Heldu den udaberrian egonen da erabilgarri Mendillorriko igogailua

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 27a, 08:05

Lanak gauzatzeko epea sei hilabete baino gehixeago da, eta aurrekontuak 817.440,69 euro jotzen du.

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak esleitu ditu Mendillorrin hiri-igogailu bat paratzeko obrak. Haren bidez, 18,5 metroko desnibela gaindituko da, hain zuzen ere auzoko beheko aldean den Badostain Kontzejuaren eta  Etxalatz Jaurerriaren kaleen bidegurutzetik goiko aldean den Badostaingo errepidera bitartekoa. Lanek sei hilabete baino gehixeago iraunen dute, eta urriaren erdialdean hasiko. Igogailua heldu den urteko udaberrian egon liteke erabilgarri.

Guillén Obras eta Proyectos SL enpresek instalatuko dute igogailua, 817.440,69 euroren truke, eta, horrenbestez, %15eko beherapena aplikatu zaio 966.000 euro jotzen zuen lizitazio-prezioari. Azpiegitura hau Media Lunako, Urdánoz multzoko edo Etxabakoitzeko igogailuen tankerakoa da: igogailua barne hartzen duen dorre exentu bat eta pasarela bat goiko aldean igogailutik ateratzeko. Beheko aldean, igogailurako sarrera-bidean bidriozko markesina estali bat paratu da, ezpondaren ondoan. Igogailuak 22 lagun hartzeko edukiera izanen du, eta haren barruko kabinaren neurriak 1,65 x 1,95 metrokoak izanen dira. Ibilbidea 11 segundoan eginen du, eta horri gehitu beharko zaio erabiltzaileek sartu eta ateratzeko behar duten denbora.

Proiektu honen abiapuntua auzoko irisgarritasuna hobetzea da, oztoporik gabeko komunikazioa ahalbidetzeko Mendillorriko beheko aldearen (1. eta 4. faseak) eta goiko aldean kokaturik dauden gainerako faseen artean, non, bestalde, auzoko zerbitzu gehienak baitaude. Proiektuan kontuan hartu dira, baita ere, igogailuaren eraginpean dagoen landarezko ezponda eta goiko bideak egokitzeko lanak, irisgarriak izan daitezen, eta segi dezaten izaten lotura-bide bat  auzoko goiko aldearekin.

18 metro, 11 segundoan

Gaur egun, Mendillorriko goiko eta beheko aldeen arteko komunikazioa bi aldeak banatzen dituen ezponda zeharkatzen duten hormigoizko bideen bitartez egiten da. Badostaingo errepidearen eta Badostain Kontzejuaren eta Etxalatz Jaurerriaren kaleen bidegurutzearen arteko desnibelari aurre egiteko proposatutako irtenbidea igogailu-dorre exentu bat da, goiko aldean pasabide batekin komunikaturik, igogailutik ateratzeko; izan ere, ezpondak eta dagoen esparru fisikoak ez dute aukerarik ematen ez eskailera mekanikorik, ez lubakiko edo lurpeko igogailurik jartzeko. Goiko aldeko geralekura igotzeko pasabidea 29 metrokoa izanen da. Goiko eta beheko sarbideetan beirazko bi markesina eginen dira, jendea euritik babesteko bai itxaronaldian bai irteeran.

Igogailu panoramiko elektrikoa da, eta 22 lagunentzako edukiera dauka (1.600 kg). Kabinaren barne-neurriak hauek dira: 1,65 x 1,95 m. 1,6 m/sg-ko abiaduran, gutxi gorabehera 11,25 sg behar dira igotzeko eta jaisteko ibilbidea egiteko, gehi beste minutu bat (60 segundo) erabiltzaileak sartzeko eta barrutik ateratzeko. Hala, 71,25 segundo horiek kontuan hartuta, orduko 50 bidaia egin daitezke, eta sar daitezkeen 22 pertsonak aintzat hartuz, teorian orduko 1.100 lagun garraiatu daitezke, gehienez ere.

Diseinuari dagokionez, izaera berbera eman nahi izan zaio igogailu-dorrearen bolumenari, corten altzairuz estalitako alboko parametro opakuen bidez eginak, eta kanpoko aldean txertatu direnak; hain zuzen, horrek dorrearen arintasuna eta bertikaltasuna areagotzen du. Era berean, pasabidearen habe-hutsak ahalik eta gehien murriztu dira, eta material bereko –corten altzairua– baranda bat egin da, pletina gisa, proiektuari arintasun handiagoa emateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!