Eskuin muturreko taldeek edo Nafarroako funtzionarioek eragindakoak ikertu eta dokumentazioa biltzeko diru-laguntza sail baten inguruan hitz egin du parlamentuan Uxue Barkos Lehendakariak. 2017 honetarako 30.000 euroko aurrekontua bideratzea erabaki zuten Herritarrekiko eta Erakundeekiko departamentutik.
Legea betez egindako diru-laguntza dela nabarmendu du Barkosek. Egia, justizia eta erreparazioa bilatze aldera, Memoria Historikoan egin beharreko lana. Modu kritiko batean begiratu behar zaiolako iraganari etorkizuna eraikitzerako bidean:"ETAko biktimei eta haien senitartekoei urteotan egin zaizkien aitortzekin batera, eskuin muturreko taldeek eta funtzionarioek egindakoak ere era berean merezi dute aitortza"
Eskuin Muturreko talde edo funtzionario publikoek eragindako Motibazio Politikoko Biktimak Aitortu eta Erreparatzeko Foru Legea 2015eko apirilean onartu zuen Gobernuak. Handik gutxira, beste lege askorekin gertatu den bezala Espainiako Gobernuak errekurritu egin zuen. Hori bai, zenbait artikulu ez daude errekurrituak eta horiek dira hain zuzen ere betetzen ari direnak Nafarroako Gobernutik:
Erreparazioa, aitortza sustatzea eta erakundeetatik aitortza hori helaraztea jasotzen du artikuluetako batek. Besteak, zikloak, ikastaroak, mahai inguruak eta halakoak antolatzeko aukera. "Memoria Historikoa zorroztasunez osatzeko lanketa egiten ari dira", gaineratu du Barkosek. Hiru talderi igorri dizkiote 30.000 euroko diru laguntza. Nafarroako Unibertsitateko ikertzaile talde biri eta EHUko beste bati.
Lan saio hori, PPko Ana Beltranek eskatua zuen. Barkosek kritikatu du, oso larria dela gai hauekin alderdikoiki aritzea.