Nafarroako ahozko ondarean oinarrituriko antzerki-musikala estreinatuko da Euskararen Egunaren egitarauan

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 28a, 19:51

“Ane eta ohe hegalaria” ikuskizuna “Xaldun Kortin” liburuan oinarritua dago. Zortzi emanaldi eginen dira. Iruñean igande eguerdiko 12.00etan Zentralen.

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak elkarrekin antolatutako kultur jardueren artean  antzerkia, bertsolariak, musika emanaldiak edo gazteendako kultura digitaleko laborategi bat daude egitarauan.

 “Ane eta ohe hegalaria”

Antzezlan honek "Xaldun Kortin" du oinarri, ahozko tradiziotik berreskuratu diren herri ipuinak, jolasak, esapideak eta kantak XXI. mendeko haurrei helarazteko egitasmoa. Ikuskizuna 0tik 6 urte bitarteko haurrak dituzten familiendako da bereziki, eta 45 minutu irauten du. Antzeztoki guztietan sarrera doakoa da, leku guztiak bete arte. Aktoreak Oier Zuñiga eta Laura Villanueva dira.

Bidaia baten modura ageri zaigu istorioa. Bidaia bat denboran zehar, Nafarroako lurraldean zehar, neskatiko baten ilusioetan zehar eta familia baten bizipenetan zehar. Antzezlanean kontatzen den istorioan “neskatiko bat agertuko da, lo egitea gorroto duena. Amatxik ipuinak kontatzen zizkion ohatzera joan aurretik. Anek lau urte ditu orain, baina amatxirik ez, eta bere gelan bakarrik gelditzen denean, ez du begirik bildu nahi izaten…”.

Emanaldiak

Abenduak 1, Tutera, Fernando Remacha Kontserbatorioa, 18:30.

Abenduak 3, Iruña, Café Teatro Zentral, 12:00.

Abenduak 5, Lesaka, Harriondoa Kultur Etxea, 18:30.

Abenduak 6, Altsasu, Iortia Kulturgunea, 17:30.

Abenduak 7, Tafalla, Kulturgunea, 18:00

Abenduak 8, Zangoza, El Carmen entzunaretoa, 18:00.

 

Sinopsia

Aneri ez zaio lotara joateko ordua gustatzen. Garai batean, berriz, bai, amatxik

ipuinak kontatzen baitzizkion betazalak poliki-poliki itxi arte. Baina 4 urte bete

dituen honetan, amatxi jada ez dago eta gurasoek ohean musu ematen diote eta alde

egiten dute gauero.

Bere gelako bakardadean, begiak zabal-zabalik mantendu nahian, hasi da amatxik

erakutsitakoekin oroitzen. Tartean, puxtarriak eskuetan hartuta egiten zion jolasa

etorri zaio burura eta panpin bati egin dio berak joko hori: “Ikusi, Pakita, Xaldun

Kortin, pipitt kortin, zenbaten artin?”. Bat-batean hitz magiko horiek hegan jarri

dute ohea! 

Ohe hegalariak toki askotara eramanen du Ane eta bere gelara itzuli ahal izateko

erronkak gainditu beharko ditu: gezurrak kontatzeko kantua asmatu, itzalekin ipuina

kontatu, publikoaren laguntzaz igarkizun bat asmatu…

Baina, ohe hegalariaren bidaia ametsa izan al da? Aneren irudipen hutsa? Bada,

zalaparta entzunda, aitatxo sartu da Aneren gelan.  

Antzezlan-egokitzapen hau bidaia bat da: bidaia denboran, Nafarroako geografian,

ume baten ilusioetan eta familia baten errealitatean. Herritik jaso eta herriari

itzultzen zaizkion ipuinak, joko-formulak, jolasak, kantuak... etxeko txikienekin

euskaraz aritzeko. 

Mikel Arregi Euskarabideko zuzendariarekin eta Oier Zuñiga aktorearekin mintzatu gara antzezlan honetaz. 

Erlazionatuak

Mikel Arregi, Oier Zuñiga

Euskalerria Irratia 2017 aza 28 Iruñerria

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!