Iruñeko Udalak 7.195.935,11 euro joko duten kontratuak lizitatuko ditu urteko azken hiruhilekoan Osoko Bilkurak uztailean onetsi zituen finantzaz bezainbatean jasangarriak diren inbertsioei lotuta. Udalak dagoeneko abiatu ditu hogeita hamar jarduketa eta plan, eragina izango dutenak hainbat esparrutan: udal-ekipamenduak, parke eta lorategiak, etxebizitzen birgaitzea, ikastetxeetako lanak, mugikortasun jasangarria eta oinezkoena edo Europako programei lotutako inbertsioen garapena, hala nola Jacob@ccess programarena (Donejakue Bideari buruzko interpretazio-zentro irisgarria). Udal-ekimen bereziek ere partida garrantzitsuak izango dituzte, kasurako, Hiriaren Garapenerako Estrategia Integratu eta Jasangarriak (EDUSI) Milagrosan, edo Sanduzelairako Erdigune programak (auzoko koadranterik zaharrenaren berreskurapena sustatzeko).
Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkari Patricia Peralesek, Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi Joxe Abaurreak eta Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako Alorreko zuzendari Cristina Arreguik inbertsio nahiz proiektu horien egutegia zehaztu dute. Horietako batzuk gauzatzen ari dira edo urrian abiatuko dira, behin horiek gauzatzeko lizitatutako esparru-akordioak ebatzi ostean (adibidez, Auzoetan Jarduteko II. Planak 1,35 milioi euro ditu esleituta zuzenean hobekuntza-lanetarako, horietako asko herritarrek proposatuak, beste hainbat tresnaren artean auzo-eztabaidaguneetan egindako ekarpenetan). Azaroan eta abenduan kontratuen lizitazioarekin jarraituko da. Kasu gehienetan, lan horiek gauzatzeko epea aurten bukatzen da.
Finantzaz bezainbatean jasangarriak diren inbertsio hauek Iruñeko Udalaren 2016ko aurrekontuaren betetze-mailak sortutako 21,9 milioi euroko superabita –aurrezkiak eta bildutako diruaren igoera kontuan hartuta– dute oinarri. Indarrean diren legeak (Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoa) aplikatzeak behartu egiten du diru horren zati bat zorra amortizatzera bideratzera (7 milioi), eta beste bat (4,9 milioi) aurreko legegintzaldietan eskatutako maileguak amortizatzera. Gauzak horrela, Iruñeak 8,5 milioi euro ditu diruzaintzako geldikinen kargura IFS horietara bideratzeko. Udalak lizitatu behar dituen 7,2 milioiei gehitu behar zaio Hirigintza Gerentziaren bidez lizitatu eta gauzatu diren jarduketei dagokien milioi bat euro baino gehiago.
4,5 milioi baino gehiago auzo, bide publiko, parke eta lorategietan inbertitzeko
Iruñeko Udalaren finantzaz bezainbatean jasangarriak diren inbertsioetako partidarik handiena, ia 3,8 milioi euro, bide publikoko jarduketetan erabiliko da, zeina 4,5 milioitara iristen baita parke eta lorategietara bideratutakoak txertatuz gero. Atal honetan, partidarik handiena –1,35 milioi euro– Auzoetako II. Planeko jarduketak finantzatzeko da, hain zuzen, hiriko 13 auzoetako hiri-espazioak hobetzeko lanetarako eta esku-hartzeetarako. Askotan, herritarrek beraiek sustatu dituzte esku-hartze horiek zenbait tresna baliatuta, besteak beste auzo-eztabaidaguneak edo 010 herritarrendako arreta telefonoa; beste batzuetan, aldiz, Udaleko teknikariek egindako ikuskapen-lana izan da abiapuntua.
Zenbatekoari dagokionez, bigarren partidarik handiena – 860.000 euro– korridore jasangarrietara bideratutakoa da; izan ere, azpiegitura horiek, bizikletendako lur gaineko aparkalekuak edo bide segurtasuna hobetzeko hobekuntzak bultzatuko dira. Atal horretan sartzen dira hala Pío XII.eko esku-hartzerako kreditu-erreserba (lizitazioa abendurako aurreikusten da) nola lanen hasiera (martxoan), bai eta hiri osoan oinezkoendako pasabideen segurtasun-egokitzapenerako lanak ere (200.000 euro).
Milagrosa eta Santa María la Real auzoetako EDUSI ekimenaren barruan, aurreikusi da aurten 190.000 euroko inbertsioa zuzenean egitea. Horrela, azaroan lizitatuko da oinezkoendako ibilbideak atseginagoak egiteko proiektua, 90.000 euroko diru-zuzkidurarekin, eta, bestalde, oinezkoen mugikortasunaren hobekuntzetan 60.000 euro inbertituko dira. EDUSI programaren barruan dago, baita ere, –ondarearen kudeaketari badagokio ere, eta ez bide publikoan egiteko inbertsioei– auzoko Gizarte Ekimenetarako Zentro Komunitarioaren berrikuntza, 40.000 euroko aurrekontuarekin. Horrez gain, Hirigintza Gerentziako funtsen kargura 50.000 euro bideratuko dira Milagrosako Hiri jarduketarako Plan Bereziaren lehen fasea idazteko.
Berariazko partida horiek beste orokorrago batzuekin osatuko dira. Handienak 1.000.000 euro inguru ditu eta zolatze- eta asfaltatze-lanetara bideratuko da: erdia bide-zoruen mantentze-lanetarako –abian da jada–, eta beste erdia (500.000 euro) hiriko hainbat kaletako zoladura birgaitzeko lanak, urrian hastekoak. Bigarrenik, parke eta lorategietarako partidak 763.000 euro jotzen du. Aurrekontu horretatik, 300.000 euro Taconera parkean jarduketak egiteko bideratuko dira, Vistabellan eta Larrainaren inguruan bideak konpontzeko eta berrantolamendu eta erabilera berrietarako (lanen zati bat azaroan hasiko da, eta aurreikusita dago gunea berrantolatzeko proiektua abenduan idaztea). Gainera, dagoeneko 200.000 euro inbertitzen ari dira berdeguneetan eta ureztatze-sistemaren edo zuhaitzen optimizazioan; 123.000 euro, Muebles Apesteguíaren eremua egokitzeko lanak –aurreikusita dago azaroan lizitatzea–; eta 140.000 euro, parke eta lorategietan lanak egiteko behar den makineria –birringailu bat eta plataforma-kamioi bat– erosteko lizitaziorako, zeina abiaturik baitago.
Horrez gain, IFS planak 50.000 euro jasotzen ditu Labriteko zaldaina berritzeko proiekturako –lizitazioa abendurako aurreikusita dago–, eta beste 250.000 euro patologiak deusestatzeko Belosoko ezpondan –urrian lizitatuko da– eta Etxabakoitzeko zenbait gunetan –proiektua egiten ari da–.
1,8 milioi udal-ondarea kudeatzeko eta babesteko
Urrian, gutxienez, udal-ondarea kudeatzeko jarduketei lotutako bost kontratu lizitatuko dira. Aurreikusita dago 500.000 euro gastatzea hiriko hamar ikastetxe publikotan lanak eta hobekuntzak egiteko; 250.000 euro, Arrotxapeko El Irati futbol-zelaiko belar artifiziala aldatzeko; 225.200 euro, Carmen kalean lokal bat egokitu eta bertan jantoki sozial bat egiteko; 200.000 euro, José Vila ikastetxean espazioak egokitzeko, eta 310.000 euro, beste udal-eraikin batzuetan jarduketak egiteko (Caparrosoren txaleta birgaitzeko eta Redin eta Cruzatarren jauregiaren egokitzapen-lanak bultzatzeko).
Dagoeneko gauzatzen ari da etxebizitzak birgaitzeko partida, 300.000 euro jotzen duena. Azaroan eta abenduan, eta jada aipatu den bezala, egingo dira EDUSIren barruan dagoen –aurretik aipatutakoa– GEZK berritzeko lanak, Mendillorriko Civivoxera sartzeko ateak aldatzekoak (15.229 euro), Udal Agiritegian uxoen kontrako sistemak paratzekoak (14.000 euro) eta Jesus eta Maria udal-aterpetxean saneamendua (iturgintza, berokuntza, hezeguneak, zorua) egiteko lanak (10.000 euro).
Ondare historiko-artistikoaz bezainbatean, urriko bigarren hamabostaldian lizitatuko da 200.000 euroko kontratu bat Ziudadelako eraikinetan klimatizazio-sistema eta irisgarritasuna hobetzeko; bestalde, aurreikusita dago azaroaren lehen erdirako lizitatzea hiriko gotorleku harresidunak zaharberritzeko lanak, 75.000 euroko zenbatekoarekin.
Jacob@ccess, eguzki-instalazioak eta haur-eskolak
Turismo-antolaketa eta -sustapenari dagokionez, aurreikusita dago urrian lizitatzea Kale Nagusiko udal-lokala egokitzeko lanak, Donejakue Bideari buruzko interpretazio-zentro irisgarria egite aldera, Jacob@ccess proiektuaren barruan (europar funtsekin finantzatua). Horretara, 300.000 euro bideratuko dira. Gainera, turismo-panel informatiboak instalatuko dira Mañueta kalean, bastioietan eta hiriko hainbat pasealeku nahiz ibilbidetan, 60.000 euroko aurrekontuarekin; halaber, jarduketak egingo dira San Bartolome Gotorlekuko hezeguneetan eta instalazio elektrikoan, 18.000 euroko gastuarekin. Bi jarduketak urtea bukatu baino lehen amaituko dira.
Beste bi partida bideratuko dira ingurumena babestu eta hobetzera. Azaroan hasiko dira panel didaktikoak paratzeko lanak Vázquez de Mella IPan, Zabalgunean eta Arrotxapeko Patxi Larrainzar IPan, 14.520 euro joko dutenak. Abenduan eguzki-estazio fotovoltaikoak instalatzeko lanak hasiko dira Bernat Etxepare eta Doña Mayor de Navarra ikastetxe publikoetan eta Txantreako Liburutegi Publikoan, 121.000 euroko inbertsioarekin.
Azkenik, finantzaz bezainbatean jasangarriak diren inbertsioei dagokienez, 87.485,69 euro bideratuko dira Udaltzaingoaren atestatu-bulegoa berritzeko bigarren faserako –lanak aste honetan bertan lizitatuko dira–, eta 82.500 euro, aurten jarduketak egiteko Rotxapea eta Mendillorri haur-eskoletan eta Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren bulegoetan.