Foru Gobernuak erabaki bat hartu du gaurko bilkuran, eta horren bidez, Nafarroako Banda Zabalerako Plan Zuzentzailea onartu du. Bere helburua da belaunaldi berriko sarbide-sareen ezarpena bermatzeko beharrezkoak diren azpiegituren garapena bultzatzea, lurralde-desorekak murriztuz eta Foru Komunitateko garapen sozioekonomikoa bultzatuz.
Lau helburu estrategiko
Planaren helburua da banda zabaleko sare berrien hedapen guztia Nafarroa osora zabaltzea, horrela, teknologia berrien onurak herritarrei, administrazioari eta enpresa-egiturari igorriz, lau helburu estrategikoren bidez:
- Lurraldearen egituratzea eta eten digitala murriztea: banda zabaleko azpiegiturak eta telekomunikazio-zerbitzuak hedatuz, antzeko kalitate-baldintzetan, kokapen geografikoa edozein dela.
- Europako Agenda Digitala betetzea, 2020. urterako europar guztiek banda zabaleko sare-estaldura izatea eta familien erdiak 100 Mbps-tik gorako Interneteko konexioen abonatuak izatea ezartzen duena.
- Nafarroako Gobernuaren eta tokiko administrazioen egoitzen konektibitatea hobetzea. Horrela, herritarrei eskainitako zerbitzu publikoak hobetu ahalko dira, eta Administrazioaren kudeaketan eraginkortasuna handituko da.
- Ekonomia-jarduerako arloen konektibitatea hobetzea, banda zabaleko sareak eta zerbitzuak gain hartzeko gai diren telekomunikazio-azpiegituren erabilgarritasunak tokiko ekoizpen-egitura garatzen laguntzen duelako, enpresen berrikuntza bideratuz eta bere enpresen lehiakortasuna hobetuz.
Egitea eta parte-hartzea publikoa
Plana 2016. eta 2017. urteen artean egin da eta zenbait esparrutako 200 profesional baino gehiagok parte hartu dute, Informatika, Telekomunikazio eta Berrikuntza Publikoko Zuzendaritza Nagusia buru dela, NASERTIC enpresa publikoarekin lankidetzan.
Nafarroako Gobernuak parte hartu behar duten eragile guztien laguntza ere izan du egiteko: Gobernuaren Departamentuak, toki entitateak, mankomunitateak, tokiko ekintza-taldeak, enpresa-elkarteak eta telekomunikazio-operadoreak.
Horrez gain, plan honek dagokion partaidetza eta erakusketa publikoko prozesua izan zuen 2016. urtearen amaieran Gobernu Irekiaren eta zenbait eragilerekin izandako 60 lurralde-bilera eta -saio baino gehiagoren bidez.
Gizarte- eta ekonomia-garapena
Lurralde bateko biztanleen gizarte- eta ekonomia-garapenerako funtsezkoa da banda zabaleko telekomunikazio-sare eta -zerbitzu berrietarako sarbidea, baita bere enpresa-egiturarako eta bee administrazio publikoetarako ere bai. Hori dela eta, telekomunikazioen azpiegiturak ezinbesteko elementua dira herritarrak eta enpresak informazioaren eta ezagutzaren informazioan sartzeko.
Azpiegiturak izanez gero, herritarrek eta enpresek eskurago izango dituzte komunikazio teknologia eta zerbitzu aurreratu berriak, gure enpresa-egituraren lehiakortasuna hobetzeko, eta euskarri moduan balioko dute interes orokorreko hainbat zerbitzu eskaintzeko, hala nola informaziorako sarbidea, hezkuntza, osasuna, segurtasuna, larrialdi-zerbitzuen koordinazioa eta administrazio publikoen eta herritarren arteko komunikazioa.
Horrek guztiak azpiegitura horiek lurraldean izatea eskatzen du, edozein pertsona edo enpresari aukera berdinak eskainiz, edozein dela haien kokapen geografikoa, eta bereziki merkatuak nahikoa kalitatea ematen ez duen landa-eremuetan, kostu merkean, eskatutako zerbitzuetan laguntzeko.
Bestalde, Nafarroan eten digitala murrizteko den edozein ekintzak koherentea izan behar du, eta aurretik diseinatuta dauden estrategia guztiekin bat etorri behar dute, bereziki Espezializazio Adimenduneko Estrategiarekin eta Nafarroako Lurralde Estrategiarekin, lurraldearen kohesio sozioekonomikoa eta lehia orekatuagoa lortzeko.