Gaur hasiko da Tokiko Produktuen Astea

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 11a, 08:42

50 saltokitik gora, dastaketak, animazioa eta lantegiak. Udalak antolatu du txangoak ere eskaintzen dituen jarduera hau, Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartearekin, NNPEK erakundearekin eta INTIArekin batera.

Tokiko Produktuen Iruñeko II. Astea Gazteluko plazan izanen da, urriaren 11tik 15era, eta bertan 50etik gora ekoizlek parte hartuko dute, jatorri-deiturako produktuak eta produktu ekologikoak aurkeztuko dira, kaleko eta musika-animazioa egonen da, bai eta adin guztietarako lantegiak ere. Haurrendako jolasgune bat eta Zooziklo ikuskizuna ere jarriko dira, non aukera egonen baita parte hartzeko beste garai bateko ibilgailu gurpildun ezberdinetan ibiliz. Horrez gain, eta berrikuntza gisara, edizio honetan txango batzuk eginen dira Nafarroako zenbait tokitara. Iruñeko Udalak Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartearekin, Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK) eta INTIA Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuarekin batera antolatu du jarduera. Astearen inguruko xehetasunak gaur eman dituzte ezagutzera, prentsaurrekoan, Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkariak, Edorta Lezáun NNPEK-ko lehendakariak, Xabier Iruretagoyena INTIA-Reyno Gourmet-ekoak eta Jesús Orduna Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartekoak.

Ekimen honen helburua da ikusgarri egitea eta balioestea hala tokiko produktuak eta ekoizleen lana nola, oro har, tokiko ekoizpenaren inguruko filosofia, eta hori, hainbat arrazoi direla medio: jasangarritasunari eta elikatzeko aztura osasungarriei egindako ekarpenarengatik, halako jakien kalitate egiaztatuarengatik eta Iruñeko zein Foru Komunitate osoko ekonomiaren eragile izateagatik.

Asteazkenean arratsaldez, eta ostegunetik igandera goizez eta arratsaldez

Merkatua urriaren 11n zabalduko da, asteazkenarekin, arratsaldez, 17:00etatik 20:30era. Hilaren 12tik (osteguna) 14ra (larunbata) bitarte, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era egonen da zabalik. Hilaren 15ean (igandea), 11:00etatik 14:30era. Saltokiak paratuko dituzten 50 ekoizleak tokiko produktuaren kontzeptuarekin konpromisoa duten erakundeetako kideak dira.

Asteazkenean, merkatua abiatzen denean, grafiti kolaboratibo bat eginen dute, eta ekintza hori bera ostegunean ere errepikatuko da, Idiazabal JDko gazta-dastaketa eta Nafarroa JDko ardo-dastaketa egiten diren bitartean; bestalde, aurpegiak margotzeko lantegi bat eginen da, eta Hutsun txalapartak bere sagar lantegia erakutsiko digu. Ostiralean, musika-animazioa egonen da merkatuan, egun osoan zehar, bai eta hestebete ekologiko eta artisauen dastaketa, grafiti kolaboratiboa, ezti ekologikoaren dastaketa, aurpegiak margotzeko lantegia, haurrendako barazki-lantegia eta Nafarroako patxaranari buruzkoa ere.

Larunbatean, Txetxu Collado egurgilearen txanda iritsiko da, eta musika-animazioari, aurpegiak margotzeko lantegiari eta grafitiei honako hauek gehituko zaizkie: Baionako txokolate-lantegia, gozokiena, marmeladarena eta Nafarroako olio-errotetako oliba-olio birjinaren dastaketa. Bukatzeko, igandean, berriz ere musika-animazioa eta aurpegiak margotzekoa errepikatuko dira, eta jarduera berrien artean, infusio ekologikoen dastaketa bat, txalaparta-lantegi eta emanaldi bat eta Erronkari JDko gazta-dastaketa.

Txangoak Errege Bardeara, Lizarrerria-Erdialdera eta Erronkari-Zaraitzura.

Berrikuntza gisara, edizio honetan txango batzuk antolatu dira, Udazkeneko esperientziak zapore kromatikoekin izenburupean. Izena emateko edo argibide gehiago jasotzeko, 684454342 telefonora deitu. Txangoak goizeko bederatzietan abiatuko dira, Ahumada dukearen kaletik, eta itzulera arratsaldeko 18:30ean aurreikusten da.

Osteguneko txangoan Erriberabeitia (Fontellas, Errege Bardea eta Tutera) bisitatuko da, Oliba-olio birjina estraren dastaketa bat eginen da, eta bisita bat, ekoizpen ekologikoko Arroces El Alcavarán arroza-enpresara (Reyno Gourmet). Txangoaren prezioa 64 euro da.

Ostiralean, lehenik eta behin, Deikazteluko De la Vega kondearen jauregi neogotikoa (XIX. m.) bisitatuko da, eta bertan aukera egonen da Zoco patxaranaren dastaketa bat egiteko; gero, jarraian, Uxue Erdi Aroko herria bisitatuko da, eta bertan, pastas Urrutia opil artisauen denda. Gero, honako hauek bisitatuko dira: Erriberrriko Errege jauregia, Nafarroako Errege-erreginen gorte zaharra eta Cosecheros upeltegia, Erriberrin bertan. Prezioa 78 euro da.

Hirugarren txangoan, Erronkari ibarra, Belagua eta Iratiko oihana bisitatuko dira. Lehenik eta behin, Burgin izanen da lehen geraldia, bertan Larra gaztaren dastaketa bat egiteko, Belaguako glaziarrera joan baino lehen. Hamaiketakoa Izabako Ezkaurre jatetxean izanen da, eta gero, paseo bat Izabako kaleetan barna. Arratsaldean, Elurretako Ama Birjinara iritsiko da txangoa, Iratira, eta bukatzeko, bisita bat eginen da Otsagabiko Naturaren Interpretazio zentrora edo Abodiko mendilerrora, eguraldiak aukera ematen badu.

Sustatu beharrekoak: tokiko produktuak, jatorri-deiturak eta 0 km kontzeptua

Tokiko Produktuen Iruñeko Astea bultzatzeko, Udala harremanetan jarri da tokiko produktuen, jatorri-deituren eta 0 kilometro kontzeptuaren sustapenaren esparruetan lanean ari diren erakunde eta elkarte guztiekin. Bigarren edizio honetarako, Udalak hitzarmena sinatu du Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartearekin, Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin, eta INTIA-Reyno Gourmetekin, baina hitzarmen hori irekita dago etorkizunean sektoreko beste talde batzuek ere parte hartzeko.

Tokiko produktuen astearen logotipoa iazko bera izanen da, eta, horrenbestez, De aquí, Hemengoak testua darama. Logotipoa, izan ere, produktuei itsasten zaien eranskailuetan agertuko da. Astearen berri emateko, komunikazio-plan bat eratu dute, non iragarkiak jarriko baitira hala irratian eta prentsan nola hiriko autobusetan eta markesinetan. Horrez gain, 4.200 poltsa banatuko dira, iaz bezeroek asko estimatu zuten produktua baita.

Tokiko produktuen II. astea. Del 11 al 15 de octubre. Gazteluko plaza

  • Azoka. Asteazkenean, 17:00etatik 20:30era. Ostegun, ostiral eta larunbatean, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era. Igandean, 11:00etatik 14:30era 
  • Urriak 11, asteazkena
  • 17:30 – 20:30: grafiti kolaboratiboa
  • Urriak 12, osteguna
  • 12:00: Idiazabal JDko gazta dastaketa
  • 11:30 – 14:30: grafiti kolaboratiboa
  • 13:00: Nafarroa JDko ardo dastaketa
  • 17:30 – 19:30: aurpegiak margotzeko lantegia
  • 18:00 – 19:00: Sagar lantegia, Hutsun txalapartaren eskutik
  • Urriak 13, ostirala Goizez eta arratsaldez, musika-animazioa
  • 12:00: Hestebete ekologiko eta artisauen dastaketa
  • 11:30 – 14:30: grafiti kolaboratiboa
  • 13:00: Ezti ekologikoaren dastaketa
  • 17:30 – 19:30: aurpegiak margotzeko lantegia
  • 18:00: Haurrendako barazki-lantegia
  • 19:00: Nafarroako patxaranaren inguruko lantegia
  • Urriak 14, larunbata Goizez eta arratsaldez, musika-animazioa eta Txetxu Collado egurgilea
  • 12:00: Baionako txokolatearen inguruko lantegia
  • 12:00 – 14:00: aurpegiak margotzeko lantegia
  • 11:30 – 14:30: grafiti kolaboratiboa
  • 13:00: Nafarroako olio-errotetako oliba-olio birjinaren dastaketa
  • 17:30 – 19:30: aurpegiak margotzeko lantegia
  • 18:00: Karamelu-lantegia
  • 19:00: Marmelada-lantegia
  • Urriak 15, igandea Goizez eta arratsaldez, musika-animazioa
  • 12:00: Infusio ekologikoen dastaketa
  • 12:00 – 14:00: aurpegiak margotzeko lantegia
  • 11:30 – 14:30: Txalaparta-emanaldia eta -lantegia
  • 13:00: Erronkari JDko gazta dastaketa
  • TxangoakUdazkeneko esperientziak zapore kromatikoekin
  • Urriak 12, osteguna. Erriberabeitia: Fontellas, Errege Bardea eta Tutera
  • Urriak 13, ostirala Lizarrerria, Erriberri eta Uxue
  • Urriak 14, larunbata Erronkari ibarra, Belagua eta Iratiko oihana
  • Informazioa eta erreserbak: 684454342 telefonoan

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!