Hezkuntza departamentuak hilabeteak daramatza eskurik esku lanean Nazioarteko Xake Maisu Roi Ronaldorekin, irakasle eta xake-jokalari Carlos Solerrekin eta Nafarroako Xake Federakuntzako Begiraleen batzordeko presidente Julian Perezekin, Nafarroako eskola publikoan heziketa-xakea ezartzeko. Hezkuntza kontseilari Maria Solana Aranak prentsaurrekoan azaldu duenez, “orain arte egin duten lan pedagogikoagatik eta departamenduko teknikariekin gauzatutako elkarlanagatik oso pozik eta eskertuta gaude”.
Hezkuntza-xakearen aldeko apustua bat dator 2012ko martxoan Europako Parlamentuak egin zuen adierazpenarekin. Orduan, besteak beste, adierazi zen “xakeak kontzentrazioa, pazientzia eta jarraitutasuna sustatzen dituela”. Dokumentu hartan esaten da, “edozein gizarte-takode neskato-mutikoentzat eskuragarria dela xakea; are gehiago, dena delako adinetan ere xakeak laguntzen duela sormena, intuizioa, memoria eta gaitasun analitikoa garatzen. Gainera, ausardia, motibazioa eta kiroltasuna sustatzen ditu xakeak”.
Gobernu honek “konpromisoa adierazi du behin baino gehiagotan berrikuntzaren eta trebakuntzan eta ikaskuntzan modu positiboan eragiten duten tresnen alde aritzeko”, gehitu du Kontseilariak. “Ikerketa eta aditu asko dago xakeak dituen ontasun pedagogikoen inguruan eta horregatik egin nahi dugu xakea geletan sartzeko ahalegin sendo hau. Jakin badakigu, hala ere, ezinezkoa dela egun batetik bestera ezartzea era honetako neurri bat, horregatik, hain justu egin dugu lan-taldea eta lan-ildoak zehaztea, bide horretan urratsak emateko”, gehitu du Solanak.
Hezkuntza departamentuak xake hezitzailea sustatzeko ekin dion elkarlan-bideari izaera formala eman nahi izan dio. “Lantalde mistoa osatu dugu, departamentuko langileekin eta xake-jokalari eta adituekin”, azaldu du kontseilariak. Hala, departamentutik buru-belarri ari dira Ebaluaketa, Kalitatea, Formazioa, Berdintasuna eta Elkarbizitza zerbitzua; Formazio atalburua eta Antolamendu akademikoa atalburua. Eta eurekin ari diren xake-adituek esperientzia daukate material didaktikoa sortzen: Edelvives argitaletxearekin zazpi kolore eredua sortu zuten, hain justu.
“Irakasleak formatzea da lantzen ari garen lan-lerroetako bat”, azaldu du Aitor Lakastak, Ebaluaketa, Kalitatea, Formazioa, Berdintasuna eta Elkarbizitza zerbitzu-zuzendariak. Dagoeneko laugarren ikasturtea da Irakasleak Laguntzeko Zentroen bidez era honetako ekimenak sustatzen direla, “baina ikasturte honetan trebakuntza saio horiek indartu nahi ditugu, praktika onen jardunaldiak antolatuko ditugu, tresna didaktiko hau geletan erabili duten irakasleek euren esperientziak ezagutzera eman eta partekatu ditzaten”, gehitu du Lakastak. Era berean, eta berrikuntza gisa, ikasturte akademiko honen hasieran informazio hitzaldi bat egin du Hezkuntza departamentuak formazio honen berri emateko eta irakasleak ohartarazteko xake hezitzailearen eta lehiaketa-xakearen arteko ezberdintasunez.
Aukerako ikasgaia
Bigarren lan-lerro batean, aipatutako lan-taldea aukerako ikasgaiaren curriculuma osatzen ari da DBHko 1. eta 2. mailetan eskaintzeko. Hirugarrenik, “lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan xakean berrikuntza didaktiko gisa gehitu dadin lanean ari gara”, azaldu du Ebaluaketa, Kalitatea, Formazioa, Berdintasuna eta Elkarbizitza zerbitzu-zuzendariak. Ildo horretan, 2018-19 ikasturterako berrikuntza proiektuen deialdian gehitu egingo da hezkuntza-xakea lehentasunezko ekintza-lerro modura.
Roi Reinaldo Xake Maisuak, bestalde, azaldu du urte batzuk daramatzala eskolaz kanpoko ekintza gisa xake hezitzailearekin lanean, baina “elkarlan honi esker orain aukera sortu zaigu gela barruan aritzeko, hautazko ikasgai gisa, eta modu horretan irakasleak egoki formatzeko eta egokitutako material didaktikoarekin lan egiteko, guztiek estrategia bera landu dezaten. Helburua da irakaslea bera izatea ekintza hauek bideratuko dituena, gure laguntzarekin eta formazio egokiarekin”:
Carlos Soler irakasle eta orientatzailea ere badabil ekimena sustatzeko lantalde mistoan. Azpimarratu duenez, “edonork joka dezake xakean, bakoitzaren gaitasunetik harago. Xakeak norberaren trebeziak garatzen eta gaitasunak sustatzen laguntzen du eta hori ondo datorkio ikasle orori”. Era berean, adierazi du xakeak bat egiten duela hezkuntzak betetzen dituen funtzioekin; alegia, prebentzioa eta terapia, gizarteratzea eta alderdi ludikoa, batetik, eta giltzarri diren gaitasunak garatzea, bestetik.