"Azalpen zentzuzko bat espero dugu, politikoa baino teknikoa izanen dena eta arrazoiak ere bai, ulertu ahal izateko zergatik hartu duten aldebakarreko erabaki hori", hitz horiek erabili ditu Nafarroako Gobernuko bozeramaleak, Maria Solanak azaltzeko gaur Madrilen izanen den bileraz espero dutena. Abiadura Handiko Trena Madrilgo Gobernuaren ardura izanen dela adierazi zuen Sustaoen Ministerioak joan den ostegunean eta ulertezintzat hartu dute jarrera eta jokaera hori Nafarroan. Gaur bilera dute eta azalpenak ematea espero du Solanak.
"Nafarroak hitzarmen bat adosteko proposamena eramanen du Madrilera gaur", esan du bozeramaleak. Izan ere, uste du ezinbestekoa dela adostea hitzarmen bat "gainerantzean Nafarroak ezin izanen du deus ere erabakia AHTaz". "Hitzarmena izatea ezinbestekoa da Espainiako Gobernuaren eskumena den arlo batean gutxieneko erabaki batzuetan esku hartu ahal izateko", esan du Solanak.
Hausturarik ez du ekarriko
Abiadura Handiko Trenaren aferak ez du haustura sozial eta ekonomikorik ekarriko. Hala uste du Solanak. Finantziazioa hitzarmen ekonomiko bidez etorriko da eta gainerakoa ere hitzarmen bidez adostea espero dute. "Trenaren aferak ez luke hausturarik eragin behar, ez du zertan", nabarmendu du.
Joko politikoa ere ikusten du afera honetan guztian. UPN PPrekin ari da. Kontuan hartu behar da azken 25 urteotan, UPNk Nafarroako Gobernuaren gidaritza zuenean adostutako Abiadura Handiko Trena bakarrik %10a egin zela, eta orain presak sartzeak adierazten du zerbait. "Madrilen beste lehentasunak ere badaude, Nafarroa erkidego txiki bat baino ez da eta dirutza eskatzen du AHTak", gaineratu du.
Informazio prozesua, abian
Parte hartze prozesurik ez du martxan jarri Nafarroako Gobernuak bai ordea informazioa helarazteko prozesua. Webgunearen bidez ematen du informazio hori. Sektore askorentzat ez da nahikoa eta parte hartze prozesua eskatzen segitzen dute. Solanak esan du, AHT egiteko eskumena Nafarroarena ez den aldetik, parte hartze prozesu batek ez lukeela zentzurik izanen, prozesu horretaneginen liratekeen proposamenak ezinen liratekeelako bete edo aurrera eraman. Horregatik, garrantzitsua da Espainiarekin hitzarmen bat adostea Nafarroak erabaki ahal izateko trenbide eta tren ereduaz.
Hezkuntzan 73 plazako Lan Eskaintza Publikoa izanen da
Gobernuko bozeramalea izateaz gainera Hezkuntza kontseilaria ere bada Solana. Ikasturte berriarekin batera lan eskaintza ere iragarri berri dute. Haur eta Lehen Hezkuntzarako 73 plaza betetzeko eskaintza izanen da. Ekainean izanen dituzte irakasleek azterketak. Bihar gainera Madrilen bilera dute Hezkuntza Departamentuetako arduradunek, jakiteko zein den erkidego bakoitzeko erreposizio tasa.
2017-2018 ikasturtean badira beste zenbait berrikuntza. 65 ikastetxek eskaintzen dute lehenengoz jardunaldi jarraitua, 59 ikastetxek lehenengoz. "Ongi hasi dira berrikuntza horrekin. Aurrerago ikerketa eginen dugu aztertzeko zein alde on dituen eta zein alde txar", azaldu du Solanak.
Ingelesez ikasteko programa izanen dute beste sei ikastetxe gehiagok. "Eurek hala erabaki dutelako izanen dute programa hori, ez da inolaz ere deus inposatu", azaldu du. Gero eta irakasle gehiago ari dira prestatzen programa horretan eskolak eman ahal izateko.
Euskara gero eta zabalduago
D eredua urtetik urtera gero eta zabalduago dago. Aurten lehen aldiz Allon, Antzinen eta Erriberrin izanen dute aukera ikastetxe publiko batean euskaraz murgiltzeko. Eta guraso zein haurrekin batera herri horien inplikazioa oso garrantzitsua izaten ari da euskararen bultzadarako.