Euskararen dekretu berria eta Euskararen Legearen balizko aldaketa mintzagai Parlamentuaren gaurko saioan

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 2a, 18:39

UPNeko Javier Esparza Uxue Barkosen azalpenak aditzen.

Ana Ollok esan du aurki onartuko dutela Administrazioan Euskara Erabiltzeko Foru Dekretu berria, nahiz eta inoren erabat gustukoa ez izan. Bestalde, UPN eta PP kezkati ageri dira Euskararen Legearen aldaketaz aritzeko batzorde bat sortuko delako.

Gaurko osoko bilkuran Alderdi Sozialistak jakin nahi izan du, Administrazioan Euskara Erabiltzeko Foru Dekretua aurrera eraman eta onartzeko asmoa ote duen, Nafarroako Kontseiluak esan ondoren zalantzazko puntu batzuk biltzen zituela.

Ana Ollo, Herritarrekiko eta Erakundeekiko kontseilariak esan du, zalantzarik gabe, laster onartuko dutela Foru Dekretua. Eta gogorarazi dio, Kontseiluak aholkuak eman zizkiola, zenbait puntutan hobekuntzak egin zitezkeelako. Berretsi du, legearen barrukoa dela dekretua eta parte hartzearen bidez sortutako proposamena dela. Bilerak eta ekarpenak ugariak izan direlako, besteak beste.

UPNk eta PPNk euskararen legea aldatzeko aukerez ere hitz egin dute gaurko saioan. Lege honen balizko aldaketaz aritzeko batzordea sortzeko proposamena aurrera atera zen joan den osoko bilkuran. Geroa Bai, EH Bildu eta Podemosen aldeko botoak izan zituen, Ezkerra abstenitu egin zen eta UPNk, PSNk eta PPk aurka bozkatu zuten, baina, UPNren parlamentari bat, Iñaki Iriarte,  falta zelako, baiezkoak irabazi eta batzorde hori sortzeko aukera eman zuen.

Gauzak horrela, kezkati agertu dira gaur.

Uxue Barkos Lehendakariak erantzun die biei. UPNri esan dio, horren kezkatua balego, aurreko osoko bilkuran egin ahalak eginen zituen batzorde hori sortzea galarazteko, eta ez zen hala izan. PPri esan dio, euskararen aurkako jarrerekin segitzen duela edozeren gainetik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!