Preso eta iheslariak etxeratzearen aldeko manifestaziora deitu du Kalera Kalera-k

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 15a, 07:46

Argazkia: Kalera Kalera dinamikaren izenean manifestazioa iragartzeko hainbat herritarrek eskainitako prentsaurreoka.

Preso eta errefuxiatu politikoak bake prozesuaren parte direla eta beren ekarpena egiteko etxean egon behar dutela aldarrikatu du Kalera Kalera-k. Abenduaren 30ean izanen da mobilizazioa, 18:30ean, Iruñeko autobus geltoki zaharretik.

"Gatazka politikoaren ondorioen konponbidean" herritarrek "subjektu aktibo" izan behar dutela adierazi du Ikerne Indakoetxeak Kalera Kaleraren izenean: "Bakearen artisauen eskutik, herriak berak burutu zuen ETAren armagabetzea, eta orain, Luhusotik Parisera, Bilbora edota Iruñerrira salto eginda, herriak berak presoak etxera ekarri behar ditu". Izan ere, "orain" euskal presoen ordua da eta "euskal preso politikoen aldeko bigarren Luhuso baten ordua", Kalera Kalera dinamikako kideen hitzetan.

Kalera Kalera-ren "borrokaren ardatzak askatasuna, duintasuna eta elkartasuna" dira, eta, horregatik, izen horiek izanen dituzten hiru zutabe prestatu dituzte, abenduaren 30ean 18:30ean autobus geltoki zaharretik abiatuko den manifestaziora joateko. Honako hauek dira hiru zutabeak: 

  • "Askatasuna zutabea": 17:15ean, Arrotxapeko gaztetxetik abiatu, eta 17:30ean Antsoaingo Kaputxinosetatik igaroko da eta 17:45ean Txantreako Larekiko biribilgunetik pasatuz, 18:15ean Labrit frontoiraino igoko da.
  • "Duintasuna zutabea": 17:15ean Atarrabiako Katetik aterata, 17:30ean Burlatako Askas Plazatik pasa, eta 18:00etan Seminariotik joanen da manifestazioaren abiapunturaino.
  • "Elkartasuna zutabea": 17:15ean Barañaingo mugatik irten eta 17:30ean pasako da Golem zinemetatik, pixka bat beranduago, 18:00etan, Singular eraikinetik.

"Ozen oihukatuko dugu, barroteak urtzeko bezain ozen, elkartasuna azken ziegaraino heltzeko bezain ozen, eta giltzarrapoa irekiko duen giltza dutenek entzuteko bezain ozen", adierazi du Indakoetxeak Kalera Kalera-ren izenean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!