Bileran onartu zuten atzo Nafarroako Ubidearen Bigarren Fasea: 1,9 milioi euro izanen dira inbertituko dituztenak eta 21.522 hektarea ureztatuko ditu Erriberan. Horixe da aurreikuspena. Orain, datozen 18 hilabeteotan osatu beharko dute proiektu osoa. Eta horretan jaso beharko dituzte baita beste alternatiba posibleak ere. Ureztatzea toki gehiagoara zabaltzeaz gainera Erriberako zenbait herritara iristen den edateko ura eta industriaguneetaraino iristen dena hobetu beharko dute.
70 kilometro luze izanen dituen eta 20 metro kubiko izanen dituen hodia eraiki beharko dute. Pitillasen egina dagoen ubidetik irtengo da eta Ablitaseraino iritsiko da. Horrez gain, Alhama izeneko eremua ere ureztatuko du, Citruenigo eta Korellan dagoena. Beste eraikuntza posibleak ba ote dauden ere ikertu beharko dute alternatibak baleude horiek ere jaso ahal izateko analisi txosten batean. Nafarroako Gobernuak orain arte egindako txostenak eta aurreproiektuak ere kontuan hartuko dituzte. Hamaika gunetan gainera aurreikusi dute ur-hargune eta bi urmael, bat Pitillasen eta bestea Tuteran.
Bigarren fasea datuz datu
Nafarroako Ubidearekin 59.160 hektarea ureztatzea lortu nahi dute, herritarrentzako eta industriaguneentzako ura garraiatzeko baliagarria izanen dena. Herritarren %60ari iritsiko litzaioke ubidearen bidezko ura. Horrez gain energia elektrikoa ere sortuko luke herritarren %6,5arentzat.
Orain arte ubidearen lehen faseak 22.336 hektarea ureztatu ditu 20 herriren artean. Lehen fase horren zabalkundeari esker beste 15.275 hektarea ere ureztatu dira beste 15 herri ingurutan.