Hitzarmen Ekonomikoa berritzea, abiadura handiko trenarekin zer eginen den erabakitzea, enplegua sortu eta kalitatezkoa izanen dela ziurtatzea eta aurrekontu zein fiskalitate berriaren sendotzea dira Nafarroako Gobernuaren lehentasunak ikasturte berrirako. Uxue Barkosek esan du Diario de Noticias egunkarian egindako elkarrizketan.
Ez da erraza izanen baina “gogotsu” eginen die aurre erronkei Barkosek. Duela bi urte baino errealitate sozial, politiko eta ekonomiko hobea du Nafarroak haren ustez eta ez da inongo “apokalipsirik” izan oposizioak iragarri bezala. Gobernura iritsi eta berehala ohartu ziren zenbaterainokoa zen “larrialdi sozialari” aurre egin behar zitzaiola. Hori izan da bi urteotan egin beharreko lehenengo lana eta bi urteotan “Nafarroako Ogasunaren zuloa” estaltzea lortu dutela nabarmendu du Barkosek.
Autokritikaz ere mintzatu da elkarrizketan Lehendakaria. “Izan dira akatsak, eta asko gainera. Zenbait, esperientziarik gabe iritsi garelako Gobernura”, esan du. Akats horietako asko zuzentzen ahalegindu direla ere uste du. Dena dela, Nafarroa modu globalean begiratzen hasita, beste erkidego asko baino modu “egonkorragoan” ari da hazten, zerbitzu publikoen kalitatea berreskuratzen ari dela ere esan du eta murrizketei aurre egiten ari zaiela.
Sektarismotik urrun
Diktadura nazionalista egiten ari direla leporatu berri die UPNko presidente Javier Esparzak. Aurretik ere alderdikoiak zirela eta gutxi batzuentzat gobernatzen aritzea leporatu izan die. Barkosek uste du aldaketa “anitza, inklusiboa eta gizarte osoari begirakoa” dela uste du. Nafarroaren aniztasunari erantzun egokiago ematen ari zaiola uste du Lehendakariak.
Euskararen inposizioa
Bi horiek erabiltzen ditu oposizioak Gobernuaren aurka egiteko. Ikurriña eta euskara inposatzen aritzea da leporatzen dietena zehazki. “Nafar guztion ondare da euskara eta denok dugu eskubidea, eta ez obligazioa, euskaraz hitz egiteko. Administrazioak egin duen bakarra eskubide hori ziurtatzeko tresnak ematea izan da”, nabarmendu du.
[Elkarrizketa osoa gaztelaniaz Diario de Noticias-en. ]