Hainbat gizarte eragiletako ordezkariak izan dira Labrit pilotalekuan egindako ekitaldian, eta, arloz arlo, haien aburuz heldu den urteko aurrekontuek dauzkaten "gabeziak" aitatu dituzte. Esaterako, Nafarroak estatuari emandako 500 milioietatik 300 zor publikoa ordaintzeko direla; aurrekontuek migratzaileen eta errefuxiatuen egoera ere gogoan izan behar dutela eta "aniztasuna ertzetan" dagoela, eta ez "zentroan"; 1.080 euroko pentsioak behar direla; biztanleriaren %15a LGTBIQ+ kolektibokoa dela eta hori aurrekontuetan nabaritu behar dela; eta garapen eta tren eredua birpentsatu behar direla.
"Ez dira sozialak"
Aurrekontuek "aldaketa sozialik" eta "langileentzako aldaketarik" ez dakartzatela salatu du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk: "Nafarroako Gobernuaren aldaketak izan ditu txalotzeko gauzak, baina ikuspegi sozialetik, langileen ikuspegitik motz gelditu da". Mugak ere gogoan izan ditu. "Hurrengo urterako aurrekontu proiektuak bi muga garbi ditu: burujabetza falta zaio; eta Geroa Bairen politika ekonomiko liberalaren mugak ditu". Halaber, "sozialak" ez direla ziurtatu du Aranburuk, zorraren ordainketa "lehenesten" baitute.
ELA sindikatuko idazkari nagusi Txiki Muñozek erreforma fiskala izan du gogoan, eta Nafarroako Gobernuak bilduko dituen 28 milioi euroak "aldaketa sozialaren parte" ez direla adierazi. “Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdiek euren buruei galdetu behar diete zeintzuk diren euren benetako ekarpen sozialak; 2018ko aurrekontuetan ez daude”.
Ekitaldia amaituta, "aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen" aldeko manifestazioa egin dute mila lagun inguruk, Sarasate pasealekuraino. Besteak beste, AHTrik ez, Gastu soziala, bai!, Hemen lan egin, hemen erabaki!, Lana banatu, ondasuna banatu! eta Murrizketarik ez! oihukatu dute.