Afapna sindikatuak ez du zerrenda bakarrarik nahi Hezkuntzan. Bereiztuak nahi ditu gaztelania bakarrik dakiten irakasleak eta gaztelaniaz gain euskara ere badakitenak. Bi zerrendatan bereizturik. Eta hori lortzeko, alegia, zerrenda bakarra galarazteko Herri Ekinaldi Legegilea defendatu nahi du parlamentuan. Horretarako lehenago sinadura bilketa abiatu dute. Erroldaren %1 behar dute sinaduretan, hau da, 6.000 sinadura inguru. Hori lortuta, parlamentuan zerrenda bakarraren aurkako Ekinaldia defendatu ahal izanen du sindikatuak.
"Funtzio publikoan sartu ahal izatea eta orain Hezkuntzan zailagoa izanen da zerrenda bakarrarekin gaztelania bakarrik dakiten herritarrentzat", esan du Yolanda Erro sindikatuko hezkuntza saileko kideak. "Gehiengo sozial baten ahotsa eraman nahi dugu Ekinaldiaren bidez, Gobernuak ez baititu herritarrak entzuten", gaineratu du. Afapna sindikatuko presidente Juan Carlos Laboreok gogorarazi du aurreko hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendoza saiatu zela zerrenda bakarra txertatzen eta sindikatuak orduan 11.000 sinadura bildu zituen change.org plataformaren bidez geldiarazteko halako zerrenda. "Orain sinadura bilketa berriari ekinen diogu eta parlamentura eramanen dugu gure proposamena", esan du.
Herri Ekinaldi Legegile bat aurrera eramatea ez dela erraza izanen onartu dute sindikatuko bozeramaleek. Esmeralda Landa zerbitzu juridikoetako kideak esan du orain, arazoa hezkuntza sailan sortu dela, baina, etorkizunean edozein arlotan sortu daiteke euskararen gaiarekin. Ekinaldia ez bada aurrera ateratzen eta Hezkuntza departamentuak zerrenda bakarrarekin deitzen baditu oposizioak Nafarroako Justizia Auzitegira jotzeko prest agertu da Afapna.