Emakumeenganako indarkeriaren kontrako koordinazio akordioa sinatu dute Nafarroako erakundeek

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 24a, 14:04

Argazkia: Erakundeetako ordezkariak, Nafarroako Gobernuan, hitzarmena sinatzeko ekitaldian.

Hirugarreen hitzarmena da, eta indarkeria matxistaren definizio zabalagoa egiten du, 14/2015 Nafarroako legeari jarraiki, elkarlana sustatuz eta jardunbide homogeneoak ezarriz.

Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek, Espainiako gobernuko ordezkaritzako buru Carmen Albak, Nafarroako Justizia Auzitegiko presidente Joaquin Cristobal Galbek, Nafarroako fiskal nagusi Jose Antonio Sanchezek eta Udal eta kontzejuen federazioko presidente Pablo Azkonak izenpetu dute akordioa.

"Osotasunean" ariko dira erakunde horiek guztiak indarkeria sexistaren kontra, "kalitatezko zerbitzua" bermatzeko xedez "hezkuntza, osasun, gizarte, polizia eta justizia arloetan". Akordioak, gainera, "sentsibilizazioa lortzeko", ikerketa eta formakuntza bultzatuko ditu.

"Instituzioen partetik, artatze integrala, diziplina artekoa, sistematikoa eta iraunkorra izan behar da, ardatz gisa esku hartze koordinatua eta urrats bateratuak dituena", adierazi du Uxue Barkos Nafarroako presidenteak.

Indarkeria sexista, zabal ulertuta

Indarkeria Sexistaren aurkako hirugarren koordinazio arkodioak aurreko urteetan baino emakumeen kontrako erasoen definizio zabalagoa egin du, Nafarroako 14/2015 Legeari jarraiki.

Berrikuntzak dakartza: batetik, Departamentuen arteko Batzordea sortuko dute, Nafarroako Gobernuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ziurtatu eta administrazioan berdintasun politikak txertatzen direla ikuskatzeko; bestetik, Batera Ekiteko Protokoloa jarriko dute indarrean, "prebentzioa, artatze, babes eta berreskuratze sistema koordinatzeko".

Jada martxan dagoen Jarraipen Batzordea mantenduko du instituzioen arteko hitzarmenak; analisi eta eztabaida organoa da, erakundeen arteko koordinazioa hauspotzeko eta akordioa betetzen ote den aztertzeko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!