'Ekimen ibiltaria', lan duinaren bidez bizitza duina aldarrikatzeko

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 17a, 07:42
LAB sindikatuak atzo egin zuen agerraldia 'Ekimen Ibiltaria' aurkezteko.

LAB sindikatuak prekarietateari aurre egiteko kanpaina hasi du. Euskal Herriko herrietan eginen ditu ekitaldiak abenduaren 6ra arte. 

“Lan duina, bizi duina”. Horixe da, atzo hasi eta abenduaren 6 bitartean, Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatuko dituen ekimen ibiltariaren leloa. Hain zuzen ere, garaia da bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarriko duen eredua eraikitzeko, eta hala aldarrikatuko dugu herriz herri, eskualdez eskualde.

Bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta bizitzaren sostengarritasuna, bizitza duinerako eskubidea, alegia, erdigunean jarri behar dugu. Kapitala eta merkatuak erdigunean kokatzetik bizitza erdigunean jartzera pasatu behar dugu, eta horrek lan guztien aitortza eta defentsa egitea dakar, guzti-guztiena. Halaxe adierazi du Garbiñe Aranburuk, gaurko irekiera ekitaldian: "Langile klaseari bere osotasunean irtenbideak eskaini nahi dizkiogu.  Proposamenak baditugu eta kolektibo desberdinei LABekin borrokara batzeko eskaintza luzatu nahi diegu ekimen ibiltariarekin. Herrietan karpa bat jarriko dugu, jendea gerturatu dadin eta gure eskaintzak ezagutu ditzan. Bertan material desberdinak banatuko ditugu".

Langile klasea bere osotasunean kontuan hartu eta ohiko sindikalgintza ereduarekin identifikatzen ez diren kolektibo horiei guztiei eskaintza bat egitea da, beraz, helburua: "Lehenik egoeraren kontzientzia hartu behar dugu. Prekarietatean bizitzera kondenatu nahi gaituzte, baina hori ez da normala, badago nahikoa diru guztioi bizitza duina bermatzeko. Bigarrenik, borrokara batzeko eskaintza egiten dugu, aktibatu eta mobilizatu behar dugu. Kolektibo bakoitzari borroka eskaintza espezifiko bat egingo diogu, bere errealitatetik abiatua eta bere errealitatea iraultzeko".

Eskualdez eskualde
Hauek dira Ekimen Ibiltariak egingo dituen geldialdiak:

-Urriak 16, Iruñea
-Urriak 17, Leitza
-Urriak 18, Altsasu
-Urriak 19, Lizarra
-Urriak 20, Tutera
-Urriak 21, Tafalla
-Urrian 23, San Adrian
-Urriak 24, Barañain
-Urriak 25, Iruñea
-Urriak 26, Zangotza
-Urriak 27, Baiona
-Urriak 28, Azkaine
-Urriak 30, Bera
-Urriak 31, Irun-Hondarribia
-Azaroak 2, Oiartzun-Pasaia
-Azaroak 3-4, Donostia
-Azaroak 6, Lasarte
-Azaroak 7, Hernani
-Azaroak 8, Aduna-Tolosa
-Azaroak 9, Beasain-Urretxu
-Azaroak 10-11, Gasteiz
-Azaroak 13, Oion
-Azaroak 14, Agurain
-Azaroak 15, Arrasate
-Azaroak 16, Zestoa
-Azaroak 17, Azkoitia-Azpeitia
-Azaroak 18, Eibar
-Azaroak 20, Ondarroa
-Azaroak 21, Bermeo
-Azaroak 22-23-24-25, Bilbo
-Azaroak 27, Mungia
-Azaroak 28, Txorierri-Getxo
-Azaroak 29, Zalla
-Azaroak 30, Sestao
-Abenduak 1, Laudio
-Abenduak 2, Basauri
-Abenduak 4, Arratia-Zornotza
-Abenduak 5, Ermua-Mallabia
-Abenduak 6, Durango

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!