Lizarraren garrantzia zeramikaren bidez aztertua NUPeko tesi batean

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 25a, 08:31

Argazkia: Jaime Aznar Auzmendi, NUPeko doktore berria.

Jaime Aznar Auzmendi historialari eta arkeologoak Ega ondoko hiriaren historiaren berrikuspen bat egin du IX. eta XVI. mendeen arteko piezen bidez.

Lizarra merkataritza gune garrantzizkoa izan zen Erdi Aroan, eta XIV. eta XVI. mendeen artean, bertako produkzioek menderatzen zuten landa-gizarte batetik abiaturik, kosmopolitismoak eta konektibitateak markatutako eszenatoki burges bat garatu zen bertan. Hori guztia ondorioztatzen ahal da hondakin arkeologikoak aztertuz gero, zehatzago esateko zeramika piezak, eta horixe da Jaime Aznar Auzmendi (Iruñea, 1976) historialari eta arkeologoak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defenditu duen tesian adierazten duena. Eloísa Ramírez Vaquero Unibertsitateko Geografia eta Historia Saileko katedradunak zuzendu du tesia, eta Carlos Laliena Corbera Zaragozako Unibertsitateko katedraduna izan da zuzendari-kidea. Tesiak kalifikaziorik altuena lortu zuen: bikain "cum laude", eta Unibertsitatearen webguneko Academica-e biltegian dago ikusgai.

Ikerketaren izenburua “La cerámica medieval de Estella” da, eta bertan Ega ondoko hiriaren historiaren berrikuspen bat egiten da, "aurki daitekeen Erdi Aroko Nafarroaren lekukotasunik onenetakoa, bai ondarearen ikuspegitik, baita alderdi sozioekonomikotik ere", ikertzaileak nabarmendu duen bezala. Ikerketan Aznarrek aztertu ditu Lizarran 2000. eta 2010. urteen artean egin ziren indusketa arkeologikoen emaitzak, zeinetan IX. mende bukaeratik XVI. mende hasierarainoko data jartzen ahal zaizkien piezak azaleratu baitziren. Esku hartze gehienak Navark enpresako Mikel Ramos Aguirreren zuzendaritzapean egin ziren.

  Indusketak hiru eremutan egin ziren, ikerketa-lana errazteko asmoz: Muinoaren eremua (Zalatamborreko gaztelua, Judutegi Berria, Santa María Jus eliza, eta eliza honetako ate-dorrea), hiri eremua (Asteria, Caldereria eta Puy kaleak, Kale Nagusia, Nabarreria, San Nikolas, La Rua eta San Pedroren Rua kaleak eta Erregearen kalexka) eta Monjardingo eremua (Deioko San Esteban gaztelua, Gaztelu Zaharra eta Urbiola).

Erdi Aroko Lizarraren testuinguru historikoa

Ikerketan biltzen den moduan, hiri aberats bihurtu baino lehen, Lizarrak populazio gune sakabanatuak eta dentsitate txikikoak zeuzkan, horixe izanik Erdi Aroko hasierako landa paisaiaren paisaia tipikoa. Egoera hau aldatu zen Iruñeko monarkiak konkistatu zuenean, Antso I.a Gartzez erregearen eskutik, eta XII. eta XIII. mendeen artean Lizarra hazi zen, obra handiak egin ziren eta merkataritza bihurtu zen jarduera ekonomiko nagusi, Done Jakue Bidearen eragin garrantzitsua bultzatzailea izan zelarik.

Hala ere, XIV. mendean ziklo ekonomikoaren aldaketa gertatu zen, krisi politiko etengabeak larriagoturik. Gainera, goseteak eta Izurrite Beltza agertu ziren, eta hori zela eta biztanle kopurua nabarmen txikiagotu zen. Bere aldetik, krisi ekonomikoak Arenal auzoa desagerrarazi zuen 1370ean, eta San Nikolas XVI. mendearen hasieran desagertu zen. Zalatamborren dagoen gaztelua Gaztelako soldadu saldoek zenbait aldiz setiatu zuten XV. mendean, eta gerra zibilean agramontarren alde atera zen. 1512. urtean Lizarra errenditu egin zen, eta hori izan zen "aspaldi amaitutako joritasun baten epilogoa", ikertzaileak esaten duenez, gero gaineratzen duena ezen "beharrezkoa zela Ega bazterreko hiriaren historiara eta bere iragan aberatsera bestelako modu batez hurbiltzea, gertaera historikoen kontaeratik harago joanez".

Ibilbidea Lizarraren historian zehar, bere zeramikaren bidez

Indusketetan aurkitu diren zatirik goiztiarrenak, doktoretza tesian aintzat hartzen direnak, IX. mendearen amaierakoak edo X. mendearen hasierakoak dira, eta defentsarako egiturekin lotutako aztarnategietan zeuden. "Gehienetan sukaldeko tresnak dira, inoiz apaindurak edukitzen dituztenak; horrek erakusten du Lizarra hiri oso bihurtu baino lehenagoko espazioan bazegoela bertako ekoizleen sare txiki bat, erdialdeko eta ekialdeko Nafarroan bezala", Aznarrek dioenez.

Hiri guneko ebidentzia zeramikoak XI. eta XII. mendeetatik aurrera aurki daitezke. Ikertzaileak azaltzen duenez, "burgu frankoek zeramika mota berri bat daukate, sukaldean eta mahaian erabiltzekoa, eta zeramika mota hori zabaltzen da Gazteluen Muinoko eta Monjardineko babestokietara. Teknikoki oso landuak diren lanabes batzuei buruz ari gara, gainazalen tratamendua daukatenak, XII. eta XIII. mendeetan agertzen den berinaztatua bezala". Aldi berean, "elementu apaingarrien erabilera orokortzen hasten da, eta horrek Euskal Herria edo Errioxa bezalako eskualdeak bere baitan hartzen dituen merkataritza gune zabalago baten berri ematen du", azaldu du tesiaren egileak.

XIII-XIV. mendeetatik aurrera, bertako produkzioen jaitsiera bat nabarmentzen da, eta inportazioen kopurua handitzen doa, bertako produkzioari gailentzen zaion arte, aipatu denez. Berinaztatzea eta esmalteztatzearen erabilera ere hedatuko da, eta XVI. mendean zehar ere gainazalen tratamendu hauek egongo dira. Apaingarriei dagokienez, lerro pintatuak beste edozein baliabide teknikori gailenduko zaizkie, bai aldaera eskematikoan, baita aldaera figuratiboan ere. Garapen honek sukaldeko, biltegiko edo mahaiko tresnak ukitzen ditu, lerro sigi-sagatsuagoak eta landuagoak emanez. Beste alde batetik, Aznarrek esaten duenez, "lehenagoko alditik datorren merkataritza sarea nagusi da oraindik, eta horri gehitu behar zaizkio Muel, Huesca edo Teruel bezalako gune aragoiarretako produktuak. Ekialdea ere agertzen da, Manises, Alacant eta Castellótik etorriko aleak ere badirelako. Oso bakarka bada ere, Gaztelatik, Leondik eta Valladolidetik inportatutako piezak ere badaude, eta are Frantzia hegoaldetik ere, Montpellierretik, esaterako", nabarmendu du. Piezen bidezko ibilbide honek agerian uzten du, hasieran esan den bezala, merkataritzaren eragina batik bat landakoa den gizarte batean.

Curriculum laburra

Jaime Aznar Auzmendi Historian lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta Ikertzeko gaitasuna Arkeologian Granadako Unibertsitatean erdietsi zuen (garai hartan arkeologia lanak egin zituen Granadan eta Almerian). Arkeologo lan egin izan du Trama eta Navark enpresetan hamar urtez, Iruñean, Beriainen, Lizarran eta Fiteron; eta lan egin izan du, baita ere, Kairon (Egipto) eta IFAO instituturako (Ekialdeko Arkeologiaren Institutu Frantziarra) eta Aga Khan Fundaziorako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!