duten inbertsoreak lotzen dituen plataforma da.
- ARDI BELTZ (Amaia Epelde González)
- Ardi Beltz diseinu grafikoko marka gazte eta berritzailea da, collage digitalean espezializatua. Tekniken fusio horrek komunikatzeko modu eta narratiba berriei bide ematen die, hartara sortuta diseinu grafiko landuagoa, berria eta artistikoa.
- BILLIUM (Claudia Anaut Unzu)
- Zure telefono mugikorra eta establezimendu bateko kutxa erregistratzailea 3 segundo baino gutxiagotan konektatzen dituen app bat da. Hala, tiket guztiak eskura izango dituzu, mugaegunaren arabera ordenatuta eta telefonoan bertan. Hala, ezin izango dituzu tiketak berriz galdu.
- FUTURA (Isabel de Miguel eta Asier Aristregui)
- Futura, 3D bisualizazioa eta postprodukzioa arkitekturan, ingeniaritzan eta produktuan aplikatzen dituen estudioa. Espazio, ekitaldi eta produktuak birsortzen ditugu, ekoizpenaren lehen fasetan, prototipoen beharrik gabe. Kalitate altuko irudiak eskaintzen ditugu, zure proiektuek itxura har dezaten.
- JOBMATCH (Daniel Gurrea Rouzaut)
- JobMatch webgunerako eta mugikorrerako plataforma bat da, zeinak laguntzen baitu mundu osoko sormen alorreko profesionalak elkarren artean harremanetan jartzen. Edozein enpresari edo sormen-freelanceri elkarrekin harremanetan jartzeko aukera ematen die, elkarlanean proiektuak egite aldera.
- NAUR REISE (Marien Arlandis Mariner)
- Turismo-zerbitzu eta -produktu esklusiboen startupa, merkatu alemanera zuzendua. Kultura zein iparraldeko hiriak ezagutu, naturan murgildu, abenturak bizi, etab. Guztia haien neurrira egina. Enpresak, familiak, lagun-taldeak... Zure bidaia esklusiboki antolatzen dugu.
- KONTUKA PRODUCCIONES (Iker Oiz Elgorriaga)
- Kontuka ikus-entzunezko ekoiztetxe independentea da, diziplina askotarikoa. Istorioak kontatzea da bere irrika, komunikazioaren mugak zabaltzen dituzten proposamen estetiko-narratibo berriekin esperimentatuz. Proiektu umila baina asmo handikoa, ikus-entzunezko sormen eraldatzailea, maitasunez eta profesionaltasunez diharduena.