Uxue Barkos: "Kaosaren diskurtsoen gainetik kohesio soziala eta ongizatea berreskuratzera jo dugu"

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 26a, 14:05

Politika Orokorreko Eztabaida izaten ari da Parlamentuan. Uxue Barkos Lehendakariak bi orduko hitzaldia egin du. Aurrera begira, bost erronka finatu ditu: Kalitatezko enplegua sortzea, digitalizazioa, ongizate estatua sustatzen segitzea, elkarbizitza eta autogobernua indartzea. 

Erkidegoari buruzko eztabaida izaten ari da gaur Nafarroako Parlamentuan. Goizeko bederatzi terdietan hasi da eta bihar ere ebazpenen txanda iritsiko da.

Bi ordu eta erdiz aritu da, lehenbiziko, Nafarroako Lehendakaria, Uxue Barkos. Bi hizkuntzatan entzun dugu, gaztelaniaz eta euskaraz, gehiena, erdaraz %80.

Atzera begira jarri da, baina gehiago jo du aurrera begirako erronkez hitz egitera. Herentzian jasotakoa ez du ahaztu dena dela, 96 milioi euro ordaindu behar izan dituelako aldaketaren gobernuak UPNk utzitako kudeaketa okerraren ondorioak estaltzeko: 2012ko aparteko ordainsaria ordaintzeko; irakasleen oporrak ordaintzeko; Garraioaren Hiriaren epaia betetzeko; edota familiei laguntzak emateko. Ekonomian alderdi erregionalistak egindako zuloa estaltzeaz gainera, UPN, PSN eta PPrekin kritiko agertu da, batez ere diskurtso faltsuak haizatu nahi izan dituztenean: Nafarroako ikurrekin egin zutena edo esaten dutenean Erribera gutxiesten dutela. Zailtasun gehigarriak ekarri ditu horrek, baina aldi berean gai izan dira 2017an Eskubide Sozialetarako inoiz bideratu den aurrekonturik handiena bideratzeko.

Pobreziari aurre egin eta ongizatea bermatzea

Bi urte eta erdi joan dira Nafarroako erakunde nagusietara aldaketa iritsi zenetik. Aldaketa politikoaz baino, orain, aldaketa sozialaz edo gizartearen aldaketaz hitz egin nahi izan du Barkosek. Erakundeetan izan den aldaketa, Gobernuan batez ere, programaren gaineko akordioak eman diola uste du. Eta aurrera begira ere, hori izanen da bideorria.

Bost helburu nagusi markatu ditu erronka gisara datozen bi urteotarako:

  1. Kalitatezko enplegua sortzea
  2. Nafarroa 4.0-n aurrera egitea, digitalizazioan aurrera egitea.
  3. Ongizate estatua mantendu eta indartzea
  4. Elkarbizitzan lan egiten segitzea
  5. Autogobernua indartzea, eskumen gehiago hartuta.

Osasun Departamentura milioi bat euro bideratu du Gobernuak aurten, Eskubide Sozialetako departamentura ere inoiz baino gehiago eta Hezkuntzan ere izugarri hazi da aurrekontua. Horretan, badu zerikusirik Barkosen esanetan 2015ean hasitako Erreforma Fiskalak ere. 400 milioi euro gehiago jaso ahal izan dira aurten, eta horrekin noski, inbertsio gehiago egiteko aukera izan da.

Erreforma fiskala eta iruzurra

Iruzurrari eta ustelkeriari aurre egiteko baliabide eta tresna gehiago jarri dituzte martxan. Besteak beste, nafar zordun handienen zerrenda ere publiko egin zuten. 316 enpresa eta norbanakok Nafarroako Ogasunari 218 milioi euro zor baitizkiete.

Langabeziaz aritu da Barkos ere. EPAren datuak ere aztertu ditu, gaur bertan ezagutu ditugunak. Horretan jasotzen da, aurtengo bigarren hiruhilekoan iazko epe berdinean baino 5.000 langabe gutxiago dagoela. Datu positiboak iruditzen zaizkio, nahiz eta, oraindik asko dagoen egiteko, 32.800 pertsona daude oraindik zerrenda horretan.

Enpleguaz hitz egiterakoan, prekarietateaz hitz egin du Barkosek. Esan du, ezinen dela hitz egin krisia atzean utzi dugula esanez, lanpostuak kalitatezkoak ez diren arte. Pobreziatik aterako dituen lanpostuak izan behar dira. 

Enpresak Nafarroatik joan direla diotenen ahotsak ere isildu nahi izan ditu. Ez da egia enpresek alde egin dutela, are gehiago, handitu egin da Nafarroan enpresa kopurua: 2015ean 36.738 ziren eta egun 38.700 dira. Industriaren pisua ere nabarmendu du. Espainia eta Europakoarekin alderatuz, bataz bestekotik oso goian kokatzen baita Nafarroaren indar industriala.

Ongizarte estatua indatzea

Hitzaldiaren parte handi bat aritu da Barkos zerbitzu publikoez hizketan. Osasun arloan egindako aurrera pausoez mintzatzerakoan, itxaron zerrendetan egin den urratsa nabarmendu du, adibidez. 2015ean 50.000 lagun zeuden, orain 38.000 dira.

Menpekotasunerako laguntzak ere 5.000 milioi eurokoak izan dira. 2015ean baino pertsona gehiagori atenditu zaie, %40 gehiagori. Desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten dutenekin ere lortu da lan gatazkari aurre egitea eta hitzarmena erdiestea. Botiken berrordainketari aurre egiteko laguntzak eman zaizkie 18.000 euro baino gutxiagoko errenta dutenei.

Pobreziari aurre egiteko aurrekontua bikoiztu egin da : 78 milioi eurotik 150 milioi euro inbertitzera. Eta orain, Espainiarekin alderaketa eginda, pobrezia tasarik txikiena du Nafarroak. Baliabideak eman dira pobreziari aurre egiteko, eta orain, legez, pertsonen eskubideak ziurtatzera jo behar dela nabarmendu du Barkosek.

Babes soziala ziurtatu behar da, eta lan hori izan da lehentasunetako bat aldaketaren Gobernuarentzat. Bizitzen duintasuna oinarri hartuta, etxebizitza sozialak bultzatu eta sustatu direla ere nabarmendu du. Etxe kaleratzeei aurre egin zaie eta alokairu soziala eskaini zaie behar gehien duten familiei. 

Hezkuntzan ere inbertsio gehiago, baliabideak eta laguntzak eman dira. Aniztasunari arreta eskaintzea ziurtatu eta duindu egin dira ikastetxeetako eskolak. Ratioak gutxitu dira eta berdintasuna lehenetsi da.

Memoria eta elkarbizitza

Aldaketaren Gobernuaren beste erronketako bat legealdiaren hasieratik, Memoria eta Elkarbizitza izan dira. Egia, justizia eta aitortza biktima guztiei helarazteko borondatea izanda. Terrorismoaren biktimak atenditzea, baina, bestelako biktimei ere eskaintza bera egitea izan da xedea. Memoria historikoa berreskuratzea eta frankismotik oraindik mantendu diren ikur eta oroitarri frankistak kendu egin dira.

Euskara. Orain arteko Gobernuek gutxietsia izan denari, bultzada ematen ari zaiela esan du Barkosek. Hizkuntzaren normalizazioa lortzea da bidea, eta erronka.

Berdintasun Institutua sortzea, Kulturan, Kirolean eta Gazterian aurrera egitea.

Nafarroako Polizien Legeaz ere hartu du tarte bat. Esan du, galdu dutela bai, baina ez dela porrota izan. Etorkizunean landu beharreko gaia dela ere nabarmendu du.

Azpiegiturez aritu denean, Abiadura Handiko Trena aipatu du. Madrilek berriz ere erabaki du aldebakartasunez 2010eko hitzarmena bertan behera uztea. Nafarroak, zegokiona egin duela iruditzen zaio Lehendakariari. Eta Nafarroaren apustua, garbia: korridore osoa aintzat hartuko duen proiektua defendatuko duela.

Aurrera begirako proiektu eta egitasmoez aritu da. Lehen esan bezala, bost erronka nagusi finkatu dituzte datozen bi urteotarako. Eta horiekin batera 50 konpromiso ere bai. Batzuk aipatzearren: menpekotasuna dutenei arreta egokia ematea; Familia eta Haurtzaroa Plana, gizarteratzea, Lehen Mailako arreta Osasun arloan, Osasun Legea, Fiskalitatea, Berdintasunerako Foru Legea, Kulturaren Plan Estrategikoa, Genero Indarkeriari aurre egitea edota Lan Eskaintza ahalik eta handienak egitea.

Altsasu:proportzionaltasuna eskatu du

Nafarroatik kanpora begiratzen jarri aurretik, aurten gertatu den istilu bati ere erreferentzia egin dio. Altsasuri. Bertan izan zen istilua lehen unetik gaitzetsi zuen, baina, terrorismoarekin lotzearekin bat ez datorrela esan du Barkosek. 

Eta Kataluniara begira ere jarri da. Uste du, 155. Artikulua ezartzeak ez duela inolako onurarik ekarriko, kalteak baino. Eta horretan, UPN eta PSN ere badirela erantzule, uste du. 155etik harago, badela beste aukerarik ere uste du eta irtenbidea elkarrizketatik etorri behar dela ere berretsi du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!