Alerta sistema ezarriko dute txakurrentzako eremuetan

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 22a, 08:42

Duela gutxi zendu den zakur baten heriotzaren arrazoiak argitu bitartean, beste hiri batzuetan erabiltzen dituzten kontrol-sistemak aztertzen ari dira.

Iruñeko Udalak alerta-sistema bat abiatu du herritarrek SMS bidez informazioa jaso ahal izan dezaten eta Udalarekin komunikatu daitezen hirian gerta litezkeen maskoten pozoidurei buruz. Sistema hori uholde-alerten edo garabi-zerbitzuak ibilgailua eremu publikotik eraman duela jakinarazteko sistemaren antzekoa izango litzateke.

Herritarrek alertacan@pamplona.es helbidera idatzita alta hartu ahal izango dute. Printzipioz, helbide hori ez da salaketarako. Salaketa jartzeko Udaltzaingoaren 092 telefonora deitu beharko da. Berez, hori da biderik azkarrena eta eraginkorrena egoera susmagarri baten aurrean esku hartzeko. Hori bai, kexak eta iradokizunak helarazteko erabili ahal izango da, 010 Herritarrendako Arreta Zerbitzuaren osagarri.. Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkari Itziar Gómezek eta Alorreko zuzendari Xabier Ibáñezek gaur goizean jakinarazitako neurrietako batzuk dira horiek, eta erantzuna eman nahi diote herritarren eskaera bati, joan den astean zakur bat pozoitu zela susmatzen baita, eta gaur gaurkoz gertakaria ikertzen ari dira.

Zinegotziaren arabera, balizko pozoidura kasu honek ez du esan nahi halako kasuen gorakada antzeman denik eta, hortaz, berariazko alerta-egoera behar denik. Baina komunikabideetan izan duen eraginak eta herritarrengandik sareetan jaso duen babesak –125.000 sinadura bildu dira– agerian utzi dute animalien eskubideen inguruan dagoen sentsibilizazio-maila altua. Zentzu horretan, Alorrak hausnarketari ekin dio hobetu daitezkeen esparruak aztertu eta prebentzio-neurriak hartze aldera.

Informazio- eta kontzientziazio-kanpainak zakurrendako eremuetan

Iruñeko Udalak kontzientziazio-kanpaina bat egingo du zakurrendako eremuetan, espazio horien erabilera egokiari buruz eta erabiltzaileen konpromisoei buruz, haien betebeharra baita eremu barruan solte dabilen animalia zaintzea, eta zakurren gorotzak biltzea. Udalak hartzen dituen neurriei buruzko informazioa helaraziko die herritarrei. Horietako lehena pozoidura kasu baten aurrean nola jokatu azaltzen duten jarraibideak izan litezke.

Bereziki zakurrendako eremuei lotutako alerta-sistema ezartzeaz haratago, Udalak halako gertakariak  Udaltzaingoan formalki salatu beharra gogoratu du, dagokion prozedura abiatzeko , eta behar izatera, ustezko egileak identifikatzeko.

Bestalde, Iruñeko Udalak animaliak babesteko elkarteekin harremanetan egoteko bide egonkor eta ireki bat mantentzea aztertu du, maskoten errespetua eta zaintzari buruzko egoera hobetzen laguntzeko. Une honetan Udala zakurrendako eremuetako kontrola eta zaintza hobetzeko neurriak aztertzen ari da, inguruko beste hiri batzuetan ezarritako sistemen eraginkortasuna eta neurri horien kostua aztertuta.

10.000 animaliarendako 29 eremu

Iruñeko Udaleko Zoonosi Zerbitzuen arabera hirian 10.000 animalia inguru daude. Iruñean zakurrendako 29 eremu daude, gehienen perimetroa hesituta dago, eta kartel baten bidez identifikatuta daude. Eremu bakoitzean, gainera, edukiontzi gorri bat dago, logotipoaz identifikaturik, bertan gorozkiak botatzeko. Zakurrendako prestatu zen azken eremua Ilargienea parkean dago, Blas de Laserna kalearen ondoan.

Alde Zaharrean zakurrendako bi eremu daude, Frantziako Portalean eta Magdalenako zubian; I. Zabalgunekoa, Armada etorbidean dago; Txantreakoak Mendigorria kalean eta Munduko parkean daude; beste bat Ezkabako Odol emaileen kalean dago; Buztintxurikoak Martínez de Ubago eta Trenbide kaleetan daude; Euzentxiki ingurukoa, Santa Engrazia kalean; eta Arrotxapekoak, Runa parkean, Tiburcio de Redín kalean eta Arga Ibaiaren kalean (Gaseko eskorten ondoan) daude.

Etxabakoitzekoak Urdánoz multzoan eta Etxabakoitzeko iparraldeko pasealekuan kokatuta daude; Donibanekoak, Erreginaren aldapa kalean, San Roken eta Ibarbideko parkean; Iturramakoak, Fuente del Hierro kaleak eta Nafarroako etorbideak bat egiten duten lekuan eta Gaztelugibelen. Zakurrendako eremuak daude baita ere Azpilagañako Amokain Jaurerriaren kalean, Mendillorriko Sarriguren Kontzejuaren kalean, Ermitagañako Arcadio Maria Larraona zeharkalean, Lezkairuko Joan Paulo II.aren etorbidean, eta Mendebaldeako Benjamin Tuterakoaren kalean. Azkenik, Sanduzelain, Sanduzelaiko etorbideak eta Nafarroako etorbideak bat egiten duten lekuan bada bat eta Kaiko kalean beste bat; eta Milagrosan, Ilargienea parkeko eremu berria dago, eta Tomás Caballero parkekoa.

Zakurrendako eremuak, Iruñean

  • Alde Zaharra:
  • Frantziako Portalea
  • Magdalenako zubia
  • I. Zabalgunea:
  • Armada etorbidea
  • Txantrea:
  • Mendigorria kalea
  • Munduko parkea
  • Ezkaba:
  • Odol emaileen kalea
  • Arrotxapea:
  • Runa parkea
  • Tiburcio de Redín kalea
  • Arga ibaia-Gaseko eskortak
  • Euntzetxiki:
  • Santa Engrazia kalea
  • Buztintxuri:
  • Santos Ochandátegui kalea
  • Trenbideko kalea
  • Etxabakoitz:
  • Urdánoz multzoa
  • Etxabakoitzeko iparraldeko pasealekua
  • Donibane:
  • Erreginaren aldapa kalea
  • San Roke kalea
  • Ibarbideko parkea
  • Iturrama:
  • Fuente del Hierro kalea – Nafarroako etorbidea
  • Gaztelugibel
  • Azpilagaña:
  • Azpilagañako ingurabidea
  • Mendillorri:
  • Amokain Jaurerriaren kalea
  • Sarriguren Kontzejuaren kalea (Civivox ondoan)
  • Ermitagaña:
  • Arcadio Maria Larraona zeharkalea
  • Lezkairu:
  • Joan Paulo II.aren etorbidea
  • Mendebaldea:
  • Benjamin Tuterakoaren kalea
  • Sanduzelai:
  • Sanduzelaiko etorbidea – Nafarroako etorbidea
  • Kaiko kalea
  • Milagrosa:
  • Tomás Caballero parkea
    • Ilargienea parkea

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!