Hiru urte eta erdi daramatzate dagoeneko saltokien zifra positiboak lortzen. Horrek ez du esan nahi denek modu berean nabaritzea hazkundea. Denda-kateek lortu dute bereziki haztea eta hori saltoki txikien kalterako izan dela erakusten dute Nafarroako Estatistika Institutuak emandako datuek. Komertzioen negozioa %8,8an hazi da eta hori da hain zuzen azken urteotako igoerarik handienetakoa.
Denda kate handiek zein txikiek lortu dute hobekien aurre egiten krisiari eta kaltea nabaritu dute saltoki txikiek. Dagoeneko hamar hilabete dira galerak dituztela azken horiek. Uztailean esaterako %0,7 egin zuen behera saltokien salmentak eta saltoki handi eta ertainek hurrenez hurren %1,7 eta %0,5 egin zuten gora salmentetan.
Krisitik ateratzen ari garela diote askok, baina, denek ez dute modu berean egiten hori. Denda-kate handiek aprobetxatu dute egokien eta jakin dute hoberen krisi egoera horri nola aurre egin. Ahalmen handiagoa ere badutela erakutsi dute. Irabazi aukerak txikitu dituzte, lehiakortasuna ere bai eta etengabe aritu dira euren produktuak aldatzen eta berritzen. Estrategia hori erabilita saltoki txiki askok ezin izan diote eutsi euren negozioari eta istera behartu dituzte.
Merkealdiek tentazio gutxiago eragiten dute
Udan herritarrek egindako gastua apaldu egin da aurten eta erakusten du dagoeneko merkealdiak ez duela horrenbesteko ohiartzunik izan. Dena den, nafarrek gastatzen segitzen dute Fintonic taldearen ikerketaren arabera: 149 euro gastatu dituzte udako beherapenetan. Espainiako erkidegoekin alderatuta %15 gehiago gastatu dute nafarrek.
Aldaketa bat ere antzematen da erosketa egiterako moduan. Gero eta gutxiago jotzen da elikagaien saltoki handietara. Jakiak erosteko garaian herritarrek apustu egin dute saltoki txikien alde, gertukoenaren alde. Eta beste aldaketa handi bat izan da Internet. Sarearen bidez erosketak egitea gero eta ohikoagoa da eta hori ere elikagaien saltoki handien kalterako izan da. Autoa hartu gabe etxetik egin ditzakete herritarrek erosketa asko eta 45 urtetik beherakoen artean gero eta indar gehiago hartzen ari da.
Nafarroan elikagaien denda handien artean Eroski da preziatuena. Saltoki handienek baino ertainek gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari dira. Izan ere, auzoetan kokatuta daude eta herritarrek oso eskura dituzte saltoki horiek.