Zer diote Nafarroako alderdiek Kataluniari buruz?

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 10a, 09:14

Igandean Bartzelonan egindako Espainiako batasunaren aldeko manifestazioaren ostean, egoeraren inguruko irakurketa egin dute alderdiek eta ez dago adostasunik.

Ez dago adostasunik Kataluniako auziaren aurrean Nafarroako alderdien artean. Geroa Baik "elkarrizketa, negoziazioa, akordioa eta ituna" behar direla deritzo, Koldo Martinez bozeramaileak esan duenez, bai eta "besteen erabakiak" onartu egin behar direla ere: "Inork ez dezala itxaron guk katalandarren iritzia zalantzan jartzerik".

"Une honetan, Kataluniako gizartea bere insitituzioek diotenaren eta egiten dutenaren zain dago, ikusi beharra dago ea errespetatzen ote den Kataluniako instituzioek diotena, ea ez dituzten buru politikoak atxilotzen bertako gizarteak dioena errespetatzeagatik", esan du Adolfo Araizek (EH Bildu). Bestalde, larunbateko manifestazioan, "fede onez eta fede txarrez" joandako jendea egon zen, haren aburuz. 

Ahal Duguk garrantzitsuena "hitz egitea" dela esan du. Tere Saez parlamentariariak adierazi duenez, "pertsona guztiek dute manifestatzeko eskubidea" eta hiru mobilizazio izan direla adierazi du: "bat, erabakitzeko eskubidearen alde; beste bat, kontra; eta azkena, estatuan, hitz egin behar dela esateko". 

Ezkerrak ere bi mobilizazio izan ditu gogoan: erreferenduma eta Espainiako batasunaren aldekoa. "Konponbide bakarrak politikoa eta demokratikoa izan behar du, eta hitzartutako erreferenduma hori da", adierazi du Jose Miguel Nuinek. 

Lauko gobernuan ez daudenak

"Atzo beldurra galdu zen Bartzelonan". Javier Esparza UPNko buruak ziurtatu du, larunbateko manifestazioari erreferentzia eginez eta mobilizazioa "askatasun eta demokrazia ariketa" izen zela.

PSNk, Kataluniako herria "anitza" dela eta ez "bakarra": "Herria badira ere konstituzioa defendatzen dutenak eta elkarrizketa eskatu dutenak". Horra Maria Chiviteren hitzak. 

Amaitzeko, PPN. Ana Beltranen aburuz "gehiengo ixildua" da kalera atera zena. "Abandonatu ezin dugun gehiengoa da".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!