Bularreko minbizia garaiz detektatzeko programa martxan da duela urte zenbait Nafarroan. Lehen aldiz halako azterketa bat egitea dagokion data eta orduan egiten dizkiete emakumeei baina, hortik aurrera errebisioak egiterakoan atzerapenak izaten direla salatu dute Saray Elkarteko kideek (Bularreko Minbiziaren Aurkako emakumeek eta euren senitartekoek osatzen dute elkartea).
400 bularreko minbizi detektatzen dira urtero Nafarroan: "Emakumeen %83k gainditzen du gaixotasuna baina gogoan hartu behar da eritasuna duten emakumeen %20k metastasia garatu dezaketela", nabarmendu dute elkarte horretatik. "Prebentzio neurriak hartzea eta osasun azterketak egitea ezinbestekoa da gaixotasunari ahalik eta azkarren aurre egin ahal izateko", nabarmendu dute.
Beste salaketa bat ere egin dute Saray Elkarteko kideek: "Bularreko minbizia pairatu duten emakume askori lanpostuetara itzultzeko unean diskriminazioa pairatu dute". Ez hori bakarrik. Gidatzeko baimena berritzeko trabak ere izaten dituztela salatu dute.
Urriaren 19aren karietara, ekitaldiak
Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko eguna izanen da ostegunean. Egun horretarako Saray Elkarteak informazio guneak jarriko ditu Nafarroa osoko hiri eta herrietan. "Laguntza ekonomikoa ere eskatuko dugu eta zenbait saltokitan pultsera arrosa jarriko dugu salgai", esan dute. Horrez gain, Iruñeko udaletxeko fatxada larrosa kolorez jantziko da urriaren 19an.
Larunbatean, hilaren 21ean Gazteluko plazan karpa bat jarriko dute. Snetsibilizazio kanpainarekin segiko dute eta ekitaldi ugari izanen dira: haurrentzako puzgarriak, Isterria ikastetxeko ikasleek xingola arrosak eginen dituzte, xingola erraldoia ere sortuko dute eta "elkartasun esne arrosa" salduko dute. 12:00etan minutuko isilunea eginen dute.
Igandean, hilaren 29an 11:00etan VI Lasterketa izanen da Bularreko Minbiziaren Aurka. Lasterka ariko diren 6.000 herritarrek eman dute izena dagoeneko. 5 euroren truke eman daiteke izena Corte Ingles saltokian.
Emakumeei gehien eragiten dien gaixotasunari aurre eginez
1996. urtean jaio zen Saray Elkartea. 498 kide biltzen ditu, 8 kidek osatzen dute zuzendaritza modu boluntarioan eta lau langile dituzte: bi psikologo, gizarte langile bat eta idazkaria. Egunerokoan 29 boluntario aritzen dira Sarayn eta 221.946 euroko diru-sarrerak izan dituzte.