Zerrenda bakarraren bidez gaitasun gehien duen irakaslea lehenestea eskatu dute LAB, ELA eta Steilasek

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 31a, 14:23

Gaitasun eta ahalmen gehien dituzten irakasleek aukera gehiago izan dezatela ziurtatuko duen zerrenda baten alde egin dute sindikatu horiek.

Hezkuntzaz aritu dira gaur Nafarroako Parlamentuan. Hezkuntza Departamentuan aztertzen ari da zerrenda integratua txertatu ahal izatea datozen Lan Eskaintza Publikoetan. Hala, zerrenda bakar batean leudeke irakasle guztiak eta dituzten merituen araberako puntuazioaren bidez sailkatuko lituzkete. Prestatuenek izanen lukete lehentasuna.

Duela bi aste, UGT, Comisiones Obreras eta Afapna sindikatuetako eledunak izan ziren gai horren inguruan solasean. Zerrenda bakarra osatzearen aurka agertu ziren, gaztelania bakarrik zekitenentzako diskriminatzailea zela ziotelako. Lehenesten zelako euskara jakitea.

Diskriminaziorik ez dute inondik ikusten Steilas, ELA eta LAB sindikatuek. Are gehiago, diskriminazioa urteotan guztiotan izan da euskara ere badakiten irakasleen artean.

Zerrenda integratu baten aldeko jarrera hartu du Steilas sindikatuak. Eta, agerraldia hasi du, erreferentzia eginez hain zuzen, duela bi aste UGT sindikatuko kideak egindako baieztapen bati erantzunez. Maria Jose Anautek iradoki zuen, euskaraz ikasitako eta irakasle zirenak, gai ote ziren gaztelaniaz eskolak emateko. Gaztelaniaz aritu da Steilas sindikatuko ordezkari Amaia Zubieta ohartarazteko euskaraz bezainbeste adieraz dezakeela gaztelaniaz ere.

Eta nabarmendu du sindikatu horrek: oposizioak eta zerrendak bereiztuko lituzketela. 2007ra arte hala izan zirela gogoratu du eta hobeki funtzionatzen zuela uste dute. Epaimahai bat baino gehiago izatea ere ez dute gaizki ikusten, izan ere, azterketara jendetza aurkezten zenean bat baino gehiago izan dute. Hori bai, kalifikatzeko unean irizpideak zehatzak eta garbiak izan daitezela eskatu du Steilas sindikatuak. Segregazioa, bi hizkuntzaren artean gertatzen da, eta bakarrik Hezkuntzan, gogoratu dute.

LAB sindikatuak du gehiengoa Hezkuntzan. Eta gehiengo sindikatua zerrenda integratua edo bakarraren aldekoa dela gogorarazi du. LABek ere ez du ulertzen esaten denean halako zerrenda diskriminatzailea dela gaztelania bakarrik dutenen artean. Gaitasun eta ahalmenen araberako zerrenda izanen da. 

Argudio faltsuak erabiltzen ari direla salatu dute, interes ezkutuak dituztela zenbaitzuek. Zonifikazioa ere aitzakitzat erabiltzen dute, ez duelako zer ikustekorik Nafarroa hizkuntzarekiko nola dagoen banatua, hezkuntza komunitatean irakasleen zerrenda osatzearekin.

ELAk ere bide horretatik jo du. Orain arte euskara ere jakin dutenei aukera gutxiago eskaintzen zitzaien, eta bada ordua, hizkuntza eskubideak ziurta diezazkieten. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!