Foruzainak "berregituratu" eginen dituzte "lehentasunak" gailentzeko

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 24a, 08:00

2015eko Legearekin antolaketan aldaketak txertatu beharko ditu Gobernuak foruzainek eskaintzen dituzten zerbitzu batzuk lehenetsi eta beste batzuk alboratzeko. Aparteko orduak kendu eta ordutegiak moldatuko dituzte.

Barne Kontseilariak zenbait proposamen egin ditu bart, Foruzaingoaren zenbait zerbitzu indartzeko. Lehentasuna duten zerbitzuak indartzea da asmoa, eta hori egin ahal izateko, garrantzia txikiagokoak desagerrarazi eginen dira.

Zer dela eta dator aldaketa hori orain?

Bada, Mari Jose Beaumont barne kontseilariaren esanetan Foruzaingoa arautzen duen 2015eko Foru Legeak mugak ezarriko ditu hemendik aurrera eta lehentasuna duten gaiak galerarik izan ez ditzaten, berregituraketa egitea ezinbestekoa izanen da. Herritarrei ematen dieten zerbitzuak indartzea izanen da xede nagusia, unitate horiek mantendu eta hobetzea. Ikerketa eta patruilaketa prebentiboa nabarmenduko dira.  Proposamen zehatzak planteatu zituzten atzo Poliziaren Koordinaziorako Batzordean, baita Foruzaingoaren Mahai Sektorialean ere. Beaumont bera izan da, Agustin Gastaminza zuzendaria eta Torcuato Muñoz Foruzaingoaren zuzendaria.

Joku eta Ikuskizuen lan-taldean bi agente gehiago jarriko lituzteke beste departamentuetako taldeak ere babesteko: Oinarrizko Errentaren kontrola, Babestutako Etxebizitzena eta beste; beste bi agente laguntza-zerbitzuetarako, alegia, genero indarkeria kasuak, tratu txarrak, askatasun sexualaren aurkako delituak, gizarte esklusioan daudenekin lan egiten dutenak indartzeko; beste bi agente, Iparraldeko Polizia Judizialeko lan taldeari laguntzeko; beste bi agente Pertsonen Kontrako Delituetan lan egiten dutenen taldean; beste agente bat ingurumeneko babeserako lan taldean eta beste sei agente gehiago Herritarren Arretarako, bereziki Altsasu eta Elizondoko komisarietan.

Agente gehiago bideratuta zerbitzu horietara, beste zerbitzu batzuk gutxiagorekin geratuko dira. Zeintzuk? Bada, adibidez, gaueko eta arratsaldeko txandetan. Parlamentuan eta Auzitegian gauetako txandak kentzea da proposatzen dena. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!