ESA urtegiaren handitzeak eragin dituen mugimenduak eta sortu dituen arriskuak aztertu ditu ingeniari talde batek. Lana, lan talde interdepartamental batek egin du eta txosten teknikoak osatu dituzte.
Mari Jose Beaumont Barne Kontseilariarekin batera, txosten horretan jasotakoen berri eman dute Parlamentuan.
Datuek, hotzikarak sortzen ahal dituzte, batez ere berresten dutelako segurtasuna ez dagoela ziurtatua ESA urtegiaren baitan ez eta inguruan ere. Lanak gelditzeko gomendioa ere egiten dute.
Lanketa luzea egin dute. Alderdi ugari aztertu dituzte. ESA urtegia eraikitzen hasi zenetik gaur egun arte izan dituen aldaketak, lurrikarek edo lur mugimenduek sortu dituzten ondorioak, urtegiaren azpiko lurraren beraren osaera eta geologikoki ere aztertu dute eremu hori.
Lan hori eginda, atera dituzten ondorioetatik hasiko gara.
Felix Esparza lan taldean aritu den ingeniaria da. Zazpi ondorio nagusi azpimarratu ditu:
- Urtegiaren segurtasuna eta eskuin zein ezker hegalarenak ziurgabeak dira. Zalantzazkoak.
- Eremu horrek duen geologia anitza da eta horrek zailtasunak eragiten ditu.
- Segurtasuna ez dago objektiboki zehaztua, egiaztatua.
- ESA urtegiko eremua duela urte batzuk baino sismikoagoa da.
- Urtegia bete eta hustutzeak sor dezakeen ondorioa ez dago aztertua.
- Ezarri den larrialdi plana bermerik gabekoa da.
Gomendio batzuk ere helarazi dituzte:
- Egun dagoen segurtasuna ebaluatzea.
- Segurtasun objektiboa neurtzea
- Estabilizazioa lortzeko lanen definizioa.
- Segurtasuna betetzen ez dela antzematen bada, erabakiak hartzeko beharra.
- ESA inguruan bizi diren herritarrekin simulakroak egitea.
Esparzarekin batera Jesus Polo ingeniariak ere hartu du hitza. Argi esan du: larrialdi bat gertatuko balitz ESA urtegian, ezarri den alarma sistema ez litzateke segurua izanen Zangotzan bizi diren herritarrak abisatzeko. Ez ditu arauak betetzen.
Urtegia eraiki zenetik, lur mugimendu nabarmen ugari
Interesgarriak izan dira eman dituen beste zenbait datu ere. ESA urtegia eraikitzen hasi zen garaitik, 1930. Urtean hasi ziren hondaketa lanetan, eta egungo egoera arteko lanez aritu da.
-1959. Urtean amaitu zenetik lehen obra, bi urtera izandako lurrikarak sortutako.
- 1965ean urtegiaren betetzea eta ustutzeak eraginda.
-2003an indusketa lanek eraginda pitzadura handiak sortu ziren
-2006an Melida mendiaren lur-irristatzea
-2012an etxebizitzen hustutzea eragin zuen lur mugimendu handia.
-2014an ere labainketa handiak izan ziren.
Gauzak horrela, lanekin segitu aurretik ebaluazio xehe bat egin beharko litzateke egungo egoera aztertu eta beharrezkoak liratekeen erabakiak hartzeko. Segurtasuna ziurtatuz, aurrera begirako prozedimenduak zein izanen diren erabaki. Eta bien bitartean, inguruan bizi diren herritarrei gutxieneko segurtasuna eskaini.
Lurrikara, bart
Gaur hain zuzen ere Agoitzen, goizaldeko ordu bata laurden gutxi aldean lurrikara bat sumatu dutela: 2,7 intentsitatekoa izan da lurrikara. Agoitzen izan du epizentroa, Espainiako Geologia Institutuak argitara eman duenez.