Ados Teatroa konpainiaren 'Idiot Txou' komedia, gaur Antzerkiaroan

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 13a, 09:26

Emanaldia 20:00etan hasiko da, Nafarroako Antzerki Eskolan (NAE) eta sarrerak salgai daude, 8 euroan (ikasle-taldeendako, 5 euroan).

Ados Teatroa konpainiaren Idiot Txou komediak buru emango dio bihar, asteazkenarekin, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak elkarrekin antolatutako Antzerki Aroa euskarazko antzerki-zikloari. Garbi Losadak zuzendua, eta Asier Hormaza, Dorleta Urretabizkaia eta Josean Bengoetxea aktoreekin, antzezlanak gaurkotasunaren analisia egiten du, umorea baliatuta eta zuzeneko irratsaio bat abiapuntu hartuta. Emanaldia 20:00etan izango da, eta sarrerak jada salgai daude, ohi bezala, NAEren webgunean (www.laescueladeteatro.com) eta eskolako leihatilan. Sarrera orokorrak 8 euro balio du; eta ikasle-taldeendako, 5 euro.

Hona hemen antzezlanaren argumentua: bi esatarik eta teknikari batek zuzeneko irratsaio bat egingo dute antzokitik zuzenean. Irratsaioak audientzia arazo larriak ditu, entzuleek apenas deitzen dute... Protagonistek arazorik gabeko saio bat egin nahi dute, besterik ez, baina egoera ikusita, kaleratuak ez izateko eta dena normaltasunez doala ikusarazteko, antzokiko ikusleekin hartu-emanetan hastea erabakiko dute, edota entzule faltsuen rolak hartuta deiak jasotzen ari diren itxurak egitea. Entzule berri baten plantak egingo dituzten bakoitzean edukiak pikutara joango zaizkie eta egungo albisteen inguruan umorezko kritika egiten amaituko dute. Hala, purrustadak biderkatu egingo dira, eta deskalabrua ere bai.

Formatu dramatiko horrekin, Idiot Txouk kazetaritzaren arloko gaurkotasuneko gaiak umorez jorratuko ditu, inprobisazioz eta sorpresaz mukuru, eta bigarren mailako trama gisa pertsonaien arteko arazoak eta gatazkak agertuko ditu. Edozein adinetako ikusleendako komedia bat da, gizarte gaurkotasuneko gaiei heltzeaz gain, herri bakoitzeko tokiko albiste txikiak ere barne hartzen dituena, emanaldi bakoitzean espresuki txertatzen direnak. Antzezlan berritzaile honen testua bizia eta aldakorra da (gaurkotasunaren eta herri bakoitzaren araberakoa), eta inprobisazioarekin eta ikusleen interakzioarekin jolasten du.

Ados Teatroa konpainiaren antzezlan hau Garbi Losadak zuzendu du, eta aktoreen artean euskal panoramako aurpegi ezagunak daude: Asier Hormaza, Dorleta Urretabizkaia eta Josean Bengoetxea.

Konpainia eta aktoreak

Ados Teatroa konpainia gipuzkoarra 1994an sortu zen, Garbi Losadaren eta José Antonio Vitoriaren zuzendaritzapean. Bere ibilbidean zehar, 25 sari jaso ditu eta 5.000 emanaldi baino gehiago eskaini. 30 antzezlan ekoiztu ditu, besteak beste, nabarmentzekoak dira El nombre de la rosa, Figuranteak, Wilt (panpina puzgarriaren hilketa), El hijo de la novia, Ladydi García, Xuxurlariak, Zapatila gorridun mutikoa eta Maitasunaren ostean maitasuna.

Asier Hormaza (Getxo, 1970). Zineman zein antzerkian aritu den euskal aktorea da, bere ibilbideak telebista ardatz izan duen arren. Argi eta El cazador de dragones filmetan parte hartu du, Iratxe Mediavilla eta Patxi Barkoren zuzendaritzapean. Goenkale eta Vaya Semanita saioetan protagonista aritzeagatik ere ezaguna da.

Dorleta Urretabizkaia (Donostia,1977). Hamazazpi urterekin Goenkale telesailean hasi zen, eta ondoren Bartzelonara joan zen Arte Dramatikoa ikastera. Mi querido Klikowsky, Martín eta Policias telesailetan parte hartu du, besteak beste. Antzerkiari dagokionez, honako antzezlan hauetan aritu da: Sin-Vergüenzas, Victor Bevch, Nasdrovia Chéjov, El vendedor de tiempo, El jefe de todo esto eta El Club de las mujeres invisibles, besteak beste. 2006an Irungo Hiria saria irabazi zuen euskarazko eleberri modalitatean, Jaione lanarekin.

Josean Bengoetxea (Donostia, 1964). 20 film luze baino gehiagotan aritu den aktore donostiarra da, nazioko zein nazioarteko hainbat sari ere irabazi ditu aktore onenari, Frantzian, Uruguain eta Portugalen. Azken lanen artean nabarmentzekoak dira Oro, Acantilado, Igelak, Que Dios nos perdone eta El Pregón film luzeak, telebistarako 13 dies d’octubre filma, Aitaren etxea telesaila ETBrako, eta Andrés Limaren El Jurado antzezlana.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!