Heldu den urteko aurrekontuak aldaketa politiko eta sozialarekin bat egiten ez dutela salatu du LABek

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 23a, 13:34

Argazkia: Rosa Iriarte eta Imanol Karrera LAB sindikatuko ordezkariak.

Aurrekontuen aurreproiektuarekiko kritiko azaldu da sindikatua, Madrilek ezarritako "mugetan" oinarritzen delako, gastu sozialean"aldaketarik" ez dagoelako eta ez direlako "parte hartzaileak" izan.

2018rako aurrekontuen aurreproiektua "ez da Nafarroako gizartea eta eragileak borrokatu duten aldaketa politiko eta sozialaren mailara iristen", LAB sindikatuaren aburuz. Uxue Barkosen gobernuak egindako proposamena "ez da aldaketak behar duena", Imanol Karrera LABeko Nafarroako idazkariak esan duenez. 

Madriletik ezarritako defizitaren helburua, gastu maila eta zorpetzearen mugak errespetatzen ditu aurrekontu proiektuak; eta, beraz, Nafarroako ez du "desoberientziarik" egin, ezta inposatutako mugen kritikarik ere. "Arazoa ez da errespetatzen dituela, arazoa da bere egiten dituela eta gobernuaren jardunbidearen oinarri bihurtzen dituela", adierazi du Karrerak. 

Gastu sozialean eta politika publikoetan, erroko aldaketarik ez

Ez da gastu sozialari dagokion diru sailean ezta politika publiekoetan "sakoneko aldaketarik" izan, LABek salatu duenez. 2010ean jo zuen goia gastu sozialak, 2.312,7 milioiekin; aurten, zifra hori gainditu egin da, 2.320,7 miliokoa baita gastu sozialari zuzendutako dirua; dena dela, txikiago da bideratutako kopurua, Barne Produktu Gordinari so: 2010ean, BPGaren %12,5a zen; eta, heldu den urtean, %11,2a baino ez da izanen.

"Gastu sozialaren igoera ez da %3ra iristen, izaera ekonomikoa duten jardueretan sartuko duten dirua %7,9an handituko da", kritikatu du Karrerak.

Erreforma fiskalak kale egin du

Gastu sozialerako eta politika publikoetarako "diru gehiago" behar dela esan du sindikatuak. Bide horretan, erreforma fiskalarekin Exekutiboak "kale" egin duela uste du LABek: 132 milioi gehiago daude aurten, baina horietatik sei baino ez dira erreforma fiskalaren ondorio: "Erreformak ez du balio izan jauzi bat emateko diru sarreretan, eta ez du balio izan fiskalitatea justuagoa izateko Nafarroan, jasoko den horretan gehiena lan errentatik etortzen delako", Iruñerriko ordezkari Rosa Iriartek adierazi duenez. 

Parte hartzerik ez

Aurrekontuak "parte hartzaileak" ez direla eta hori "onartezina" dela esan du LABek: "Nafarroak eta bere herritarrok zilegitasun osoa dugu nahi ditugun aurrekontuak eta eredu ekonomiko eta soziala erabakitzeko, baita gure autogobernua eta estatus politikoa erabakitzeko ere".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!