Komunitatearen komunikabidea

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 18a, 07:51

Euskalerria Irratiaren kolaboratzaileen artxiboko irudia

Euskalerria Irratiak gaur hasiko du denboraldia, gizarte eragileek programazioan duten parte hartzea indarturik.

Gure komunitateak esku hartze are handiagoa izanen du gure komunikabidean, denboraldi berrian. Hiru adibide: Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeen koordinakundeak, Iruñeko Ingurumen Museoak eta Uharte Arte Zentroak atal berri bana estreinatuko dute. Arratsaldeko saioan tertulia sozial gehiago izanen dira. Goizeko magazinean, sortzaile gazteei tarte zabalagoa eskainiko zaie.

Euskalerria Irratiak oso argi baitu Iruñerriko euskaldunon komunitatearen komunikabidea dela. Komunitate horren plaza izatea dela haren ezaugarri behinena. Horregatik dituela beste edozein irrati txikik nekez lor dezakeen altxorra: 170 kolaboratzaile, jakintza alorrari, ideologiari, adinari  dagokienez askotarikoak, programazioan musu truk esku hartzen dutenak.

Iruñerriko programaziorik zabalena

Iruñerrian, Euskalerria Irratiak beste inork baino ekoizpen propioko programazio zabalagoa du. Programazioaren bizkar hezurra, albistegiek eta magazinek osatzen dute.

Goizeko magazina, Metropoli Forala, Pello Argiñarenak eta Juan Kruz Lakastak gidatuko dute, ohiko kolaboratzaile talde zabalak lagundurik: Aingeru Epaltza eta Elixabete Garmendia bezalako beteranoak, edo Isa Egiguren kazetaria, The Icer Company musika taldeko kide Iker Cia, edo Raperos de Emahus-eko rapero Ritx bezalako hasiberriak.

Irrintzi Plazak, arratsaldeko saioak, Txari Eleta eta Reyes Ilintxeta izanen ditu buru, haiek ere kolaboratzaile andana izanen dituzte. Haien artean, arestian aipaturiko Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeen koordinakundearen, Iruñeko Ingurumen Museoaren eta Uharte Arte Zentroaren ordezkariak.

Goizeko albistegia Mikel Bujandak gidatuko du. Eguerdikoa Iruñerrian Gaur, Maialen Uhartek. Eta Saioa Alkaiza euskalerriairratia.eus webgunearen gidaritzaz arduratuko da. Albistegietan, analista lanetan ariko dira, besteak beste, Diario de Noticias egunkariko Ibai Fernandez, eta Berria kazetako Joxerra Senar.

Elkarlana zabaltzen

Iruñerriko gizarte eragileekin elkarlanean aritzeaz gain, Euskalerria Irratiak elkarlanean tarteak egiten ditu hainbat hedabiderekin. Lehenik eta behin, nafarrekin: Xorroxin, Karrape, Aralar, Irati eta Guaixe. Horretaz gain, Euskal Herriko hainbatekin: Euskal Irratiak, Hala Bedi, Bilbo Hiria, Argia, Berria…

Aurten, gainera, EUskalerria Irratiak Euskadi Irratia eta France Blue irrati publikoek elkarlanean egiten duten Zubiak saioan parte hartuko du. Ekimena Nafarroa-Akitania-Euskal Autonomia Erkidegoa euroeskualdeak laguntzen du. Saioa Alkaiza arduratuko da saiorako erreportajeak egiteaz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!