ELA sindikatuak dio zenbait arlo ekonomikotan Nafarroako Gobernuak men egiten diola Espainiakoari

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 27a, 08:03

Ainhoa Fernandez, Mitxel Lakuntza eta Imanol Pascual ELA sindikatuko kideak.

>Espainiak ezarritako gastu muga eta defizita ontzat jotzea leporatu dio ELAk Nafarroako Gobernuari negoziatzeko aukerarik ere aztertu gabe.
>ELAk etorkizunerako helburuak markatu ditu: hazkunde ekonomikoa %3koa da, eta hortaz, soldaten igoera iritsi beharko litzatekeela dio. 

ELAk Nafarroako egoera aztertu du ikuspegi sindikaletik. Soldaten igoera iritsi behar dela uste du, batez ere kontuan hartuta hazkunde ekonomikoa %3koa dela. Negoziazio kolektiboari bultzada eman behar zaio Nafarroan eta horretarako LAB sindikatuarekin aritu nahi du elkartalean. Eta Nafarroako Gobernuaren kasuan, ahuldadea ikusten du Espainiarekin zenbait negoziazioa egiteko unean: defizitaren helburua eta gastu muga adosterakoan, negoziaziorik gabe Madrilek esaten duena betetzera mugatzen da Nafarroa ELAren ustez.

Mitxel Lakuntza ELAko Nafarroako koordinatzaileak Uxue Barkosen gobernuari kritika egin dio: Larritzat jo du Espainiako Gobernuak zehaztutako defizit eta zor publikoaren helburuak onartzea. Horri esker Nafarroako politika ekonomikoaren eta aurrekontuen inguruko erabakiak Madrilek hartzen dituela salatu du. 

Nafarroan egindako hitzarmenak bultzatzea, prekaritatearen aurka borrokatzea, lan erreformen aurkako neurriak hartzea eta soldatak KPIaren gainetik igotzea. Negoziazio kolektiboaren estatalizazioa gaitzetsi, eta EAEn hartutako bidea jarri du eredutzat. 

Enplegu publikoaren behin-behinekotasunaren aurrean gobernuak duen jarrera kritikatu du Ainhoa Fernandez Zerbitzu Publikoen arduradunak: "Gobernuak ez du lan baldintzen eta kalitatearen aldeko apusturik egiten, eta ez dio Espainiako Gobernuari presiorik egiten. Premiazkoa da LEP lan eskaintza publiko masiboak antolatzea, enplegua berreskuratzeko, egonkortasuna lortzeko eta behin-behinekotasuna amaitzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!