Nafarroan pobrezia egoeran bizi dira herritarren %13

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 17a, 07:51
Argazkia: 'Desparekotasun gordinen kontra, mugiti' kanpainaren sustatzaileak, parlamentariekin bat.

Pobreziaren Kontrako Nafarroako Ituna berrikusteko eta gaurkotzeko adierazpena onartu du Nafarroako Parlamentuak, Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Egunaren karietara. Txirotasun arriskuan dira 83.000 lagun.

Pobreziarekin Amaitzeko Nazioarteko Eguna izanen da gaur, eta, horregatik, pobreziaren aurkako adierazpena onartu zuen atzo Nafarroako Parlamentuak, talde guztien babesarekin; are gehiago, Pobreziaren Kontrako Nafarroako Ituna "berrikusteko eta gaurkotzeko" ardura ere hartu dute taldeek. Hitzarmen berriak Agenda 2030 dinamika barnebilduko du, eta hala "elkartasunean oinarritutako ekonomia eta ekonomia soziala" garatu.

Parlamentuan bertan, Entitate Sozialen Plataformak agerraldia egin zuen Pobreziaren Kontrako Egunaren harira karrikaratutako kanpaina aurkezteko. Leloa: Desparekotasun gordinen kontra, mugitu!.

Pobreziarekin amaitzeko konpromisoa

Nafarroan, 2015eko datuen arabera, txirotasun egoeran bizi dira biztanleen %13, hau da, 83.000 lagun. Horregatik, ondorengo konpromisoak exijitu dizkiete erakundeei: "babes eta gizarteratzea politika publikoetarako aurrekontuak handitzea"; "nazioarteko elkartasunari bideratutako funtsak haztea"; eta "ekonomia politikek eredu ekonomiko berria erraztea". Konpromiso horiek bermatzeko neurria "justizia fiskala garatzea" da, Entitate Sozialen Plataformaren arabera: "zerga bidezkoak, mailakatuak eta behar bezalakoak" sortzea.

Itunaz gaindi, mobilizazioa iragarri dute, gaur Sarasate pasealekuan biltzeko deia zabaldu dute, 19:00etan, "kohesio soziala eta berdintasuna bermatzeko politika publikoak eskatzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!