Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako Euskararen Plan Zuzentzailea aztertu dute gizarte eragile eta sindikatuek. Joan den abuztuan aurkeztu zuten eta denbora izan ondoren aztertzeko, euren ikuspegiaren berri eman dute gaur.
Anbizio gutxiko plana dela uste dute. Osorik euskaraz eskaintzen den ikasketa bakarra, NUP sortu baino lehenago ere euskaraz zegoena Irakaskuntzako Gradua da. Alegia, NUPek ez du bere historiako 30 urteetan sekula gradu oso bat euskaraz emateko ahaleginik egin euren ustez. Plan honek ere ez du halako proposamenik jasotzen, nafar gizartean ikasle euskaldunen proportzioa etengabe handitu den arren, egun %30 izateraino.
Ikasle Abertzaleak, NUPeko euskara taldea, ELA, LAB, STEILAS, Hizkuntza-Eskubideen Behatokia, Iruñeko Euskalgintza eta NUPeko langile talde batek aurkeztu dituzte ondorio horiek gaur.
Nafarroako Unibertsitate Publiko errektoretzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu aurkeztu duen Euskararen Plan Gidari hau birmolda dezatela, ikasleen eta gizarte eragileen parte hartzea bermatuz. Diagnostiko sakon batean oinarrituz eta euskarak ikasleen artean eta ikasketa ezberdinetan izan ditzakeen aukera eta potentzialtasunak kontuan izanik, helburu estrategikoak ongi definitu ditzatela, horiek indarrean jartzeko ekintza eta baliabide zehatzak proposa ditzatela eta denboran nola garatuko den planifika dezatela.