Graduan sartuko diren ikasleentzako bost ikastaro antolatu ditu NUPek

Euskalerria Irratia 2017ko abu. 2a, 08:18

Argazkia: Zero ikastaroak komenigarriak dira ingeniaritzak ikasiko dituztenentzat. Praktiketako ikasleak TIIGMETeko lantegietako batean.

Monografikoen helburua da ikasleei, bakoitza zein titulaziotan matrikulatu den, bere titulazioari buruzko gaietarako sarrera eta metodologia oinarriak ematea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) gaur, abuztuaren 1ean (asteartea) ireki du epea bost zero ikastarotan izena emateko, heldu den 2017-2018 ikasturtean graduko ikasketetan hasiko diren ikasleentzat. Monografiko horiek abuztuaren bigarren hamabostaldian emango dira, eta helburua dute ikasleei, bakoitza zein titulaziotan matrikulatu den, bere titulazioari buruzko gaietarako sarrera ematea, beren Batxilergoko edo Lanbide Heziketako prestakuntza sendotzeko eta Unibertsitatean erabilgarriak gertatuko zaizkien metodologia oinarriak emateko. Matrikula interneten bidez egin beharra dago, abuztuaren 10etik aurrera, Unibertsitatearen webgunearen bidez.

Hauek dira ikastaroak: Estatistika, Adierazpen Grafikoa, Fisikaren Hastapenak, eta Matematikako bi ikastaro bereizi, alde batetik, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien goi mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) ikasleentzat, eta, bestetik, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) ikasleentzat.

Ikastaroek izango dituzten egunak, orduak eta titulazioak ikusgai daude NUPen webgunean. Hogei ordukoak diren ikastaro horietan parte hartzeak ez dakar irakaskuntza kredituen aitorpenerako eskubiderik.

Onartuen zerrenda abuztuaren 11tik aurrera argitaratuko da Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean eta Unibertsitatearen webgunean. Ikastaroa ez bada ematen, eskatzen den gutxieneko ikasle kopurura (15 ikasle) iritsi ez delako, ordaindu diren tasak itzuliko dira, matrikula egitean ikasleak eman duen kontu korronteko zenbakian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!