Mariano Rajoy Espainiako presidenteak dimisioa aurkez dezan eskatu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak, Kataluniako erreferendumaren aurrean izandako errepresioa medio. Gainera, elkartasuna agertu diote Kataluniako herriari eta zauritutakoei; "salbuespen egoera" salatu dute; eta nazioarteko eragileei esku har dezaten galdegin diete. Horretan bai, adostasuna izan da. Nolanahi ere, beste hainbat arlotan urria izan da batasuna: lau adierazpen insituzional eztabaidatu dituzte legebiltzarrean.
Laukoa, errepresioaren kontra
Uxue Barkos Nafarroako presidenteak "elkarrizketarako" deia zabaldu du; eta haren alderdikide Koldo Martinezek, ildo beretik, esan du poliziaren jarduna "neurrigabekoa" izan zela eta "PPk elkarrizketarik bilatzen" ez duela, bai eta nazioartean "irudi tamalgarria" eman duela Espainiak.
EH Bilduren aburuz, "eredugarria" izan da Kataluniakoa: "oztopo guztien gainetik" Kataluniako herriak "irabazi" duela eta atzokoa "txalorgarria" dela ziurtatu du EH Bilduko kide Adolfo Araizek.
Eta Ahal Dugu ere irmo mintzatu da: "Demokrazia ala alderdi popularra". Bi aukera horiek baino ez ditu ikusten mahaiaren gaineran, Mikel Buil bozeramaileak adierazi duenez.
Ezkerrari dagokionez, "errepresioari ezezkoa" eman dio Marisa de Simonek eta "baiezkoa prozesu politikoa irekitzeari". Nolanahi ere, galdeketa nola egin den gogoko ez duela argi utzi du.
Zilegitasuna ezbaian
Zuzenbide estatuarekin konpromisoa dutela esan dute UPNk, PSNk, PPk eta Ezkerrak. Denek azpimarratu dute atzoko galdeketa ez zela legitimoa izan.
Javier Esparza erregionalistaren aburuz, "Barkosek Puigdemontek helburu bera dauka, baina Nafarroan". PSNk nabarmendu du "fartsa hutsa" izan dela erreferenduma, eta PPk jendeak "bi, bost eta sei aldiz" bozkatu zuela.