Orreagako 778ko bataila oroituko du Orreaga Fundazioak

Euskalerria Irratia 2017ko abu. 3a, 08:28

Carlomagnoren tropak garaitu zituzten nafarrak izanen dituzte gogoan, abuztuaren 5ean, Iruñean eta 12an, 14an eta 15ean, Orreagan. Ekitaldia, antzerkia, bertsoak, mendi martxa... egitarau zabala prestatu dute.

778ko abuztuaren 15ean, Orreagan, Karlomagnoren tropak garaitu zituzten euskaldunak omendu nahi ditu Orreaga Fundazioak, ohi duen eran, eta horretarako, ekitaldiz beteriko egitaraua aurkeztu du: lehen ekimena, larunbatean, hilaren 5ean, Iruñean. Redineko bastioian oroituko dute gudua: Orreaga-kapare taldeak hainbat abesti eskainiko ditu; Aitor Pescador historialariak pregoia emanen du; dantzak, Amaiur dantza taldeak; eta 778ko biktimak omentzeko lore eskaintza ere izanen da. 

12an, 14an eta 15ean ere, ekimen ugari

Ez da hori izanen ekintza bakarra. Abuztuaren 12rako, 14rako eta 15erako makina bat ekitaldi prestatu dituzte. 12an, martxa eginen dute, Aurizberriko kanpingetik abiatuta, "oso martxa arina, denentzat egokitua", Karmele Galarza antolatzailearen hitzetan. 14an, 20:30ean, kontzertua izanen da, Orreagan eta, 21:30ean, antzerkia: Eneko Aritzaren erregetzea.

Nafarren omenez, egun handia

Abuztuaren 15ean egun handia izanen da. 10:00etan mendi martxa abiatuko da Aurizberritik Orreagara; 12:00etan, Orreagan, omenaldia eginen diete 778an Carlomagnoren tropen kontra borrokatu zirenei eta bertsolariak, abeslariak, trikitixak eta beste izanen dira. Ibañetara ere martxa eginen dute; bertan, oroitarri bat dago, "inbaditzaileen omenez" Nafarroako instituzioek ezarritakoa; horregatik, Galarza kexu azaldu da, monumentua egon beharko ez litzatekeelakoan. 

Plakaren zain

Ekitaldiez gainera, bestelako asmoa du Orreaga Fundazioak esku artean: Iruñerriko harresietan plaka bat jartzea, Carlomagnok "birrindu" zuela oroitarazteko, "iruindarrak bortxatuz eta hiria sarraskituz". 

Nafarroako Gobernuak plaka ipintzeko aurrekontua onartu badu ere, Iruñeko Udalarekin bildu behar dira Orreaga fundazioko kideak, proposamena egikaritu dadin. Oraindik ez dute bilerarik egin eta udalak ez du plaka ipintzeko urratsik egin, Orreaga Fundazioko kideek aburuz, horregatik "epel" jokatzea leporatu diote, eta instituzioek gaiari merezi duen tratamendua eman diezaioten eskatu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!