Txalapartari buruzko kontzertu didaktikoak, Iruñeko ikastetxeetan

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 30a, 08:23

Iruñeko Udalaren eskaintza da eta gaztelaniaz, euskaraz, eta ingelesez izanen da. Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila bitarteko eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei daude zuzenduak.

Iruñeko Udalak kontzertu didaktikoen programa berria jarri du abian, Hutsun Txalaparta Taldearen eskutik, 2017-2018ko ikasturterako. Kontzertuak doakoak dira Iruñeko ikastetxe publiko eta itunduendako, eskola-ordutegiaren barruan egingo dira eta Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila bitarteko eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta daude. Parte hartu nahi duten ikastetxeek Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko alorrarekin jarri behar dute harremanetan, educacionpamplona@pamplona.es helbidearen bitartez. Ikastetxe bakoitzak behin bakarrik eman behar du izena, eta beraz, hainbat ikasgela elkartzen ahalko dituzte saio bakar batean, modu horretan ahalik eta ikasle gehienek ikus dezaten kontzertua.

Ekimen honen helburua da instrumentu tradizional honen bilakaera hedatzea. Saioan musika-ibilbide bat egiten da, urratsez urrats, zeinaren bitartez 60ko hamarkadako txalaparta tradizionala eta txalaparta garaikidea uztartzen baitira. Jatorriaz eta txalaparta mota desberdinez gain, tobera eta kirikoketa azalduko dira ikuskizunean. Ikasleek jardueran parte hartzen ahalko dute, galderak eginez edo taula gainera igota boluntario gisa.

Kontzertuak musika-ikasgelan egiten ahal dira, ekitaldi-aretoan eta ikastetxeko patioan ere. Ikastetxeek proiektagailua eduki ezean, azalpenak tamaina handiko laminen bidez egingo dira. Behar izanez gero, soinu-ekipamendua taldeak berak eramango du; ikuskizuna hasi eta ordubete lehenago joango da eta beharrezkoa den materiala muntatuko du 30 minutuan.

Hutsun Txalaparta 2011n sortu zen, eta Simón Ahechu Agarraberes, Mikel Hernández Urrutia eta Anai Gambra Uriz dira taldekideak. Kontzertu didaktikoak egin dituzte Iruñea, Tutera, Bergara, Viana, Zangoza eta Deikazteluko ikastetxetan. Hasieratik, taldearen helburuak hiru izan dira: ikerketa, dibulgazioa eta sorkuntza artistikoa. Sorkuntza artistikoen artean azpimarratzekoak dira zirku garaikideko Lurrak ikuskizuna, Jaso, Escrich eta Lizarraga musikariekin egindako elkarlana jazzaren inguruan, Basajaun Iruñeko Ganbera Abesbatzarekin eta Magnificat Josu Elberdin eta Nafarroako Abesbatzen Elkartearekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!