Gaurko bilkuran, Gobernuak foru-dekretu bat onartu du, eta, haren bidez, Nafarroako Urrezko Domina eman die, hil ostean, Arturo Campión, Hermilio de Olóriz eta Julio Altadill historialariei; izan ere, «ekarpen handia egin diete Foru Komunitatearen historiari, kulturari eta nortasunari» eta, horretaz gain, gaur egungo bandera diseinatu zuten, XX. mendearen hasieran.
Sari hau Foru Komunitateko kondekorazio handiena da, eta, hari dagokion dekretuan ageri denez, XIX. eta XX. mendeen artean bizi izan ziren Nafarroako hiru pertsona ospetsu horiek «ekarpen handia egin diete Nafarroako historiari eta kulturari, baita garai bateko Nafarroako Erresumako eskubide historikoei ere».
Orobat, Gobernuak esan du Campión, Olóriz eta Altadill «garaikideak direla eta harreman intelektuala izan zutela hainbat foro kulturaletan eta Nafarroako historia aldarrikatzeko eta balorizatzeko foroetan, tartean, Euskara elkartea eta Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordea».
Bandera
Gobernuak dioenez, «lan erabakigarria egin zuten Nafarroaren nortasuna irudikatuko zuen sinbolo iraunkor bat definitzeko, ordura arte izan ez zuena: Nafarroako bandera, gaur egun ezagutzen duguna». Foru Aldundiak eskatu zien, Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordeko kide ziren heinean, bandera sortzeko, gorria, erdian ezkutua zuela. 1910eko uztailaren 15ean, bandera lehen aldiz igotzeko agindua argitaratu zuen; uztailaren 16an igo zen, «Jauregiko Tronu Aretoaren balkoian», Navas de Tolosako Guduaren urteurrenean.
Orobat, Gobernuak dio, «bandera diseinatzeko, saridunak Nafarroaren iragana eta ondare historiko eta artistikoa berreskuratzeko egindako lanean oinarritu zirela, eta sentsibilitate guztietako nafarrentzat garrantzitsuak diren tradizioak eta elementu sinbolikoak errespetatu zituztela; guztiok bat egiteko moduko sinboloa sortu zuten. Nahiz eta XX. mendean zehar zailtasun historikoak bizi izan dituen, gaur egun nafar guztiek maite eta errespetatzen dute bandera, gure lurraldearen eta historiaren ezaugarri den aniztasunaren sinboloa baita».
Arturo Campión
Arturo Campión (Iruña, 1854 – Donostia, 1937) idazlea, politikaria eta intelektuala izan zen, eta Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat ere bai. Orobat, Espainiako Errege Akademiako kide izan zen. Kanpionek lan ugari idatzi zituen, euskaraz nahiz gaztelaniaz, baina batez ere euskal eta nafar gaiei lotuak, eta, literaturan eta ikerketa historiko eta linguistikoan aritzeaz gain, legelari, kritikari literario eta musikal, hizlari eta polemista gisa ere jardun zen, baita kolaboratzaile gisa ere 40 egunkari eta aldizkaritan baino gehiagotan.
Hermilio Olóriz
Hermilio de Olóriz (Iruña, 1854 – Madril, 1919) idazlea, olerkaria eta historialaria izan zen, eta oso konprometituta egon zen nafar nortasunari lotutako kontuekin. Foru Aldundiko liburuzaina eta kronikaria izan zen. Aldundiaren pentsio bat jaso zuen Madrilen Diccionario de Varones Ilustres de Navarra prestatzeko, eta urte asko eman zituen zeregin horretan.
Julio Altadill
Julio Altadill (Toledo, 1858 – Iruña, 1935) militarra, historialaria eta geografoa izan zen. Lan ugari idatzi zituen, baina bereziki aipatzekoa da haren Geografía General del Reino de Navarra mardula. Argazkilari gisa ere nabarmendu zen, eta argitalpen askotako kolaboratzailea izan zen. Hala ere, haren lan gehienak Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordearen buletinean daude.
Urrezko Dominak
Gizarte osoaren ikuspegitik Nafarroako interesen defentsan eta sustapenean nabarmentzen diren pertsonei, erakundeei edo kolektiboei ematen zaie Nafarroako Urrezko Domina.
1982. urteaz geroztik, Foru Gobernuak pertsona, erakunde eta kolektibo sozialei eman die Nafarroako Urrezko Domina:
1982: Juan Pablo II.a aita santua, urte horretan Nafarroan izan zena.
1984: José María Lacarra (historialaria) eta Julio Caro Baroja (historialaria eta etnografoa).
1985: Nafarroako Odol Emaileen elkartea.
1988: Juan Carlos eta Sofía Espainiako errege-erreginak; urte horretan lehen bisita ofiziala egin zuten Foru Komunitatera.
1989: José Miguel Barandiarán (paleontologoa eta antropologoa) eta Alfredo Floristán (geografoa)
1990: Juan García Bacca (filosofoa eta saiakera-idazlea) eta Karitateko Ahizpen ordena.
1991: Adriana Beaumont Galdúroz (Félix Huarte enpresaburuaren emaztea, Nuevo Futuro Navarra elkartearen sortzailea) eta Ángel Martín Duque (historialaria).
1992: Jorge Oteiza Embid (eskultorea eta artista plastikoa)
1993: Juan de Borbón y Battemberg, urte horretan Iruñean hil zena.
1994: Caritas Diozesiarra.
1995: Medicus Mundi.
1996: Miguel Indurain Larraya (ziklista, Frantziako Tourraren garaile bost aldiz).
1997: Nafarroako Unibertsitatea.
1998: Nafarroako Misiolarien kolektiboa.
1999: ANFAS.
2000: Terrorismoaren Biktimen Elkartea.
2001: Salestarren Bigarren Hezkuntzako Zentroa.
2002: Diario de Navarra.
2003: Pablo Hermoso de Mendoza, burtzikaria.
2004: Volkswagen Navarra.
2005: Argentina eta Txileko zentro nafarrak
2006: Iruñeko Miserikordia Etxea.
2007: Nafarroako Gurutze Gorria.
2008: Nafarroako Enpresarien Konfederazioa (CEN), Unión General de Trabajadores (UGT) eta Comisiones Obreras (CCOO).
2009: Unión de Agricultores y Ganaderos de Navarra (UAGN) y Unión de Cooperativas Agrarias de Navarra (UCAN).
2010: Iruñeko Orfeoia.
2011: Santiago Bideko Lagunen Elkarteak.
2012: Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP).
2013: Organización Nacional de Ciegos Españoles (ONCE)
2014: 1964ko Nafarroako Sustapen Programaren sustatzaileak
2015: José María Jimeno Jurío, historialaria (hil ostean).
2016: Pedro Miguel Etxenike, fisikaria.