Euskarazko hezkuntza eredua eta familian euskara harreman hizkuntza izatea oso garrantzitsuak dira seme-alabak euskaraz hazi eta hezteko. Baina ezin dugu ahaztu eremu horietatik kanpo ere aukerak eskaini behar zaizkiela ikas-prozesua osatzeko eta hizkuntzaren erregistro informala ikasteko nahiz praktikatzeko. Familiatik aukera eman behar diegu hori guztia euskaraz egiteko, eskaintzen diren eskolaz kanpoko jardueretan izena-emanez, (ludotekak, kirola, musika eskola, ikastaroak…) edota telebista edo kultur eskaintzaren bidez (ipuinak, musika, liburuak, jolasak…).
Seme-alaben garapenean eskola funtsezkoa da, baina bertan esna dauden orduen % 15 besterik ez dute ematen. Hortaz, familien esku gelditzen den gainerako % 85 horretan seme-alabei euskara entzuteko eta praktikatzeko ahalik eta aukera gehien ematea, betiere eremu ludikoan eta aisialdi giroan, eskolako esparrutik kanpo.
Hainbat adituren arabera, hizkuntzak ez dira eskolan bakarrik ikasten; bizitzan ikasten dira, kalean, parkean eta beste hainbat toki eta egoeratan. Hizkuntza batek dituen erregistro guztiak barneratzeko, ez da aski eskolan ematen duten denbora. Haurrek tresnak behar dituzte eskolako edukiak behar bezala barneratzeko, baita beren sentimenduak (poza, haserrea, umorea…) euskaraz ere erosotasunez komunikatzeko adinkideekin ari diren bitartean eta erregistro informalago batean.
Garrantzitsua da, beraz, familiek seme-alabei etxean nahiz denbora librean euskaraz aritzeko ahalik eta aukera gehien eskaintzea.
ERA gurasoentzako informazioaren ataria da, seme-alabek euskararekin duten harremana handiagoa izan dadin baliabideak eskaintzen dituena. Adibidez, atal honetan euskarazko marrazki bizidunak ikus daitezke; beste honetan haur-kantak entzun daitezke; eta honetan Nafarroako hainbat herri eta eskualdetan 12 urte bitarteko haurrentzako dagoen euskarazko aisialdi eskaintza ikus daiteke.