Botikak herritar guztien eskura jartzen duen foru legea baliogabe utzi du Espainiak

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 14a, 09:37

Auzitegi Konstituzionalak 2012an onartutako foru legea baliogabe utzi du. Nafarroan onartutako hark Espainiako PPk 2012 urte hartan botiken berrordainketa ezarri zuenekoa geldiaraztea zuen helburu. 

Botikak ordaintzeko zailtasunak dituenari laguntzak emateko konpromisoa hartua du Nafarroako Gobernuak baina badirudi Espainiak ez duela halakorik onartzen.

Zein da kontua? Bada, Auzitegi Konstituzionalak 2012an onartutako foru legea baliogabe utzi duela. Nafarroan onartutako hark Espainiako PPk 2012 urte hartan botiken berrordainketa ezarri zuenekoa geldiaraztea zuen helburu. Alegia, botikak berrordaindu behar ez izateko, nafarrei legez ziurtatzea botikak izateko eskubidea. Urte hartan gainera, Aralar-Nafarroa Baik, Bilduk, Izquierda-Ezkerrak eta PSNk atera zuten aurrera foru legea UPNren eta PPren kontrako botoekin.

Zer dela eta erabaki du Auzitegi Konstituzionalak foru legea baliogabe uztea? Zein arrazoi eman ditu? Bada, bi dira arrazoi nagusiak. Alde batetik, eskumenez ari da. Osasun eta farmazien zerbitzuak, finantziazioarena barne, Espainiako Gobernuaren eskumena direla uste du Auzitegiak, eta hartara, erkidegoek ezin dute bere neurrira egindako araudia onartu, Espainia guztirako ezarria dagoen osasun sistema berdintasunean oinarritutakoa hausteko arriskua dagoelako. Bigarrenik, prestazio horiek jasotzeko eskubidea nork duen zehazteko eskumena ere Espainiarena dela, besteak beste erreferentzia eginez foru legeak eskubide hori “paperik gabeko” herritarrei ere ziurtatzen ziela.

Eraginik ez aurten onartu dituzten laguntzetan

Berrordainketaren eraginik herritarrek jasan ez zitzaten onartu zuten lege hura 2012an eta horixe da baliogabe utzi duena orain Auzitegi Konstituzionalak. Hori bai, ez du eraginik izanen erabaki horren egungo Gobernuak aurten hartutako beste erabaki bat baliabide gutxien duenari botikak ordaintzeko: gogoratuko duzue, 18.000 euro baino gutxiago jasotzen duenari diru-laguntzen bidez lagundu nahi zaie botikak ordaintzea. Horretarako, urtero hiru milioi euro gehiago behar izaten ditu Gobernuak, gutxien duenari ziurtatzeko tratamendu egokia izanen duela bere gaixotasunari aurre egiteko. Guztira, 242.000 herritarrek dute aukera laguntza hori eskatu ahal izateko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!