Espainiarekin 2015etik hitzartua beharko litzatekeen itun ekonomikoa oztopatzea, abiadura handiko trenaren afera trabatzea eta Nafarroako Ubidearen garapena geldiaraztea leporatu die Uxue Barkos Lehendakariak UPN eta Madrilgo gobernuari. “Nafarroako interes orokorrei kalte egiten diete erabaki horiek, eta, interes alderdikoiak lehenesten ari dira”, esan du Barkosek Ser irrati kateko foroan.
“Batzuek sortu dituzten kezka interesdunen aurrean herritarrek benetan nahi dutena da krisia gainditzea, enplegu duina sortzea, azpiegitura egokiak izatea, osasuna eta hezkuntza eta eskubide sozialak ziurtatuak izatea”, esan du Lehendakariak. “Ez dago inongo banderen gerrarik, ez eta, hizkuntzen gerrarik ere”, nabarmendu du Barkosek. Azaldu du inoiz ez dutela Nafarroako bandera gutxietsi eta beti izan dela eta izanen dela Nafarroako eraikin publikoetan.
Legegintzaldiaren erdian izanda bere buruan 2019ko hauteskundeetan ikusten ote duen galdetuta, esan du, bere alderdiak hala nahi badu berriz ere aurkeztuko duela bere burua.
Gai ugariren inguruan aritu da lehen hitzartzean Barkos, eta gero, foro horretara hurbildu direnen galderei erantzun die:
-Legegintzaldiaren erdia pasata, zer ikusten duzu ispilu aurrean begiratzen zarenean?
Lan talde bat lideratzen duen pertsona ikusten dut ispilu aurrean. Talde bat aldaketa ziurtatzeko gai dena. Protagonismorik gabea. Aldaketa bat guztion artean egindakoa. Gai izan dena aurrekontuak onartzen eta ekimen desberdinak aurrera eramaten. Duela bi urte baino nekatuagoa dagoen pertsona ikusten dut ispilu aurrean, baina, indar, sinesmen eta gogo berdinekin.
- Zenbat geratzen da jasotako heredentziaz zorrari dagokionez?
Buelta eman zaio parte handi bati nahiz eta oraindik lan handia geratzen den egiteke. Ogasun Departamentuak eta Mikel Aranburu kontseilariak sekulako lana egin dute eta egiten ari dira egoerari buelyta guztiz emateko. Oraindik kontuak ordenatzen segitzen dugu, guztiz deseginda zegoen arloa orekatzen.
-Kataluniako erreferendum legez kanpokoa babesten duzu?
Elkarretaratzea egin genuen Kataluniak bizi duen egoera ezohikoa kritikatzeko, salatzeko eta elkarrizketaren bidea babesten ari gara. Politikaren bidea da Katalunia bizitzen ari den egoerari irtenbide emateko. Erreferenduma legez kanpokoa da, hala erabaki dutelako Espainian. Baina gogoan izan behar da, garai batean emakuemeok ezin genuela botorik eman, eta zer egin zen horri aurre egiteko? Legea aldatu.
-EAJ-PNVk eta EH Bilduk Kataluniaren antzerako prozesu bat abian jarriko balute, babestuko zenuke?
Kasu horretan asko izanen dugu hitz egiteko. Politikoki babes osoa emanen diot, ez ordea presidenta gisara.
-Hitzarmen ekonomikoa eta abiadura handiko trena, zertan dira?
Hitzarmen bat bestearekin ez daude lotuta. Ordenean adostu beharreko bi afera dira. Oinarrizkoena hitzarmen ekonomikoa izanda, lehenbizi hori da loturik geratu behar dena. 2015ean izan behar zen sinatuta. Espero dugu ikasturte hasiera honetan hitzartzea.
-Abiadura Handiko Trenaren lizitazioa zergatik ezin da aurten egin?
2010eko hitzarmena da abian dagoena une hauetan. Hitzarmen horretan Nafarroak du lizitatzeko ardura. Castejon eta Canpanas artean 14 kilometro baino ez daude eginak. UPNk promes egin du bete ezin duena. Guk, hitzarmen horrek agintzen duena, betetzea ezinbestekoa dena egin dugu.
Finantziazio beste modu bat aurkitzera jo behar dugu orain, Nafarroak ez ditzan kalterik izan, beste tren eredu baten bila jo behar dugu eta korridore guztia hartu behar dugu aintzat, Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura egin eta modu horretan Europarekin lotura izateko. Bestela inondik inora doan trena izanen dugu eta horrek ez du zentzurik.
2018an ez du Nafarroako Aurrekontuetan diru partidarik izanen aurten ez delako deus ere lizitatuko. Ez gabiltza garaiz seriotasunez aurten lizitazioa egiteko, ez dugu interes alderdikoengatik azeleratuko.
-Noiz izanen dugu AHTa?
Aurreko Gobernuek 2017an amaitua izatea aurreikusi zuten. Epeak jarri eta jarri aritu dira eta 25 urtean 14 kilometro baino ez dituzte egin. Ahalik eta azkarren beharko du izan, baina zentzuz eginda.
-Zein da Espainiarentzat Estatu eredurik egokiena?
Konstituzioaren aldaketa beharrezkoa dela erakutsi dute azken urteotako gertakariek. Desberdinen aitortza egon behar da. Espainia mailan gutxiengoa diren baina euren erkidegoetan, euren errealitateetan gehiengoa direnen aitortza beharrezkoa da.
-Noizko Nafarroan zergen jaitsiera?
Galdera aldatuko nuke: noizko zerbitzu publiko onenak? Nafarroan guztion dirua kudeatzen dago gakoa. Zerbitzuak ziurtatu behar dira eta duindu. Ezin ditugu herrialde nordikoek dituzten zerbitzu publikoak izan zerga gutxi ordainduta.
-Hezkuntza Kontseilari aldaketa bezala, ez luke Beaumontek ere dimititu behar?
Mari Jose Beaumontek eta haren taldeak egindako lanak nire babes osoa du. Urte eta erdiz aritu dira Polizien Legea planteatzen eta proposatzen eta lan eskerga izan da.