Sormen artistikorako laguntzak atera ditu Iruñeko Udalak lehen aldiz

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 30a, 08:08

Edozein diziplinatako proiektuak aurkeztu ahal dira. Abenduaren 15era arte aurkez daitezke proiektuak, eta pertsonalak eta orijinalak izan behar dute; 3.000 euroko 7 sari banatuko dira.

Iruñeko Udalak sormenerako laguntza-deialdi bat egingo du lehenengo aldiz, edozein diziplina artistiko barne hartuta. Proiektu artistikoendako lehiaketa baten bidez gauzatuko du, sormen-jarduera sustatzea xede hartuta. Deialdia 21.000 euroz hornituta dago, eta 3.000 euroko zazpi sari banatuko dira, baloraziorik altuena duten proiektuen artean.

Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta Alor horretako zuzendari Maitena Muruzabalek lehiaketa aurkeztu dute, zeinak orain arte zegoen hutsunea beteko baitu sormen artistikoaren prozesua laguntzeari dagokionez. Honako alor hauetako proiektuak gauzatzeko diru-laguntza ematea da asmoa: arte eszenikoak, plastikoak, musika, literatura, ikus-entzunezkoak, zein kulturako beste adierazpen artistiko batzuk. Halaber, lehiaketak bilatzen du hirian izan daitezkeen ekimen artistikoak sustatzea, eta edozein diziplinatako proiektuak bultzatzea, garatu eta gauzatu daitezen, sormen faserako diru-laguntzak emanda. Iruñeko Udalak ez du orain arte egindako diru-laguntzetarako deialdietan, sarietan edo jardueretan halakorik izan; hots, ez zegoen ekimen espezifikorik hainbat diziplina barne hartzen dituzten proiektu artistikoak sortzeko zein abiarazteko.

Proiektuak aurkezteko epea abenduaren 15ean amaituko da, ostiralarekin, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean deialdiaren laburpena argitaratzen den unetik aurrera hasiko da. Lanak aurkeztu ahal dira Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean, erregistro osagarrietan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak adierazitakoetan.

Proiektu pertsonalak eta orijinalak, 2017an eginak

Lehiaketan parte hartu ahalko dute Iruñean erroldatutako pertsona fisikoek, baldin eta proiektua noiz aurkeztu eta gutxienez urtebete lehenagotik -etenik gabe- bertan erroldatuta egon badira. Halaber, eguneratuta eduki behar dira Iruñeko Udalarekiko tributu-betebeharrak nahiz Gizarte Segurantzari buruzkoak. Agiriekin batera aurkeztu beharko dira sormen-proiektua, artistaren ibilbide profesionala, eta edizioari, ekoizpenari edota jendaurrean agertzeari buruzko aurreikuspena.

Partaide bakoitzak sormen-proiektu bakarra aurkeztuko du, eta ezin izango da pertsona bat baino gehiago aurkeztu proiektu bakoitzeko. Proiektuek orijinalak izan behar dute, eta 2017an eginak. Ez dira onartuko Udaleko beste deialdi batzuetan diruz lagundutako proiektuak. Lehiaketan parte-hartzeak berekin dakar partaidearen zinpeko aitorpena, non proiektuaren egile legitimoa dela baieztatzen baita.

Sormen eszenikoak, plastikoak, musika, literatura, ikus-entzunezkoak...

Oinarrietan zenbait ideia edo proiektu mota zehazten dira, diziplina artistikoaren araberakoak. Arte eszenikoetan hainbat proiekturen sormena aurkez daiteke, hala nola testu dramatiko bat, koreografia bat, performanceak edo ezohiko tokietan esku-hartzeak; arte plastikoen alorrean, marrazkiak, pinturak, grabatuak, eskulturak, instalazioak, argazkiak, argazki-saiakerak, horma-irudiak, arte hiritarra eta performanceak. Musika-proiektuen barruan sar daiteke edozein generotako lanak sortu eta konposatzea; literatur sormenari dagokionez, edozein generotako obrak sortzea (ipuinak, poesia, eleberriak, haurrendako literatura edo saiakerak); eta ikus-entzunezkoen artean egon daiteke gidoi eta sormen proiektu bat sortzea, obrak, dokumentalak, fikzioa zein animazioa egite aldera.

Kultura eta Hezkuntzako Alorreko teknikariek osatuko dute epaimahaia, eta aurkeztutako proiektuak baloratuko dituzte, hiru irizpide orokor aintzat hartuta: proiektuaren interes artistikoa eta kulturala (gehienez ere 6 puntura bitarte); sortzailearen ibilbidea, kontuan izanda azken urteetan egindako sormen-lanak (4 puntura bitarte); eta proiektuak lurraldean izango duen eragina (5 puntura bitarte). Berdinketarik badago, 35 urtetik beherakoen proiektuak lehenetsiko dira. Ezin izango dute saririk jaso 1. irizpideko atalaren balorazioan -interes artistikoa eta kulturala- 3 puntu baino gutxiago jasotzen dituzten proiektuek.

Informazio gehiago dokumentu honetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!