Diasporan bizi diren 2.200 gazte Nafarrekin lotura ezarri nahi du Gobernuak

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 18a, 21:02

Arg: http://blog.educaweb.com

Truke-sareak sortu nahi ditu gazteek beste herrialde batzuetan duten esperientzia profesionalari probetxu ateratzeko. Horretarako azterlan bat abian jarri du.

Nafarroako Gobernua azterlan bat egiten hasi da duela gutxi atzerrira joandako nafarrei buruz. Azterlan horren helburua da emigratzaileen profil berri hori osatzen duten nafarrak (gehienak gaikuntza handiko gazteak) identifikatzea eta haiekin harremanetan egotea. Gaur, Gobernuaren bileran, aurkeztu die proiektua Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo Hualdek Gobernuko kideei.

Kontseilariak esan du, atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-erroldako (CERA) datuen arabera, 2008tik 390.000 espainiarrek baino gehiagok emigratu dutela lan-kontuengatik. Krisialdia hasi zenetik talde horretan portzentaje-hazkunde handiena izan duen bigarren autonomia-erkidegoa da Nafarroa. 2008tik, 2.200 gazte nafarrek baino gehiagok emigratu dute atzerrira.

Ana Ollok esan du egoera hori oso kezkagarria dela administrazio publikoentzat, eta gaineratu du «gizarte-galera nabaria dela Nafarroan trebatu diren gaikuntza handiko gazteek beste herrialde batzuetan garatzea beren ibilbide profesionala eta han bereganatzen dituzten ezagutzak eta esperientziak jaioterrietan ezin baliatzea».

Azterlan honen bidez, Gobernuaren helburua da nafar horiekin harremanetan egotea eta trukeak egitea, baita laguntza publiko eta pribatuko sare bat ezartzea ere, Nafarroatik joandako gazteen egonaldian sortutako know-how edo talentua erakartzeko eta kudeatzeko, eta, horrela, «joan-etorriko» onura sortzeko. Emigratutako gazteek jaioterriarekin konfiantza hartzea nahi da, harremanak ugaritzea, eta egoera apropos bat sortzea, proiektu propioetan lagun dezaten edo ideiak eman ditzaten hirugarrenek kudeatzen dituzten proiektuetarako. Ana Olloren hitzetan, hori guztia Nafarroaren garapenaren mesederako izango litzateke.

Bestalde, ekimen hori Nafarroaren espezializazio adimentsuaren estrategian sartzen da; hain zuzen ere, kanpo-talentua erakartzeko atalean. Gobernuaren ustez, baldintza egokiak sortuz gero, nafar gazteek egin ditzaketen ekarpenak oso lagungarriak izango lirateke erkidegoko sektore estrategikoak eta enpresak garatzeko; horrela, proiektu arrakastatsuak jarriko lirateke martxan, arrisku-maila in situ egiaztatuta izango luketenak.

Areago, Gobernuaren iritziz, benetako aukera dago pertsona horiek jaioterrira itzul daitezen, beren negozioak martxan jartzeko eta garapen bidean dauden sektore ekonomikoetan lanpostuak sortzeko, baita tokiko enpresen, sektore publikoaren edo sektore kooperatiboaren proiektu aurreratuetan lan egiteko ere. Horrela, azterlanaren datuei erreparatuta, estrategiak diseinatu ahal izango lirateke nafar horiei itzultzen laguntzeko, proiektu ekintzaileetan parte har dezaten edo Foru Erkidegoan aurkitu ezin diren profil profesionalak enpresetara erakartzeko; baita bestelako estrategiak ere, Nafarroako enpresek negozio- eta ekintzailetza-nitxoak aurki ditzaten emigratu duten nafarrak bizi diren herrialdeetan.

Urtearen amaierarako amaituko da azterlana. Bertan, orobat, beste administrazio publiko batzuek gauzatutako antzeko ekimenak alderatuko dira, partaidetza-prozesu bat egingo da informatzaile nagusiekin, eta elkarrizketak egingo zaizkie eragile ekonomiko eta sozialei, unibertsitateetako ordezkariei, zentro teknologikoei, garapen-agentziei, administrazioei, hedabideei eta beste erakunde batzuei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!