'Ni, denetan okerrena' proiektuak 24 artisten lanak erakutsiko ditu

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 30a, 08:04

Kulturako artistak eta arduradunak erakusketan.

Erakusketak, hitzaldiak, mahai-inguruak, bisita gidatuak, tailerrak eta egonaldiak izanen dira hiru tokitan: Uharteko Arte Garaikidearen Museoan, Jorge Oteiza Museoan eta Nafarroako Museoan. 

«Yo, la peor de todas/Ni, denetan okerrena» proiektuak 24 artistaren lana erakutsiko du 2018ko otsailaren 4ra arte, lehen aldiz hiru egoitzatan (Nafarroako Museoa, Jorge Oteiza Fundazio Museoa eta Arte Garaikideko Huarte Zentroa) eta hari kontzeptual beraren pean.

Proiektuaren egitarauan 30 jarduera baino gehiago daude, hiru egoitzetan banatuta.

Artearen Historian doktorea, ikertzailea eta idazlea den Maite Garbayo Maeztu da «Yo, la peor de todas/Ni, denetan okerrena» proiektuaren komisarioa. Proiektua teoria kritiko feministatik abiatzen da, eta zalantzan jartzen ditu emakumeak kontuan hartu ez dituzten ezagutza sortzeko eta transmititzeko modu hegemonikoak.

 

Erakusketak obra artistiko berriak ditu, baina baita egileek lagatako beste batzuk ere, era guztietako euskarri eta teknikak erabilita egindakoak (pintura, eskultura, argazkilaritza, bideosorkuntza, fanzinea). Horretaz gain, beste formatu batzuetako ekintzak ere egongo dira, hala nola emanaldiak, sortze-prozesuak, tailerrak, egonaldiak, laborategiak eta hitzaldiak.

Erakusketak obra artistiko berriak ditu, baina baita egileek lagatako beste batzuk ere, era guztietako euskarri eta teknikak erabilita egindakoak (pintura, eskultura, argazkilaritza, bideosorkuntza, fanzinea). Horretaz gain, beste formatu batzuetako ekintzak ere egongo dira, hala nola emanaldiak, sortze-prozesuak, tailerrak, egonaldiak, laborategiak eta hitzaldiak.

Gaur goizean, inaugurazio ofiziala baino ordu batzuk lehenago, komisarioa eta zenbait artista, hedabideekin batera, bi erakusketetan izan dira, Nafarroako Museoan eta Jorge Oteiza Museoan. Bertan izan dira, baita ere, Kulturako zuzendari Fernando Pérez eta Museo Zerbitzuetako zuzendari Susana Irigaray. Inaugurazio ofiziala arratsaldean izan da, eta Nafarroako Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak egin du.

Proiektua topagune gisa proposatu da, gure errealitatea zalantzan jartzen duten eta baztertutako jakintza itzultzea ahalbidetzen duten ezagutza moduak trukatzeko eta aztertzeko eremu gisa. Guztira 24 artistak parte hartu dute, eta artearen eta ikerketaren arloetan dituzten interesetatik abiatuta aztertzen dituzte alderdi horiek. Aurkeztu dituzten proposamen artistiko gehienak berariaz erakusketarako sortu dira.

Nafarroako Museoa

Nafarroako Museoan, artista horien lanekin batera, XVII. mendean Mexikon egindako bionbo kolonial bat ere egongo da, Gendulaingo Kondeen Jauregitik ekarria, eta ezagutzaren kolonialtasunarekin eta modernitateak dakarren hegemonia europar, zuri eta maskulinoarekin erlazionatutako gaiez hitz egiteko. Francis Bartolozzi artistaren «Gerrako marrazkiak» ere ikusi ahal izango dira, eta, gaur egungo artisten lanekin batera, gure lurraldeko emakume artisten genealogiak eraikitzeko aukera ematen dute. Bestalde, obra horiek ez ezik, Museoko bilduma historikoa ere badago, eta haiek guztiek museoen ikuspegi okertu eta desbideratuak proposatzen dituzte ezagutza ofizialaren eraikuntza-gune gisa, objektuak beste era batera ikus daitezen.

Erakusketak iraungo dituen hilabeteetan, Nafarroako Museoak bisita gidatuak, artisten hitzaldiak (besteak beste, Bracha Ettinger edo Marisa Belausteguigoitia), tailerrak (Bitartean eta Gentz del Valle), eta komisarioarekiko topaketa eskainiko ditu. Jarduera horiek doakoak dira, toki kopurua bete arte.

Nafarroako Museoa doan bisita daiteke erakusketak iraun bitartean.

Jorge Oteiza Fundazio Museoa

Jorge Oteiza Fundazio Museoan, zazpi artista jarriko dira Jorge Oteizaren aurrean, eta beren interes artistiko eta pertsonalak, esperientzia eta trebakuntza, eta estimua erakutsiko dituzte.

Artea ezagutzeko modu gisa ikusten duen Oteiza hori hartzen du aintzat erakusketak, hezkuntza estetikoa funtsezko pedagogia gisa ikusten duen hori, baina baita mugako pedagogia kontrahegemoniko gisa ikusten duen hori ere, hurbilen duten ingurunearekin kritikoak eta konprometituak diren subjektuak sortzeko gai dena. Oteiza hori zenbait forma eta tradizio lokaletara itzultzen da, eta jakintza modu gisa kokatzen eta legitimatzen ditu, diskurtso zentrala eta arrazionala kolokan jartzeko gai dena. Era berean, artea eta euskal identitatea birformulatzen duen Jorge Oteiza hori eteten saiatzen dira artistak, baita haren legatu estetikoa eta eskultorikoa ere.

Zentro honetan, bisitak eta tailerrak egingo dira.

Arte Garaikideko Huarte Zentroa

Arte Garaikideko Huarte Zentroak «Yo, la peor de todas/Ni, denetan okerrena» proiektuaren ildo kontzeptualekin erlazionatutako lan artistikoko eta ikerketa-laneko prozesuak biltzen ditu. Zentroak ohiko programetara (Habitación, Akanpada eta Aperitifak) egokitu ditu erakusketa honen edukiak. Ohiko programa horietan, herriaren jakintza eta jakintza tradizionala berrezartzeko prozesuak edo feminismoekin, ezagutzaren dekolonializazioarekin edo erresistentzia modu desberdinekin erlazionatutako gaiak aztertzen dira. Gainera, ilustrazioari eta autoedizioari buruzko tailerrak ere badaude. Urrian, Huarte Zentroak Maloficio egonaldi artistikoa izan du; bertan, hainbat artistak parte hartu dute, hala nola Rurru Mipanochia, Gelen Jeleton, Liébana Goñi, Cristina Jiménez eta Irati Fernández Gabarain, eta fanzine kolektibo bat prestatu dute, Nafarroako sorginkeriaren historia azaltzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!