Iruñeko Udalak 1,35 milioi euro inbertituko ditu Auzoetan Jarduteko II. Planean, zeinaren barruan 50etik gora jarduketa eta obra egingo baitira hiriko hainbat txokotan, besteak beste bide-azpiegitura, espaloi, zoladura, argiztapen, oinezkoen pasabide, haurrendako jolasgune, iturri, zuhaitz eta berdeguneetan. Horri Milagrosako EDUSIrako aurrekusitako 500.000 euroko inbertsioa eta Sanduzelaiko Erdigune programarako 60.000 euroak gehituta, Iruñeko auzoak hobetu, zaindu, mantendu eta modernizatzeko aurrekontuak ia 2 milioi euro joko du (1.917.985,59 euro).
Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak eta Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako zuzendari Cristina Arregik prentsaurrekoan azaldu dituzte aurreikusitako jarduketak, zeinak, oro har, 2018ko urtarrila baino lehen amaitzen ahalko baitira. Obra txikitzat har daitezke, aurrekontua eta obrak gauzatzeko epeak ikusita; izan ere, ezein obrak ez ditu gainditzen ez 200.000 euroak ezta zortzi asteko epea ere horiek gauzatzeko. Gainera, planean jasotako jarduketa gehienak berehala gauzatzen ahalko dira, horiek egiteko esparru-akordio bat lizitatu baita eta, beraz, esleipena azkarrago eta epe txikiagoan egin daitekeelako.
Auzoetan Jarduteko lehenbiziko Plana iaz egin zen, 1,5 milioi euro zituen eta barne hartu zituen 40 jarduketa baino gehiago, horietako batzuk Milagrosako egungo EDUSIaren esparrukoak. Horiek horrela, jarduketa mota honetarako aurrekontuak % 24,5 egin du gora aurten. Iaz bezala, Auzoetan Jarduteako II. Plan honek barne hartzen dituen obren zerrenda osatzeko aintzat hartu dira herritarren parte-hartzea –hala 010 telefonoaren bidez egindako iradokizunen bidez, nola erregistroetan aurkeztutako eskabide zein auzoetako eztabaidaguneetan egindako ekarpenen bidez– eta udal-teknikarien ikuskapen-lana.
Milagrosako berariazko jarduketa-programari dagokionez (EDUSI), Hiri Bizigarriko arduradun Joxe Abaurreak azaldu du milioi erdiko inbertsio horrek Udalaren eta Hirigintza Gerentziaren ekarpenak dituela. Hartara, eta Aurrekontu Orokorrekin bat, programa horri 250.000 euro esleitu zaizkio: finantzaz bezainbatean jasangarri diren inbertsioei dagokien 190.000 euro (atsegin egiteko ikerketa eta GEZK), eta 60.000 euro, Gerentziatik. Abaurreak adierazi du programa horren xehetasunen berri emango dutela berariazko aurkezpen publiko batean, laster.
Aurreikusitako inbertsio nagusiak
Inbertsio nagusia, diru-kopuruari dagokionez, Alde Zaharrean gauzatuko da. Iruñeko Udalak 150.000 euro inbertituko ditu Jarauta kalean fatxadetara itsatsita dagoen Iberdrolako kablea lurperatzeko. Kable elektriko hori lurperatzearekin espazioaren bizigarritasuna eta etxebizitza zein oinezkoen segurtasuna hobetuko da. 135.000 euroko partida bat zuzenduko da Txantrea auzoko Santa Teresa Jesusena plaza berrurbanizatzeko. Gaur egun, plaza hori gutxi erabiltzen den gune gris bat da. Plaza berrantolatzeko berdegune bat, egonlekua eta jolasgune bat sortzea proposatu da, xede harturik gunea biziberritzea jendeak erabil dezan, eta betiere auzoko bizilagunen iritzia aintzat hartuta.
Beste lau jarduketa espaloiak zabaldu eta berritzeko izango dira, eta 200.000 eurotik gora jotzen dute guztira. Xehe-mehe, 80.000 euro inbertituko dira Mendillorriko Uretako kaleko espaloiak berritzeko, etxebizitzak dauden aldean; 70.000 euro Santa Engraziako Ardantzeetako eta Alorretako kaleetako espaloiak zabaltzeko; 50.000 euro Zaragozako etorbideko bi aldeetako espaloietan, Viana Printzearen plaza eta Huarte Doktorearen kalearen artean; eta 6.758,44 euro Cuatrovientos Institutuaren sarreran dagoen espaloia zabaltzeko.
Berdeguneei dagokienez, Auzoetan Jarduteko II. Planak 98.000 euro bideratuko ditu proposamen erabat berritzailetara, eta barne hartuko ditu partida txikiago batzuk ere, beste jarduketa batzuetarako. 200 metro koadroko zazpi landaregune sortuko dira erabilera estentsiboko lorategietan, flora eta fauna babestu eta elikatze aldera eta adin guztietako lagunendako aurkikuntza-gune izan dadin. Horrez gain, beste zazpi zuhaixka-gune sortuko dira, 300 metro koadro ingurukoak, zeinek Auzo koloredunak izenpean eta zenbait espeziek osatuta, izenburua, kontakizuna eta seinaleztapena izango baitituzte, beren helburuak, proiektuak eta osaerak azaltze aldera (63.000 euro).
Planaren barruan bada 160.000 euroko partida bat haur-parkeetan berrikuntza-lan partzialak egiteko Lopez pilotalekuan, Mendillorriko lakuan, Media Luna parkean eta Patxi Larrainzar zein García de Galdeano ikastetxeetako inguruetan, eta baita ere Erripagañako Madril kaleko jolasgunea handitzeko. 120.000 euroko beste partida batekin Trinitarioseko eremuak egokitu eta berrantolatuko dira.
Obren gauzatzea esparru-akordio baten bidez
Jarduketak gauzatzeko Iruñeko Udalak esparru-akordio bat lizitatu zuen joan den abuztuan, non 4 sortatan jasotzen baitira planaren barruan egingo diren obra mota desberdinak. Esparru-akordio horri esker gehienez ere 5 hornidura-enpresa dituen zerrenda bat osatu da sorta bakoitzeko lanak gauzatzeko. Modu horretan, obrak lehenago hasiko dira, jada lizitaturik daudelako, eta lanak sortetan banatu direnez, aukera ematen zaie enpresa txiki eta ertainei halako kontratu publikoen lizitazioan parte har dezaten, Udalaren Trebatu proiektuan jasotakoarekin bat.
Lehenengo sortak galtzadako lanak biltzen ditu: bigunguneak kentzea eta zoladuraren azpian dauden beste arazo batzuk konpontzea, abiadura murrizteko osagai finkoak paratzea, euri-urak luzetarako ebakuatzeko sistema ezartzea eta zoladura berritzea edo dagoena indartzea, kasu bakoitzean egoki jotzen denarekin bat. Bigarren sortak oinezkoen eremuak moldatu edo sortzeko lanak hartzen ditu bere gain. Hirugarrenak xede du unean uneko jarduketak egitea oinezkoen bideetan, eta enplegurako zentro bereziendako eta gizarteratzeko zentroendako erreserbatu da. Azkenik, laugarren sortak barne hartzen ditu lorezaintzan, iturrietan eta urmaeletan egin beharreko lanak.